Sandaliak, galtzerdi koloredunak, galtzontzillo ikurrindunak eta balizko ekarpen linguistiko bat

Sandaliak, galtzerdi koloredunak, galtzontzillo ikurrindunak eta balizko ekarpen linguistiko batDiotenez, gure garunak oroitzapen traumatikoa ezabatzeko joera dauka: gure buruko osasuna babeste aldera, gauza batzuk atzentzen ditugu nahitaez. Segur aski horregatik nuen nik nire burumuineko ziega ilun batean zokoratua sandaliak galtzerdi koloredunekin batera janztea noizbait modan egon izanaren oroipena, baina Idurre Eskisabelen aste honetako zutabe batek errealitateari buru egitera behartu nau, krudelki behartu ere. Bai, nonbait, boladan izan zen naturaz kontrako konbinazio hori, izugarrikeria hori –are gehiago, Eskisabelek aitortzen digu hankak estetikoki contradictio in terminis den horrekin estaltzen zituen irakasle batekin maitemindu zela; beraz, nihil obstat–, eta, antza, modako aldizkariak hasi dira berriz ere bikote xelebre hori (galtzerdi eta sandaliena, alegia; ez, Idurre eta haren irakaslearena) hauspotzen. Fite, iragartzen zuen Eskisabelek, guziok aho batez onartuko dugu bizidunen mundura bueltaturiko zonbia, modaren funtzionamendua apetatsua baita. Eta ni ezin adosago nago nire zutabegile gogokoenetarik den horrekin.
Gauza batzuetan, halere, aitzindaria izan da moda. Erlijioetan, modarena izan da lehena emakumeak apez izendatzen. Apezpiku gehienak, halere, gizonak dira oraindik ere: Karl Lagerfeld, Jean-Paul Gaultier, John Galliano… Gainerako elizetan bezala, honen aginduak ere irrazionalak izaten dira, liderraren karisman oinarrituak eta ez irizpide objektibo edo nolabait egiaztatzeko modukoetan, nahiz eta sinestunak bestelako azalpen arrazionalak ematen al dituen. Modaren jarraitzaile batek, konparaziorako, esaten ahalko luke, halako atorra aurten boladan dagoela arras polita delako, baina naski modako guru batek hori erabaki izana izanen da zorioneko alkandora hori eramateko egiazko motiboa. Adibide bat eman dezagun: aspaldian, telebistan (edo akaso irratian) aditu nuen Londresko antzezlan batean Madonnari –antzezlan hartan parte hartzen baitzuen– igarri zitzaiola bularretako gorria zeramala; biharamunerako, bularretako gorri guziak desagertu ziren Londresko arropa dendetarik. Ordura artio inor ez zen ohartua bularretako gorriak politak zirela? Bularretako haren jabea Madonna izan ez balitz, arrakasta berdina izanen zukeen? Ez dakit, bada. Duela urtebete edo bi urte –artean gazte kaskarina nintzelarik–, galtzontzillo ikurrindunak erosi nituen Donibane Lohizuneko denda eder batean. Galtzontzilloak –sinets iezadazue– arrunt politak ziren, eta, hortaz, nire erosketa berria jantzi eta argazki bat publikatu nuen Twitterren. Harrezkeroztik, halere, nire inguruan behinik behin ez dut sumatu galtzontzillo ikurrindunen erabilerak nabarmen goiti egin duenik. Ez nuen, beraz, gure gazte eta ez hain gazteen artean janzkerako joera berririk ezarri, eta horri, dudarik gabe, nire karisma eskasiari egotzi behar zaio. Eta ez hori bakarrik: txiolari batek –serio eta erdi haserre, mezua ongi ulertu banuen– zehaztu zidan gisa hartan ez nuela inor berotzea lortu. [Parentesia: nik ez nuen inor berotzea espero –badaitort–, ederki baitakit anti-erotismoaren pertsonifikazioa naizela, bromuroaren giza-baliokidea. Are gehiago, uste dut nire ezaugarri –triste samar– horretan oinarrituta ekarpen ederra egiten ahal diodala hizkuntzari, izenondo berri bat oparitzen ahal diodala euskarari, eta –Faktoria aditzen ari zareten edo Zuzeu irakurtzen duzuen euskaltzain horiek, erne– hauxe da: santigarria. Definizioa: “Zerbait egiteko gogoa (batez ere, sexurako gogoa) kentzen duena: bero-bero etorri naiz, baina zure jarrera hori arras santigarria da; ez dut inoiz aurkezle hori baino gauza santigarriagorik ikusi. Zenbait egoeratan, x adierazkorra erabil daiteke: egia erran, xantigarri xamarra zara – eta minik ez emateko eginahal horri darion errukiak ‘lagun gisa maite zaitut’ esamolde umiliagarriaren pare jartzen du esaldia”].
Orobat, judu (moderno) batek higienea aipa lezake zerrikirik ez jateko oinarri gisa; edo kristau batek garai bateko haragiaren prezioa, ortzilareetako bijilia justifikatzeko, baina bai juduak bai kristauak –betiere zintzoak badira– Jainkoaren agindua direlako beteko dituzte debeku horiek: gainerako azalpen guziak berez arau arbitrario batzuei itxura sasi-zientifikoa emateko saioak bertzerik ez dira.
Ez da sobera konparazio originala modaren eta erlijioaren artekoa –barkatu–, baina, tira, bistan da hark lurreko bizitzara ekarri nahi izan duela, hein handi batean, erlijioak agintzen digun hil ondorengo zorion hura. Eta Jainkoaren lekuan, edertasuna gurtzen du.
Jakina, ez da erraza ederra izatea. Batzuk, gutxi batzuk, grazia horrekin sortu badira ere, gehienok normal samarrak baikara, akastunak kasu gehienetan, itsusiak ez esateko. Beraz, bide gogorra izaten du aitzinean sinestunak, aldizkariek eta telebistek proposatzen diguten eredu horretara ailegatzeko. Sufritu beharko du, gorputza mortifikatu, goseari eutsi, bekatu egitera gonbidatzen duten tokietarik (gozotegietarik, esate baterako) urrun ibili. Martiriak ere badira –anorexikoak, bulimikoak–, zuzentasun politikoak deitoratzera behartzen gaituenak, baina, aitor ezazue, lodi tripandi nazkagarri horiek gorroto dituzuen guztiok: ez al da hunkigarria perfekzioaren bila egindako ahalegin hori? Hitzez kondenatzen duena, ekintzez bultzatzen du modak.
Eta, azkenik, ebakuntza estetikoa ere hor dugu, eskura. “Zure gorputza borrokagune bat da”, idatzi zuen irudi batean Barbara Kruger argazkilariak abortuaren eskubidea aldarrikatzeko; eta, garai batean, gorputzaren gaineko kontrola eskatzen zuten emaztekiek, aske izateko. Gaur egun, libertatea eskatzen dute gizonezko zein emakumezkoek zimurrak desagerrarazteko, titiak handitzeko, ipurdi eroria goititzeko eta sudurra zuzentzeko. Auskalo non batek daki nork ezarritako kanon baten arabera gustagarriago izateko, azken batean. Zeren hori ere partekatzen baitu edertasunaren kultuak gainerako erlijioekin: alienaziora garamatza, ezinbestean. Eta beharbada, fite, berriz ere sandalia irekiak galtzerdi koloredunekin konbinatzera. Eta hori arrunt santigarria litzateke.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.