Restricta: Kontxan edo Guggenheimen argazkiak egiten utziko ez dizun kamera

Restricta –

Aurrekoan Trophy Camera delakoaz hitz egin nizun, Raspberry Pi Zero W bat oinarrian duen kamera arraroaz. Azaldu nizun nola World Press Photorako duinak diren argazkiak baino ez dizkizula egiten utziko. Gaurkoan aldiz, Restricta kamerarekin natorkizu. Gadget arraroak maite badituzu honako hau ere gustatuko zaizu. Zauden lekuan zaudela, lehendik bertan argazki asko egin baldin badira, Restrictak ez dizu erretraturik ateratzen utziko.

Restricta

Sinplea da. Zauden leku horretan argazki asko egin baldin badira, Restrictak ez dizu argazkia ateratzen utziko. Amaitu dira oporren osteko argazki monotonoen aurkezpenak, amaitu dira monumentu unibertsalak eta Kontxan, Andre Maria Zuriaren plazan edo Guggenheimen ateratako erretratuak. Argazki saturazioaren aurkako antidoto bezala aurkeztu du gailua bere sortzaile Philipp Smithek.


Eta nola demontre funtzionatzen du?

Restricta kamerak GPS geokokatzailea darama eta honek gauden kokapena aztertu ostean, bertatik gertu etiketatutako argazkien bilaketa egiten du sarean. Eta kamerak erabakitzen badu bertan (edo inguruan) argazki gehiegi atera direla, obturatzailea blokatu eta bisorea ixten du. Pantailan berriz, honakoa irakurriko duzu: “Ezin duzu hemen argazkirik atera”.

3D teknologian inprimatutako gorputza du kamerak. Obturatzailea mugitzeko elektronikaz gain, smartphone bat darama barrenean, GPS seinalea eta datu konexioa erabili ahal izateko.

Restricta

Informazio gehiago sortzailearen webgunean.

Restricta