Sautrela 416: Joyce / Xabier Olarra, T.S. Eliot eta Manu militari

Beste ikasturte bati ekingo diogu Sautrelan aste honetan, eta ez nolanahi gainera, euskal literaturarentzat mugarria izango den liburu bat izango dugu eta protagonista.

Xabier Olarra itzultzaileak James Joyce-n obra ezagunena, Ulises, ekarri du euskarara eta hari buruz jardungo gara elkarrizketaren atalean. 1922an argitaratua, XX. mendeko nobela handienetakotzat jotzen da ezbairik gabe Leopold Bloom-en Dublingo egun bateko ibilerak kontatzen dituen kontakizuna. Homeroren Odisea-ri etengabe keinu egiten dion nobela dugu, eta itzultzeko lan zailenetakoen artean kokatu ohi da halaber. Zergatik ote? Ze zailtasun topatu ote ditu Olarrak Ulises euskaratzeko?

Joyce modernismo anglosaxoiaren izen handienetako bat bada, horietako beste bat dugu T.S Eliot. Hura hil zela berrogeita hamar urte igaro direla profitatu dugu erreportajean haren soslaia emateko. XX. mendeko poeta eta kritikari entzutetsuenetakoa izan zen, The Waste Land bezalako lan gorenen egile. Elioten bizitzaren eta obraren nondik norakoak azalduko dizkigute Joxemari Iturralde idazleak eta Iñaki Aldekoa editore eta kritikariak.

Azkenik, Beñat Sarasolak Joxe Austin Arrietaren nobela bat izango du mintzagai, Manu Militari. Liburu konplexu eta landua, Arrietaren bigarren nobela izan zen hura, 1987an plazaratu zena. Protagonista soldaduskan dela, haren maitalearekin izandako karta-trukea da istorioaren erdigune.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Joyce - Sautrela 416: Xabier Olarra, T.S. Eliot eta Manu militari

Ikusi saioa osorik hemen

Sautrela 416: Joyce / Xabier Olarra, T.S. Eliot eta Manu militari

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude