Sautrela 352. saioa

2013-10-03 16.50.31Sautrela saioaren itzulera zorionekoa ailegatu da azkenik, bi urte baino gehiagoko etenaldia ondoren. Hamahiru urteko ibilaldia egin genuen 2000. urteko udaberritik 2013ko udaberrira arte, eta birjaiotza honetan orduko hartako hastapeneko urrats berak emango ditugu, Gabriel Arestik T.S Eliot-engandik ikasi bezala, denbora presentea eta denbora pasatua present direlako biak denbora futuroan.

Kirmen Uribek eta Miel Anjel Etustondok ondutako erreportaje batekin hasiko gara, hala; hain zuzen Gabriel Arestiri buruzko erreportaje bikain batekin. Lana bi zatitan banatua dago eta larunbat honetan ikusiko dugu lehena eta hurrengoan, berriz, bigarrena. Hor jasoko ditugu, besteren artean, Anjel Zelaieta, Koldo Izagirre eta Natxo de Felipe-ren testigantzak, Arestik osatutako kantuetako letren doinuek eta Iker Treviño-ren errealizazioak lagundurik. Arestiren poetika, aiurria, elkarlana, ezinikusiak… denetarik ikasi ahalko dugu erreportajetik.

Elkarrizketaren atalean Miren Agur Meabe izango dugu gurean, aurten zeresan handia ematen ari den liburu batekin, Kristalezko begi bat-ekin. Aurretik poesian nabarmendua batez ere, liburu honek literatur zale ugariren ahotan ipini du Meabe.

Bestetik, atal berri bat estreinatuko dugu. Beñat Sarasola etorriko zaigu astero euskal literaturaren ondareko liburu batekin. Liburuon garrantzia ez ezik egungo ikuspuntutik nola irakur daitezkeen azaltzen saiatuko da Sarasola. Saio honetan, Txomin Agirreren Kresala-z mintzatuko zaigu.

Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 14.55etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.

Zer duzu buruan “Sautrela 352. saioa”-ri buruz

  • Zorionak! Sautrela bezalako saio bat ezinbestekoa da ETBn.
    Berrirakurtzeko liburuen atala oso interesgarria iruditu zitzaidan.
    Zuen jarraitzaile fidel bat