Sautrela 377: saioaren aurrerapena (Iñigo Aranbarri)

Sautrela 377: saioaren aurrerapena (Iñigo Aranbarri)

Iñigo Aranbarri

Duela gutxi zendu den poeta handi bat izango dugu hizpide erreportajean aste honetan. Leopoldo Maria Panero, Madrilen 1948an jaioa, poesia espainiar garaikideko izen nabarmenetako bat izan da dudarik gabe. Poeta eta intelektualez jositako familia bateko kide, bere buru-eritasunak bizitza ez ezik obra markatu zion poeta izan zen. Hainbat erietxetan bizitakoa, Arrasatekoan ere bizi izan zen 80. hamarkadan, eta ordukoa da hain zuzen ere bere lan ezagunetako bat: Poemas del manicomio de Mondragón. Aski ezaguna da, halaber, Panero familiaren erretratua eskaini zuen El Desencanto filma, Leopoldo Maria gaztea azaltzen zaiguna. Poetaren bizitza eta obraren kontuak argitzen ahaleginduko gara, bada, larunbateko saioan. Izan ere, idazle gutxitan bezala uztartzen dira bi alderdi horiek, bizitza eta obra, Panerorengan.

Elkarrizketan gure arteko poeta garrantzitsu bat izango dugu gurekin baita ere, nahiz eta azken boladan nobelari emana dagoen gehiago: Iñigo Aranbarri. Eleberria da ere, izan ere, bere azkeneko lana, gurean aztertuko duguna, Apirila izenekoa. Egungo krisi ekonomikoan eta, batez ere, XVIII. mendeko Azkoitiko matxinadan kokatutako istorioa, ingurune etsai baten aurreko gizabanakoaren borroka ageri zaigu islaturik. Aranbarriren ohiko estilo landuz idatzia, iragana eta oraina lotzeko abilezia nabaria erakusten duen kontakizuna dugu. Horretaz ariko gara, beraz: zer aurkitu ote du interesgarri Aranabarrik Azkoitiko matxinada hartan? Nola bihurtu literatura-gai Azkoitiko Zalduntxo sonatuak?

Beñat Sarasolak euskal berpizkundeko liburu nabarmenetako bat berreskuratuko digu: Lauaxeta-ren Arrats beran poema liburua. Lizardi eta Orixerekin batera garaiko euskal idazle garrantzitsuena izan genuen Lauaxeta, eta adituen arabera, Arrats beran dugu bere lanik borobilena. Liburu haren eta bere testuinguruaren inguruko argibideak emango dizkigu Sarasolak.

Hori guztia izango dugu, beraz, gaur 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.

Sautrela 377: saioaren aurrerapena (Iñigo Aranbarri)