[Kafe aleak] Ritxi Aizpuruk D.A.F.

[Kafe aleak] Ritxi Aizpuruk D.A.F.

[Kafe aleak] Ritxi Aizpuruk D.A.F.

.

D.A.F.

Gold Und Liebe (Virgin, 1981)

.

Ez diot inoiz erreparatu zergatik gehien atsegin ditudan kanpoko musika taldeen izenak nire pentsamenduaren aurkakoak diren. Edo hobeto esateko, izen horiek dituzten adiera desberdinek eta batzuetan kontrajarriek, harritu eta pentsaeran desoreka azalarazten didate. (D.A.F., New Order, Prince…). D.A.F. (Deutsch Amerikanische Freundschaft). Izen hau euskaratuko bagenu, A hirukoitza aterako litzaiguke: Anaitasun Alemaniar Amerikarra (AAA), sigla honen azpian dagoen aipatu izena inoiz ez da existitu, bai, ordea, beste batzuk benetako adierarekin. A hirukoitzaren siglek beldurra eragin zuten estatu terrorismoaren estolderietako gune biziak baitziren. Bi izan ziren ezagunenak, Alianza Anticomunista Argentina eta Alianza Apostólica Anticomunista, estatuaren mendeko talde terrorista eskuindarrak, 70eko hamarkada hasieran (Argentinakoa), bestea bukaeran (Espainiako Estatuan) jardun zuten. Japonian ezaguna da poparen alderik alaienak eta doinu ilunenak nahasten dituen AAA taldea (Attack All Around). Gustuko ez ditudan taldeen izenekin segituko dut. New Order talde elektroniko eta popzalearen doinu guztiek txunditu ninduten Joy Division bukatu ondoren, 1981etik aurrera. Baina izen berarekin bada nazien gotorlekua den esaldia: eraikiz mundu hobe bat ariar belaunaldientzat. Horixe da Adolf Hitlerrek idatzitakoa bere Mein Kampf liburuan, horixe da berarentzat New Order. Azkena, Prince. Prince Rogers Nelson, horiek dira izen-deiturak. Zertan pentsatuko dute guraso askok izena jartzerakoan euren umeei? Prince izena, eta denborarekin ezizen gehien duen artista izango da, hamabost inguru. Princek eta monarkia politikoek ez dute zerikusirik baina 1548an hemezortzi zituela Etienne de La Boetiek Borondatezko morrontzaren diskurtsoa edo Norberaren aurka liburua idatzi zuen. Zeharo galdera politikoa egin zuen, oraindik erantzun argia ez duena izan: zergatik guk, herri xumeok, egiten (ekoizten) dugu morrontza, zergatik borrokatzen dugu gure morrontza defendatzen (errege, estatu, jainko, botere, lege) gure askatasunaren alde egingo bagenu bezala?

D.A.F. bikoteak alemaniar erako elektropunka jorratzen du. Zuzena, erraza, sinplea bezain bortitza. Beti xaxatzen, musika eta politika, hitz garratz, maltzur, sexua nonahi. Robert Gôrl eta Gabi Delgado bikoteak technoa eta elektronika (musika mota honen lehen urratsak ematen ari ziren garaia zen, Kraftwerk…) punkaren jarrerarekin nahastu zuten modu bitxi eta minimalistan. Emaitza txundigarria geratu zitzaien. D.A.F. taldea utzi ondoren Chrislo Hass musikariak eratutako Liaisons Dangereuses taldea are zakarrago eta basatiago agertuko zaigu. Baina bi taldeetan baxuaren diseinuak eta erritmo kutxen egituraketak badute antzekotasunik. Gerora gogora ekarriko dizkit Atari Teenage Riot eta Gose taldeak.

.

Ritxi Aizpuru (Azkoitia, 1959) musika argitaratzailea

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Ritxi Aizpuruk / Ritxi Aizpuruk / Ritxi Aizpuruk