Sautrela 469: Ana Malagon, irakurle klubak eta Zer demontre dago aulkien azpian?

Sautrela 469: Ana Malagon –

Duela hiru urte argitaratu zuen Ana Malagonek bere opera prima, mikroipuinez osaturiko Lasai, ez da ezer gertatzen izenekoa eta irakurle ugarik estimu handiz jaso zutena. Dirudienez, sormen bulkada horri segida eman eta bigarrena argitaratu du udaberri honetan, Gelditu zaitezte gurekin. Oraingoan, baina, mikroipuinak gabe, ipuin luzeagoz hornituriko liburua dugu, guztiak ere giza harremanen gozo eta, bereziki, gazietan kokatuak. Aurreko liburuan jada erakutsi zigun begirada zoli eta zorrotz hori bera da nagusi, baina oraingoan arnas luzeagoan. Pertsonaia margotsuagoak, istorio zabalagoak, garapen handiagoak eta abarrekoak. Malagon etorriko zaigu, beraz, aste honetako saioan eta kontatuko dizkigu liburu berriaren nondik norakoak zein aurrekoak utzi zion zaporea.

Jarraian, irakurle klubak izango ditugu protagonista erreportajean. Dakizuenez, azken urteotan ugaritu egin dira inguruotan, eta Euskal Herriko herri askotan aurkitzen ahal dira hilero-hilero (normalean) liburu baten bueltan biltzen diren lagunarteak. Taldeon helburuez, dinamikez eta mota ezberdinez jardungo dugu, hala, aste honetan. Nork hautatzen ditu liburuak? Zelako esperientzia izaten da irakurleentzat? Zein gai izaten dute hizpide?

Saioaren amaieran Asun Agiriano etorriko zaigu haur eta gazte literaturaz mintzatzera, kasu honetan Harkaitz Canok eta Lorena Martinezek sortutako Zer demontre dago aulkien azpian? liburu bereziaz. Pamiela editorialak emana argitara, bere generoko iazko liburu aipatuenetakoa izan dugu. Bukatzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak ere izango ditugu.

Hau guztia, larunbatean izango dugu ikusgai, baina, kasu, ohiko ordutegiaren ordez goizeko 10:30tan izango da. Italiako Giroaren emisioaren karietara ordutegi horixe izango du saioak maiatzean zehar.

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Sautrela 469: Ana Malagon, irakurle klubak eta Zer demontre dago aulkien azpian?

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude