Sautrela 462: Joxe Austin Arrieta, antzerki idatzia eta Treblinkara azken trena

Sautrela 462: Joxe Austin Arrieta

Joxe Austin Arrieta euskal literaturako idazle erreferentziazkoa dugu ezbairik gabe. Abuztuaren 15eko bazkalondoa nobelarekin laudorio zaparrada jaso zuen 70. hamarkadaren hondarrean, eta gerora klasiko garaikide bihurtu da liburua. Ondorengo Manu Militari eta Sautrela 462: Joxe Austin ArrietaTerra Sigilata nobelek ere apustu literario bakana osatu dute. Horretaz gain, poesiagile moduan ere ibilbide sendoa izan du Arrietak. Bide horretako azkeneko harria dugu Estalien gradora poema liburua, Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratu zuena orain hilabete batzuk. Larunbateko solasaldian, bada, liburuari buruz eta bere idazletzari buruz mintzatuko zaigu Arrieta. Beste proiekturik eskuartean duen ere galdetuko diogu, edo, duela gutxiko elkarrizketa batean iradoki zuen gisara, ea honakoa izango den bere azkeneko sormen lana.

Erreportajean antzerki idatziari buruz jardungo gara. 2016. urtea oparoa izan da, batez ere kalitateari dagokionez, antzerki argitaratuari dagokionean, eta horren harira antzerkia argitaratzeak ze funtzio eta zelako harrera duen galdegingo diegu geure buruei. Xabier Mendigurenek ­—antzerki ugari idatzitako idazlea bera—, eta Ainara Gurrutxagak —Dejabu konpainiako aktore eta antzerkigilea— emango dizkigute  antzerki argitaratuaren klabeak.

Saioaren bukaeran ere antzerki kontu gehiago izango dugu. Izan ere, Jaime Valverdek Treblinkara azken trena obra izango du hizpide. Eszenaratze ausarteko obra dugu, eta antzezlanaren ezaugarri nabarmenenak aletuko dizkigu gure antzerki kritikariak. Bukatzeko, Baionako Elkar, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu dendetako gomendioak izango ditugu orobat.

Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen
Sautrela 462: Joxe Austin Arrieta, antzerki idatzia eta Treblinkara azken trena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude