[Zinema Euskaraz] Sablehotz kapitaina eta diamante magikoa

[Zinema Euskaraz] Sablehotz kapitaina eta diamante magikoa –

Zineuskadiko Zinema Euskaraz programari esker, “Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa” gure zinema aretoetara heldu berri da.

EAEko hamahiru zinematan estreinatuko da Marit Moum Aune eta Rasmus A. Sivertsen zuzendari dituen film norvegiarra.

Kondairak dio badela nonbait ahalmen berezidun diamante magiko bat: ilbetearen argiak ukitzen duenean, bere jabearen desioak betetzen omen ditu. Maga Kahn mago arriskutsuaren ametsa bizitoki duen oihan ilunetik ateratzea da. Izan ere, ezin du eguzkiaren argia jasan, erre egiten baita izpi batek azala ukitu bezain pronto.

Sablehortz kapitainak, itxuraz munduko piratarik anker eta beldurgarrienak, bere ontzia urre eta bitxiz bete nahi du. Pinky gazteak, aldiz, bizimodu lasaia du helburu, eta, Veronicak, haren lagunik onenak, abenturak ditu amets. Ezustean, baina, Marco txikia da diamantearekin ihes egiten duena, eta konturatu orduko, denak ere diamante magikoa lortzeko lasterketa arriskutsu batean murgilduko dira.

Hurrengo zinema-aretoetan ikusi ahal izango da filma:

  • [Zinema Euskaraz] Sablehotz kapitaina eta diamante magikoaAntiguo Berri Zinema (Donostia)
  • Zugaza (Durango)
  • Getxo
  • Gorbeia (Gasteiz)
  • Niessen (Errenteria)
  • Golem Alhondiga (Bilbo)
  • Multicines 7 (Bilbo)
  • Usurbe (Beasain)
  • Modelo Antzokia (Zarautz)
  • Bastero Kulturgunea (Andoain)
  • Gurea Antzokia (Amasa-Villabona)
  • Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga)
  • Areria Aretoa (Lazkao)

.

Ikus-entzunezkoen sektorea suspertu asmoz

“Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa” 2021ean Zinema Euskaraz programaren barruan estreinatzen den laugarren filma da, “Tom eta Jerri”, “Elfkinak” eta “Kranston ikastetxea: munstroen eskola” pelikulen ostean. Izan ere, ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoa du Zineuskadik, batik bat COVID-19 eragindako egungo egoeraren ondorioei aurre egiten laguntzeko.

Egitasmo honi esker, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Hortaz, Zinema Euskaraz programak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko xedea du, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz. 

Era berean, datozen hilabeteetan publiko zabalari zuzendutako hainbat film izango ditugu ikusgai. Horien artean, “Maya Erlea, urrezko esfera” (maiatzean) eta “Space Jam” (uztailean).

[Zinema Euskaraz] Sablehotz kapitaina eta diamante magikoa

ZINEUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. 2014 urtetik Euskal Irrati Telebista, Festival Internacional de Cine de Donostia San Sebastian S.A. eta Fundación Filmoteca Vasca erakundeak ditu bazkide.