Saramago eta asko esatea hitz gutxitan

“Porrotak zerbait positiboa baldin badu, definitiboa ez dela da. Eta garaipenak zerbait negatiboa baldin badu, hau definitiboa ez izatea da”.

“Gaurko pertsonaren hiru eritasunik nagusienak inkomunikazioa, iraultza teknologikoa eta arrakasta pertsonalean oinarritutako bizitza dira.”

“Pesimistek bakarrik nahi dute mundua aldatu, optimistak gustura baitaute dagoenarekin”

“Bai, pesimista naiz, baina nik ez dut errealitatea den bezalakoa izatearen errurik.”

“Ez dut jainkoarengan sinesten eta ez dut horretarako beharrik. Gutxienez intolarente izatetik urrun nago. Ateoak munduko pertsonarik toleranteenak gara. Sinesdun bat berehala bihurtzen da intolerante. Historiako inongo unetan, munduko ezein bazterretan, erlijioek ez dute jendea elkarrengana biltzeko balio izan. Alderantziz, urruntzeko besterik ez dute balio izan: erretzeko eta torturatzeko. Ez dut jainkoarengan sinesten, ez dut behar eta pertsona ona naiz gainera.”

“Komunista hormonala naiz.

“Gure baitan izenik ez duen zerbait dago, eta horixe da egiaz, benetan garena.

“Ze mundu klase da hau, martitzera makinak bidaltzeko gai izan eta gizakien hilketak geratzeko gai ez dena?”

“Denok itsu gaudela pentsatzen dut. Ikusmena duten itsuak gara, baina ez dugu begiratzen”

“Ez dizut dena kontatzeko eskatzen, zure sekretuak gordetzeko eskubidea duzu, salbuespen bakar batekin: zure bizitza, zure etorkizuna, zure zoriontasuna sostengatzen dutenak. Horiek jakin negin nahi ditut, eskubidea dut eta ezin didazu hori ukatu”

“Botere erreala ekonomikoa bada, ez du zentzurik demokraziaz hitz egiteak”

“Lehen eskuina ergela zela esaten genuen, baina egun ez dago ezkerra baino ergelagorik”

“Musikaren, filosofiaren eta arrosa baten zentzua aurkitu behar badugu, ez dugu ezer ulertzen.”

“Nik ez dut ezer asmatzen, existitzen denaren atzealdea besterik ez dut ikusten.”

“Nire bizitza osoan ezagutu dudan gizonik jakintsuenak ez zekien irakurtzen eta idazten”

“Kaosa deskodetu gabeko ordena da”

“Erantzunak ez dira beti batek behar dituenean heltzen. Batzutan erantzunaren zain geratzea izaten da erantzun posible bakarra.”

“Zenbat eta gehiago mozorrotu, orduan eta norberaren antz handiagoa”

“Gezurra da Nobel sariak irabazlearen herrialdeko literatura sustatzeko balio duenik. Idazlearen kontu korrontea puzteko besterik ez du balio.”

“Mundu guztiak ariketa fisikoa egin behar dudala esaten dit. Ona omen nire osasunerako. Inoiz inor ez dut entzun baina, kirolari bati, irakurri egin behar duela esaten.”

“Munduan bi superpotentzia daude: lehenaAmeriketako Estatu Batuak dira; bigarrena zu zeu zara.”

Jose Saramago, gauza handiak esaldi txikitan

Irudia | Jose Saramago, gauza handiak esaldi txikitan | Sergei Cartoons | LGPL

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

6 pentsamendu “Saramago eta asko esatea hitz gutxitan”-ri buruz

  • Hona hemen beste batzuk (azkenekoa erregalo Patxi Lopez-i, hitzaldiaren batean bere ohiko dotoreziaz txerta dezan):

    “Zakurrek ez diete dagoeneko autoei zaunka egiten. Orain oinez doazenei egiten diete zaunka”.

    “Aberria, Brasil, Portugal, dena delakoa, bakar batzuena baino ez da, inoiz ere ez denona, eta herriek haren jabeak zerbitzatzen dituzte hura zerbitzatzen dutelakoan”.

    “Erreala itsasoa da. Hartan igeri egiten duten idazleak daude, eta hartan murgiltzen direnak. Baina ura berbera da”.

    “Utz ditzagun hipokrisiak alde batera, eta aitor dezagun zintzotasunez komendia honetan [Nobel Sariak] benetan garrantzia duen bakarra dirua dela”.

    “Etsaia Estatua da, ez Nazioa. ‘Nazionalismoen’ inguruan harrotutako hautsak gaitz ororen iturburua ezkutatzeko baino ez du balio: Estatuaren berezko biolentzia”.

  • Gari Garaialde 2010-06-21 11:30

    Hauek ere bereak dira:
    “Espainolen kontzientzian Memoria Historikoaren Lege baten beharra piztu zuen Garzon bera.”
    “Augusto Pinochet prozesatzera ausartu eta Argentina eta Chileko justiziei, gero jarraikortasuna izango zuen duintasun adibide bat eman zien Gazron adoretsu eta zintzo bera.”
    “Garzonekin legeak eta haien espirituak bizirik zeudela bagenekien, ekiten ikusten genuelako.”
    “Ez zen Sastre (Alfonso) izan Eduardo Puellesen autoan bonba jarri zuena, baina ez nuen espero hiltzaileen babesle bezala ikustea”

  • Garirekin guztiz ados.
    Hildakoaren bertuteak goraipatzea izaten da zuzenena, eta kritika egitea nahiko itsusia da, baina ez ahaztu Polancotaz (Prisako jabeaz) esan zuena: “el rostro amable del capitalismo”.

    Nik behintzat ez dut “ezkertiarren ikurtzat” gogoratuko.

  • Asko gustatu zait nola egin diozuen omenaldi txikia Saramagori, esandakoak aipatuz. Bera gogoratzeko era egokia iruditu zait. Egia da, Garaialdek dion bezala, beti aurkitu dezakegula gure gustukoa ez den zerbait besteen bizitzan eta esanetan, batez ere ia 88 urte bizi izandakoak badira. Zer ez didate aurkituko baten bat gogoratzen bada nire hitzetaz hil ondoren! Kontua ez da aurkitu ditzakegun kontraesanekin geratzea. Kontua da egin duen jardunbidea eta horretan zer eman duen. Eta asko izan da.

  • Gozamen ederra hartu dut neuk ere hemen haren hitzak jarri dituzuenean, baina, neure lana dela eta, Saramagorekin egon nintzen aukera bakarrean ez nuen xantza handiegirik izan, alde batetik bere emaztearekin haserre zegoelako eta bestetik, ni “Antonio Lobo Antunesen zaleagoa” nintzela antzeman zidalako segituan. Baina, denbora aurrera joan ahala, eta inori berea aldatzeko eskatu gabe, gozo-gozo iritsi ginen neuk eskatu eta berak eman zidan portura. Ezer aipatzekotan, esango nuke guztiz gizon argia zela, gauza guztiez berehala konturatzen diren horietakoa, nahiz eta kontu ezezagunak edo urrutikoak gertatu. Ezagutu ditut beste batzuk ere horrelako dohaindunak, baina oso gutxi, benetan.
    Sen ikaragarria zeukala esango nuke, edukazioari ere aitortzen zion bere balorea, ezen denbora gutxirekin eta azkar ibili beharra bazeukan ere, ez zuen horregatik pauso bakarrean ere dotoreziarik galdu.
    TODOS LOS NOMBRES eleberria zuen azkena, eta hartaz aritu ginen, batez ere. Gerora beste batzuk ere irakurri dizkiot, zorionez. Bitxia da, bere izena ez baita galduko, nobela hartako guztiak bezala.
    (Berak baietz esango zukeen, hala ere, dena denbora eta desmemoria kontua dela)

  • Arrazoi osoa du Arantzak. Jose Saramago-rik Jose Saramago-enari ere aurki dakioke Sara Mago-ren bat barruan, pixka bat arakatuz gero.