Sarriri sari?

Telefonoa joka hasi da, esateko gauza handirik ez daukadan arren. Gainera ez dut ezer esan nahi, badakidalako ez daukadala gauza funtseskorik esateko. Nor naiz ni, jauna, zure etxean sartzeko? Etc, etc.

Hala ere, premiazko eta arrapataka egindako gogoeta zenbait Euskadi Saria Joseba Sarrionandiari joan zaiola eta.

1- Euskadi Saria ez da lehiaketa bat eta, nik dakidala, Sarrik ez du bere burua edo lana bertara aurkeztu. (Beharrik ere ez). Argitaletxeak egingo zuen hori, egitekotan.

2- Sariaren antolatzaileek jakingo dute saria nori eman edo nori ez, baina ezinezkoa da inor saritzea saririk batere eman gabe.

3- Nik dakidala, Euskadi Sarien oinarrietan ez dator Justiziarekin zorrak kitatuta eduki behar dituzunik. Hala ere ulertzekoa da antzeko zerbait egotea “lege orokorragoetan”. Baina hala bada, gobernuek beti begiratzen al dute saritzen dutenak kitatuta dituztela euren zorrak Justiziarekin? (Loteria daukat gogoan, bereziki).

4- Sariaren jabea, Jaurlaritza, alegia, ohartzen al da zernolako kakazaharra ekarri dion gainera Sarrionandiari: denen ahotan dabil berak eskatu gabeko saltsa batean, ezin du bere burua defendatu eta, gainera, ez (omen) du saririk jasoko. Ederra mesedea egiten diotena Iurretakori.

5- Denon agerian baino, eztabaida euren artean egin eta erabakia Kultura sailekoek epaimahikideekin hartu behar zuten, saria bera, idazle jendea eta Sarrionandia zipriztindu gabe. Arazoa baten bat ezin saritua bada, nola sarituko dute, ba? Ezin badute saritu, ez saritu eta kito. Epaimahaiak dimititu egingo zukeela? Hori beste enbor bateko ezpala litzateke. Izanak izan, ez dirudi epaimahaiburua ere oso ados dagoenik gertatutakoarekin, honakoa dioenean: “Polemika edo zeresana sortuko zuela bagenekien eta kezka hori esplizituki aitortu dugu epaia ematerakoan. Guri, halere, ez zitzaigun ezer komunikatu antolaketaren aldetik. Gainera, Sarrionandiak sariketara aurkezteko baldintza guztiak bete ditu. Hori esan ondoren, aipatu behar dut ez zaidala ondo iruditu Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia. Hedabideetan irakurrita enteratu naiz, gainera. Pertsona batek, bere berezitasun guztiekin, baldintza formal guztiak beteta sariketara aurkeztu da eta sariketa hori irabazi egin du. Baldintzarik ez badu betetzen saria irabazteko, sariketara aurkezteko ere ez”.

6- Ildo beretik azpimarra: nola onartu dute sariketan eskuartzea  saria merezi izateko gai ez (omen) den norbait/zerbait?

Eskerrak duela gutxi Sarrik esan zuen moduan, berak ez duen elefante zuririk ezertarako behar.

Eta behin honaino iritsita, ez esan niri ez daukanik balbea Euskadi Sariak: noiz balioko du ekartzeko poz apur bat nola jabeei, hala idazleei? Noiz balioko du kakanahasteak haizatzeko baino, letrak eta idazleak goratzeko eta irakurzaletasuna handitzeko?

 

 

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

7 pentsamendu “Sarriri sari?”-ri buruz

  • Ez dakit zure textuak eraginik izan duen, baina artikulu hau gaurtik ona aldatu da:
    http://www.diariovasco.com/20111003/mas-actualidad/cultura/premio-euskadi-ensayo-para-201110031302.html,
    atzoko titulua “Premio Euskadi de ensayo para un etarra” antzeko bat zen, ta gaur “Premio Euskadi de ensayo para Joseba Sarrionandia”.
    Bestalde gaurko artikulu berean bi esaldi horiek irakur ditzakegu:
    – “Sarrionaindia, exmiembro de ETA” ta
    – “Premio Euskadi de Literatura al escritor y miembro de ETA Joseba Sarrionandia”.
    Schrodinger en katuaren antzera, ETAren barne ta ETAtik at izatea lortzen du Sarrionandiak. Militante kuantikoa alegia. Ona al da behintzat bere azken liburu hori ?

  • Azkar xamar eta gehiegi hausnartu gabeko hainbat zalantza:

    1.-Ni jadanik ez nago ziur egungo sistemarekin, Euskadi Saria ez ote den lehiaketa bat, bertara espreski aurkeztu egin behar izaten denez gero. Kontua da, obra irabazlearekin batera, aurkezturiko obren zerrenda ere publikatu egin beharko luketela Eusko Jaurlaritzako Kultura sailekoek, jakiteko obra irabazlea (edo saritua) zein obrei gailendu zaien. Ezinbestekoa deritzot.

    2.-Euskadi Saria errekonozimendua da batetik, urteko obra onenari (esan bezala, aurkezturiko lanen artea), eta diru-saria bestetik. Zoritxarrez, diru-sariaz eta idazlearen biografiaz sortu da eztabaida Saiakerako Euskadi Sariekin, aurrez Sarrionandiak Kritika Saria eskuratu izan duenetan halako zalapartarik ez baita egon (besteak beste, Kritika Sariak diru-saririk ez duelako, soilik nolabaiteko errekonozimendua; Eusko jaurlaritza ez dagoelako tartean; etc.).

    5.-Bestalde, epaimahaikideek saritua nor izateko erabakia hartzeko erabateko askatasuna izan behar dutela uste dut, eta ez zuk diozun moduan, “eztabaida euren artean egin eta erabakia Kultura sailekoek epaimahikideekin hartu behar zuten”. Dena dela, ados nago epaimahaiburuak eginiko adierazpenekin, norbait sariketara aurkezteko moduan bada, sariketa irabazteko moduan ere badela ondorioztatu behar baita. Beraz, agian sariketa-lehiaketaren oinarriak eta dinamika aztertu beharko dira berriro ere.

    6.- Horrela agian, alderdi guztien inplikazioarekin (idazleak, EIE, 111 akademia, Utikan sinatu zutenak, Galtzagorri, argitaletxe zein bestelako elkarte edo norbanakoaren ekarpenekin eta EJren elkarlanarekin) agian iritsiko gara zeresan extraliterariorik gabeko Euskadi Sari duin batzuk ospatzera.

    Eta honaino iritsita, are zalantza gehiago ditut egun halako zalaparta mediatikoek edo kakanahasteek, zinez, ez ote duten letrez eta idazleez gehiago aritzeko eta kasu batzuetan irakurzaletasuna handitzeko ere balio, hainbeste zeresan sortu ondoren jendea, azken batean, literaturara hurbiltzen den neurrian, gure “literatur fenomenoez” hitz egiteko ez bada ere.

  • PSOEkoek bakarrik onartzen dituzte arauak eta Zuzenbidearen Estatua euren aldekoa denean:
    http://www.odonelorza.com/fichanodo.php?queidioma=1&quetipo=1&quenodo=549
    Ez da zaila aurkitzea ipini ahal zaien kalifikatiboa, egunero entzuten baitiegu 9 urteko umeei Ikastolako patioan “Pikoiak”

  • Lehen puntuari dagokionez zera argatiratu du Gara egunakariak,Kepa Landari ,Sarrionandiari buruz, egin dioten elkarrizketan: “A la hora de inscribir la obra en el concurso, fue la hermana de Sarrionandia la que firmó la autorización con el consentimiento del autor.”

    Arrunt interesgarria elkarrizketa: http://www.gara.net/paperezkoa/20111005/295060/es/Lakua-no-tiene-derecho-retener-nada-si-ningun-tribunal-no-requiere

  • Zehaztasun bat. Honela diote Euskadi Sariko arauek. “Edozein pertsona fisikok zein juridikok, bai publikoak bai pribatuak, aurkeztu ahal izango ditu sarirako hautagaiak, baita lanaren egileak berak ere. Edonola ere, hautagaiak aurkezteko baino lehen lanaren egilearen aldez aurretiko onespen dokumentatua beharko da”.

  • Andoni Etxarri 2011-10-09 17:21

    Aupa Etxepe ongi esana irekin ados eta ez uk sartuko beste baloraketan
    Andoni

  • Hasier Etxeberria

    […] Oztopo askoren ondoren Sarrik zegokion saria jaso zuen arren -Josebaren arrebak bere izenean-, Patxi Lopez-en Jaurlaritzak ez zion eman nahi izan; sariari dagokion dirua atxikitzea erabaki zuen, idazlearen egoera argitu arte. Sortu zen kalapita ez zen izan makala! […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude