Sautrela 393: Luis Garcia Montero, zientzia eta literatura, E Pericoloso Sporgersi

Luis Garcia Montero

Gonbidatu berezia izango dugu Sautrelan aste honetan. Tarteka, kanpoko literaturetako idazleak ere ekartzen ditugu gurera, eta horietako bat izango dugu gurekin honakoan: Luis Garcia Montero poeta espainiarra. Bere belaunaldiko poeta nabarmenetako bat da zalantzarik gabe Luis Garcia Montero, “esperientziaren poesiaren” edo poesia errealistaren barruan kokatu ohi dena. Literaturako irakasle dugu halaber Granada-ko unibertsitatean eta literatur kritikari lanetan ere ibilia da. Eztabaida sutsuak eduki izan ditu poesiaren inguruan, eta oso kritiko agertu izan da poesiaren joera esperimental muturrenekoekin. Hogei urte bete dira bere lan ezagunena, Habitaciones separadas, argitaratu zuela Visor-ek, eta hori dela eta obraren berrargitarapen berezi bat atondu dute, non poema originalak beste poeta eta kritikarien iruzkinez lagunduak datozen. Liburuaren karietara bere obraren errepasoa egiteko eta poesiaren inguruan dituen ideietan sakontzeko aprobetxatuko dugu, baita Espainiako egungo poesiaren inguruan zer pentsatzen duen jakiteko ere.

Erreportajean ezohiko bi esparru gurutzatuko ditugu, literatura eta zientzia. Sarritan bi eremu oso bereizitzat jotzen ditugu, elkarren hartu-emanik ez bailuten. Aitzitik, ezertan lagun al dezake zientziak literatur ikerketan? Zer esaten digu zientziak, eta bereziki neurozientziak, irakurtzeko prozesuaren edo sormen prozesuaren inguruan? Mestizajes izeneko jardunaldi batzuk antolatu dira berrikitan Donostiako International Physics Center-en non zenbait adituk bi esparru hauen arteko gaiak landu dituzten. Hala, jardunaldiotara gerturatu eta Itziar Laka hizkuntzalariarekin eta Clara Martin ikertzailearekin mintzatu gara gai horien gainean.

Azkenik, Beñat Sarasolak gure idazle aktibo estimatuenetako baten lehen nobela gogoraraziko digu: Pello Lizarralde-ren E Pericoloso Sporgersi. Liburu hartan ipini zituen gerora landuko zuen nobelagintzaren oinarriak: kontaera xehe eta pausatua, narratzailearen begirada zinematografikoa… Nobelan kontatzen direnak izango ditu mintzagai Sarasolak, eta gaur egundik nola irakurtzen ahal den azalduko digu.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.