Sanfermin herrikoiak debekatu nahi ditu Barcinak

Dena prest dago Iruñeko bestak abian jar daitezen. Yolanda Barcinak, baina, ez du amorerik eman nahi jai herrikoien aurkako borrokan. Aurreko bi urteetan txosna paratzea debekatu zion Gora Iruñea! kolektiboari. Aurten, txosna paratzeko baimenik ez zuten eskatu, beraz, debekua haien egitarauari jarri dio UPN-k. Debeku horien gainetik, Gora Iruñeako kideek kontzentrazioa deitu dute gaur arratsalderako. “Ez itzazue Sanferminak saldu. Herri sanferminak orain” lemapean, 16:00etan Udaletxe plazara hurbiltzeko eskatu diete jai herrikoien aldeko herritarrei. 21:00ak arte besta giroan aldarrikatuko dituzte herriak herriarendako eginiko Sanferminak. Fanfarreak, dantzariak, kale-animazioa, brindisa, … edozein bestan falta ezineko elementuak izanen ditu gaurko protestak.Mjc2MQ==

Gora Iruñea! Iruñeko jai batzordeak zein kolektibo kultural eta sozial ezberdinak biltzen dituen plataforma da, Jai herrikoi, parte-hartzaile, parekide eta euskaldunak aldarrikatu eta gauzatzeko sortua. Urtero bezala, aurten ere hamaika ekintza antolatu ditu herritar orok Sanferminak gozatzeko aukera izan dezan. Musika, dantza, animazioa, kalejirak, … Udaletxeak prestaturiko egitarauan dauden gabeziak betetzera dator Gora Iruñea!, baina badirudi Yolanda Barcinak ez dituela guziendako bestak nahi. José Luis Sánchez de Muniáin UPNko zinegotziak argi esan zuen, Bertirn Osborneren kontzertuak, peñetako txarangek baino jende gehiago jarriko duela dantzan. Baina aurten ere, lehendabizikoz, peña guziak ados jarri dira Udalaren jarrera salatzerako tenorean. Jasandako erasoengatik peñen pankarta koloretsuak beltzak izanen dira eta uztailaren 11an ez dira zezenketa ikustera joanen.

Sanfermin euskalduna

Bestalde, urtero bezala, Sanfermin euskalduna egitaraua prestatu du Karrikiri elkarteak, Orreaga fundazioarekin eta beste kolektibo batzuekin batera. Herriko Tabernak eta Arrano Elkarteak ere haien egitaraua prestatu dute eta Vendeta, Leihotikan eta Anje Duhalderen kontzertuak dira azpimarragarrienak. Gora Iruñeak, Udaletxeak, Herriko Tabernak eta Karrikirik prestaturiko egitarauak elkartu dituenik ere bada.

Irudia | Gora Iruñea! | Nafarroan | Creative Commons By SA
gora iruñea!, iruñeko udala, peñak, Sanferminak
Iker Tubia

BARDO GORRI NAFARRA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude