‘Orio. Euskarazko arnasgunea sendotu’ jardunaldia antolatu du Orioko Udaleko Euskara batzordeak

Lau hitzaldi-solasaldi

Jardunaldiaren programa lau hitzaldi-solasaldik osatuko dute. Lau hizlarietako bi oriotarrak dira (Anjel Lertxundi eta Iñigo Fernandez) eta beste biek ere (Jon Sarasuak eta Dabid Anautek) lotura estua dute Oriorekin: bi gurasoak oriotarrak ditu Jonek eta ama, berriz, Dabidek.

Jardunaldiaren programa hau izango da:

Otsailaren 8an, asteartea, Anjel Lertxundirekin egingo dugu solas. Anjel euskararen geroaz arituko da, Jabier Zabaleta euskara-teknikariaren galderei erantzunez.

Otsailaren 9an, asteazkena, Dabid Anautek hitzaldia emango du izenburu honen pean: ‘Euskararen arnasguneak: arnasa hartu eta arnasa eman’. Alberto Agirreazaldegik egingo du haren aurkezpena.

Otsailaren 16an, asteazkena, Jon Sarasuaren hitzaldia izango da: ‘Ideia batzuk norabideari buruz’. Nere Manterolak egingo du haren aurkezpena.

Otsailaren 23an, asteazkena, jardunaldiari bukaera emateko, Iñigo Fernandezek honako gaiari buruzko hitzaldia emango du: ‘Oriok euskarari, hitzak eta ekintzak’. Jon Agirresarobe ‘Torrotxok’ egingo du haren aurkezpena.

Hitzaldi-solasaldi guztiak Orioko kultur etxean izango dira, 19:00etan hasita.

Aurrera begira

Udaleko Euskara batzordeak geroari buruzko gogoeta egin nahi du jardunaldiaren bidez. Euskararen aldeko lanak bide luze samarra egin du dagoeneko Orion eta egoerak ez dauka zerikusirik orain dela, esate baterako, hogeita hamar urtekoarekin. Gaur egun asko aurreratu da euskararen erabileran hainbat eta hainbat alorretan: ikastetxeek erabat euskaraz erakusten dute, euskarazko komunikabide sendoak daude, kultur eta kirol taldeak nagusiki gure hizkuntzan ari dira ahoz nahiz idatziz, administrazioan ere aurrerapauso handiak egin dira… Baina, egindako aurrerapenekin batera, ahulguneak eta arriskuak ere ikusten dira: kanpotik etorritakoen hizkuntz integrazioa lortzeko zailtasunak, euskarak hainbat esparrutara iristeko dituen oztopoak, euskararen aldeko lan boluntarioaren beherakada… Itzal-argiz osatutako errealitate konplexua, azken batean.

Nolanahi ere, gauza bat dago garbi: errealitate berri bat daukagu eta diskurtsoa egokitu behar dugu; euskararen aldekoak diskurtso zaharrekin bueltaka gabiltza oraindik eta ez gara ari asmatzen oso azkar aldatzen ari den egoerara egokitzen. Nahitaezkoa zaigu gogoeta egitea horretaz eta, aurrera begira, arrazoi sendo berrituak bilatzea euskararen gaurko erronkei aurre egiteko.

Horretan saiatzera dator jardunaldia. Euskarazko arnasguneetan, Orio bezalako herri euskaldunetan, euskararen aldeko lana hemendik aurrera nola antolatu jakin nahi dugu. Ea arrasto batzuk ateratzeko gai garen jardunaldi honen bidez.

Jardunaldiaren kartela

Irudia | Jardunaldiaren kartela | jabier | Creative Commons By SA

Irakurlea, garagardo zalea, euskara teknikaria…