“Hunkigarriena familiei arrastoak eman eta etapa hori gainditu dutela ikustea da”

MzYwNw==

Hemen ere topatu dituzue hobi komunak?
Oso gutxi. Daudenak fronteko soldaduenak dira. Bizkargi, Saibigain, Sollube, seguru asko Elgeta, Intxorta, Kanpazar… asko egon behar dira. Kasu batzuetan gatazka belikoaren ondorioz. Beste batzuk, Elgetan baserri baten ondoan lurpetik atera genituenen kasuan adibidez, milizianoak ziren. Frankistak Elgetan sartu ziren eta fusilatu egin zituzten. Araban gertatzen den moduan, kolpe frankistara gehitzen dira eta gune horretan, Arabako Lautada eta Arabako Errioxa inguruan. Guardian, Bastidan, “paseoak” egon ziren. Hemen ez. Bizkaia errepublikaren alde egon zen Bilbo jausi arte 1937an. Denbora horretan inplikazio politiko, sindikal edo militarra zutenek denbora izan zuten Kantabriara joan edo itsasontzia hartu eta Frantziara joateko.

Badaukazue lurpetik atera bako hobi komunen daturik?
Durangoko bonbardaketan identifikatu bako biktimen hobi komun bi daude, baina ez dakigu non dauden. Otxandion, badakite hobia non dagoen, baina ez du inork lurpetik ateratzeko eskatu, eta eskaera egin ezean ez gara lanean hasten. Ondo legoke lekua seinaleztatzea. Bestela ematen du biktima horiek ez direla izan.

Durangon fusilamendurik gertatu da?
Durangon 1936ko irailaren 25ean 17 lagun hil ziren bonbardaketan, miliziano eta Gipuzkoako errefuxiatuak ziren. Giroa bero zegoen eta errudunak bilatu nahian zebiltzanez kartzelan zeuden eskuineko 22 pertsona atera zituzten. Telefonica zegoen eraikinean zegoen kartzela. Handik atera eta fusilatu egin zituzten. Bat bizirik gelditu zen, baina Basurtuko ospitalean hil zen. Denak familiartekoen panteoietan hobiratu zituzten.

Fusilatu gehiago izan dira Durangaldean?
Durangoko fusilatuak Bilbo erori ostean, 1937ko uztailean, gerra-kontseilua egin zitzaien jendea zen gehienbat, defentsarako berme gabe. Eskubiren kasua da hau. Derion fusilatu zuten gerra-kontseiluarekin eta alde guztietan dokumentatuta dago. Durangoko defentsa batzordeko kargu bat izan zenez, 22 hilketetan parte hartu izana leporatu zioten. Badago kasu bat, irailaren hasieran hil zutena Urkiolara igotzen. Udal frankistak gobernu zibilari 1938an eskatu zion baimena lurpetik ateratzeko. Abadiñon ere badago errepublika sasoiko kasuren bat, baina ez ziren gertaera sistematikoak izan.

Zelan deskubritzen dituzue hobi komunak?
Familiak izaten dira jakiten dutenak sasoi hartatik senitartekoa egun baten etxetik eroan zutela. Kasu askotan testigantza zuzenak desagertu egin dira, baina erreferentziak gelditu dira. Denek elkar ezagutzen zuten eta jakiten zuten. Guri memoria historikoaren inguruko elkarte batek , senitarteko talde batek, familiakoek edo udalek eskaera egiten digute. Informazioa jasotzen dugu. Dokumentaziorik ez dagoen kasuetan, herrira joan eta jende nagusiagaz berba egiten dugu. Lekua identifikatu eta lan-taldea sortzen dugu. Laborategian arrastoak aztertzen dituzte. Zalantzarik badago genetikara jotzen da.

Zelan erreakzionatzen dute familiartekoa topatzean?
Sinestezina da. Bat-batean ematen du denbora ez dela pasatu. Pertsona nagusiak ikusten dituzu pozik daudela , baina une txarra pasatzen dutela ikusten duzu gordeta zegoen mina berriro bizitzen daudelako. Kasu askotan transmititzen joan da, ez da lehen eskuko mina alargunarena edo semearena moduan, ilobarena edo izan daiteke. Baina agian ilobak heredatu egin du amaren edo amamaren mina berea balitz moduan eta ematen du ez direla 70 urte pasatu. Une hunkigarriena arrastoak eman eta familia horrek etapa hori gainditu duela ikustea da. Ez da mendekua hartzea. Urteetan existitzen ez ziren arrastoak eskuetan edukitzea gura dute.

Desagertuen errolda egiten zabiltzate  Durango 1936 K.E.-n.
Durangoko bonbardaketan bakarrik 400 ziren. Borrokan hildakoak, fusilatuak, zelanbaiteko errepresioa jasan zutenak gehituz gero, asko dira. Esan dezakegu denera 600 lagun baino gehiago izan daitezkeela. Artxiboetatik abiatuta gabiltzala zerrenda osatzen. Gerediaga eta beste historialari batzuekin ere lanean gabiltza.

Durangaldeari buruzko albiste gehiago: www.anboto.org-n

Irudia | Jimi Jimenez | JD | Creative Commons By SA
frankismoa, Gerra Zibila, jimi jimenez
Joseba Derteano

AbadiƱon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude