Sautrela 371. saioaren aurrerapena (Luis Garde)

Luis GardeLuis Garde poesiari emanda idazten duen iruindarra dugu. Sei poema-liburu plazaratu ditu azkeneko hamar urtean eta horietako azkenekoari buruz mintzatuko zaigu aste honetako elkarrizketako atalean. Trenen abiadura izena du liburu horrek eta bi poemaz osatua dago, atariko bat eta beste poema luze bat. Trenak berebiziko garrantzia du poemaren taxueran; alde batetik ni poetikoaren Bartzelonatik Venezia-rako bidaia baten akordua azaltzen zaigu, eta bestetik ni hori bera etxean ordenagailuaren aurrean Youtube atarian Transiberiarraren bidaia baten bideoa ikusten. Bi plano horien elkarreraginetik osatzen da poema, bada. Italiak, Errusiak eta beren kulturek pisu berezia dute eta baita treneko enkontru amodiozko iheskor batek ere.

Erreportajean duela hamarkada batzuk boladan egon zen literatur korronte bat izango dugu aztergai: errealismo magikoa. XX. mende erdialdean famatu zen literatura mota hori Hegoameriketan nagusiki, eta horren baitan kokatu ohi dira Juan Rulfo eta Gabriel Garcia Marquez idazle handiak esate baterako. Genero hori zertan den galdegin diogu, hala, gure buruari. Finitu al da literatura mota hori? Ba al da egun harekin erka daitekeen idazle edo obrarik? Ze punturaino izan zen bolada puztu bat? Eta euskal literaturari dagokionez, esan al daiteke errealismo magikoak eraginik izan duenik?

Amaitzeko, BeƱat Sarasolaren berrirakurketan 90. hamarkadako nobela esanguratsu bat izango dugu hizpide: Aingeru Epaltza-ren Ur uherrak. Funtsean Nafarroako ipar-ekialdeko herrixka batean lekututako istorioa, bortizkeria mota askoren erretratu gupidagabea da nobela, euskara aski landu eta berezian ondutakoa.

Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.

Aingeru Epaltza, errealismo magikoa, luis garde, Sautrela, trenen abiadura, ur uherrak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude