Sautrela 466: Xabier Mendiguren, John Berger eta Koadernoa zuri antzerkia

Sautrela 466: Xabier Mendiguren, John Berger eta Koadernoa zuri antzerkia >

Euskal literaturan pertsona aski esanguratsua dugu Xabier Mendiguren. Idazle oparoa ez ezik Elkar argitaletxeko editore dugu, eta oraingoan duela hilabete batzuk argitaratutako azken nobelaren karietara ekarri dugu Sautrelara. 2016. urtearen hondarrean plazaratu zuen Alsina, nobela aski berezia bere sormen prozesuari dagokionez, Mendiguren berak ondo kontatuko digun moduan. Bi istorio gurutzatzen ditu kontakizunak. Batak, Alsina izeneko protagonistaren eta bere familiaren ingurukoak narratzen dizkigu, 36ko Gerratik aurrerakoak. Besteak, bi politikariren solasaldi bat du erdigunean, zeinak euskal gatazkako 80. hamarkadako kontuak dituen mintzagai. Nobelaren nondik norakoez, bertan jorratzen diren gaiez zein obra idazteko forma eta idazkeraz hitz egingo digu Mendigurenek aste honetan.

Erreportajean idazle zendu berri bat eta bere obra ekarriko ditugu gogora. Urtearen hastapenarekin joan zitzaigun John Berger eta haren soslaia emango digute Ixiar Rozas eta Hasier Rekondok. Idazle bakana izan da Berger, sormenaren ertz ugari kurritu dituena, eta fikziogile gisa ez ezik saiakeren idazkuntzan nabarmendu da, batez ere arteari buruzkoetan. Gainera, esango genuke euskal literaturan aski estimatua izan den autorea dugula, aste honetako erreportajean azalduko zaigun gisara.

Jaime Valverde etorriko zaigu saioaren bukaeran, kasu honetan Hika Teatroa-k taularatutako Koadernoa zuri antzerkiaz mintzatzera. Arantxa Iturbek idatziriko obra honek —berriki nobela gisa ere plazaratua— herri txiki  bateko familia itogarri baten istorioa kontatzen digu. Obraren ezaugarri eta berezitasunez solastatuko zaigu Valverde antzerkigintzari eskainiriko tartean. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango ditugu baita ere.

Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen