Sandra Garayoa eta Itziar Otegiren “Lorerik gorriena”, 2020ko Etxepare Saria

Sandra Garayoa eta Itziar Otegiren “Lorerik gorriena”, 2020ko Etxepare Saria –

Inoizko ediziorik emankorrena izan da aurtengoa, 35 lan aurkeztu baitira Etxepare Sarira. Sandra Garayoa eta Itziar Otegiren “Lorerik gorriena” albuma izan da irabazlea.

Sandra Garayoa eta Itziar Otegiren "Lorerik gorriena", 2020ko Etxepare Saria“Lorerik gorriena” albumak gutako bakoitzaren bizitzan Gertakari Handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…

Etxepare Sariko epaimahaia Leire Salaberriak (ilustratzailea), Idoia Sobrinok (liburuzaina) eta Patxi Zubizarretak (idazlea) osatu du, eta hauxe da azpimarratu dutena:

• “Ipuin tradizionalen onena jaso, eta gaur eguneraino dakar haien leinua. Chestertonen erranetan, herensugea edo basapiztia gutako bakoitzarengan dago eta literaturak haren kontra borrokatzeko zalduna eskaintzen digu. Hau izan daiteke bitartekari batek umeari ipuina kontatzerakoan erakusten ahal dion gauzarik garrantzitsuena. Edo agian bitartekariak berak (dela guraso, irakasle, izeba edo aitatxi), jasoko duen irakaspenik handiena.

• Testua sotil eta argi idatzia dago, zentzu guztietan neurritsu, eta bikain uztartuta dago ilustrazio gorri-beltzekin: protagonistak eta haien neurriak, naturaren presentzia delikatua, dena sinbolismo eta sujerentzia handiz adierazia.

• Indar handiko irudiak sortu ditu gama kromatiko oso neurtu batekin. Gorriak eta beltzek pisu izugarria dute kontakizunean eta ipuin tradizionalarekin lotzeaz gain irakurlearen emozioak ukitzeko gai da lehen begirada batekin. Testura eta trazuekin jolastu du, deskripzioetatik urrunduz, eta sinbolismo eta sujerentziaz betetako mundu propio bat azalduz”.

Sandra Garayoa Cotera (Donostia, 1993), diseinu grafikoan eta ilustrazioan graduatua da eta album ilustratuak egiten ditu. 2017an Eva Toldrá ilustrazio saria erdietsi zuen. Itziar Otegi Aranburu (Oiartzun, 1972) itzultzaile-interpretea da lanbidez, eta hainbat literatura-lan itzuli ditu helduentzat eta haurrentzat. Iruñeko Udalak, Etxepare saria programan barne, antolatzen duen Biko-Teka topaketetan hartu dute parte saridun biek.

.

Euskarazko albumen sorrera bultzatu asmoz

Etxepare Saria 2004an sortu zen, Nafarroako 22 toki entitateri esker. Haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen bi urte geroago, eta sari bilakatu 2009a geroztik.

Sariak euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburua du. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

Nafarroako 22 toki entitatek antolatzen du, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen babesarekin eta Pamiela zein Galtzagorri elkartearen laguntzarekin. Saria 5.000 eurokoa da, eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2020ko udazkenean.

Sandra Garayoa eta Itziar Otegiren "Lorerik gorriena", 2020ko Etxepare Saria

Sandra Garayoa eta Itziar Otegiren “Lorerik gorriena”, 2020ko Etxepare Saria