Roman J Israel, Esq

Roman J Israel, Esq –

Ez dago ezer okerragorik zinean eserita egon eta filma hasita berandu sartzen den jendea baino. Gaur jende hori izan naiz. Nere bizitzan lehenengo aldiz zinera 10 minutu berandu sartu naiz. Donostiako punta batean dagoen zine bateko makinatxoan sarrera jasotzen hasi eta hirugarren saiakeran konturatu naiz Donostiako beste puntako zinerako hartu nuela sarrera. Fitipaldirena egin eta errekor denboran aparkatzea lortu ondoren, zinean sartu eta aretozainaren linternaren laguntzarekin eseri naiz, txintik atera gabe. Eseri orduko konturatu naiz ez dudala hil-ala-biziko informaziorik galdu. Eta ordu erdi berandu iritsi banintz, ezta.

Eta zergatik kontatzen dizudan pasadizo luze eta hutsal hau? Ba ez dakidalako nondik hasi Dan Gilroy (Nightcrawler) zuzendariaren Roman J Israel, Esq filmari buruz hitz egiten. Ea ba, saiatuko naiz.

Roman Israel Los Angeleseko abokatu aktibista da, ile afroduna, jazz musikazalea eta peanutbutter sandwichak bakarrik jaten dituen gizon zarpaila. Gizartearen bidegabekeriak zuzentzen saiatzen den abokatu honek bere printzipioak urratzen ditu lanpostu berri baten presioak bultzata, eta bezero batek emandako informazio pribilegiatu bat erabili ondoren ordainsari eder bat ilegalki lortzen duenean. Erabaki kaskar honek eragin itzela izango du bere bizitzan, eta erabaki okerra hartzen duen protagonista izaki, erredentzioa lortzen saiatuko da, hau berandu eta etsita egiten duelarik.

Roman J Israel, Esq

Roman J Israel, Esq

Etika eta moralaren inguruko hausnarketak egiten dira filman zehar eta honek, askotan, inpresioa ematen du zerbait sakona kontatzen ari zaigula. Baina hortxe geratzen da, inpresioan, azalean.

Sentsazioa ematen du hasieran proposatzen digutena ez dela sekula  betetzen, ez pertsonaien aldetik, ezta tramen aldetik ere. Trama erromantikoa (edo ez?) ere itxi gabe geratzen da, oso azalean eta helburu narratibo konkreturik gabe.

Denzel Washington-ek 15 kilo gizendu omen zituen Roman Israel gorpuzteko, eta egia esan, berak pertsonaiari ematen dion sinesgarritasuna da nire eritziz film honetan salba daiteken gauza bakarra. Ez da kasualitatea aurtengo Oscar eta Golden Globes sarietarako izendatua izana, Washington-en lana bikaina da. Eta horregatik bakarrik merezi ditu film honek 3 izar.

Izarrak: 5/3

Aipagarria:

Denzel Washington-en lan bikaina eta filman zehar zipriztinduta entzuten dugun musika zoragarria. Nere abestirik kuttunena, hauxe: Childish Gambinoren Baby Boy.

Trailerra:

Roman J Israel, Esq

Zinegilea izarfilms.com tinkoeuskara.eus