[Zinemaldia] Ramon Agirre Lehendakaria

[Zinemaldia] Ramon Agirre Lehendakaria –

Euskal Zinemaren Gala ospatu zuen atzo Zinemaldiak Victoria Eugenia Antzokian, eta Zinemira saria jaso zuen Ramon Agirre antzezleak.

Ondoren, Josu Martinezen «Jainkoak ez dit barkatzen» dokumentala bota zuten.

“Zinema euskaldun, kalitatezko eta koprometituaren lehendakaria” legez definitu zuen Martinez zinemagileak Ramon Agirre, Grouchore aldeko marxistaren txistea aldatuta. “Ni Agirre Lehendakariaren aldekoa naiz, baina ez Jose Antonioren aldekoa, Ramonena baino”. Bere zinemarako azken egitasmoa, Lezo Urreiztieta txundigarriari buruzko dokumentala, aurkeztu aurretik esan zituen hitzok.

Josu Martinezen agerpenak itxi zuen gala Nagore Aranburuk gidatu zuen, trebezia handiz, neurriko aurkezpenak eginez eta umorearen bidez, gehiegikeriarik barik; euskaraz pentsatu eta kasik osorik euskaraz egindako agerpena. Gainera, aurten euskal zinemak izan duen uztaren berri emateko ere baliatu zuen gala, inoizko oparoena izan dela aipatuta.

[Zinemaldia] Ramon Agirre LehendakariaZinemira sariari dagokionean, “arraroena da zera, aurtengo sarituak orain arte jaso ez izana”, adierazi zuen Aranburuk, sarituaren dohaiak aipatu baino lehen: “Aktore oso ona izan behar da pare bat urtetan Hanekeren eta Almodovarren filme bana eta Goazeneko apaizarena egiteko!”. Agirrek erregistroz aldatzeko duen gaitasuna pantailan ikusi ahal izan genuen gero, parte hartu duen filmetako laginen bitartez.

.

Moriartiko kideen eskutik

Saria Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi eta Jon Garaño, Moriarti ekoiztetxeko zinemagileen eskutik jaso zuen donostiarrak.

“[Ramon] beti egon da gure bizitzan, ETBrekin hasi den belaunaldiarentzat “Bai Horixe”n ikusten genuenetik, bidelagun. Eta lankide izan dugu gero”, adierazi zuen Goenagak, Moriartiren lehen laburmetraietako batean, “musutruk“, parte hartu zuela gogora ekarrita. Arregik aktore transbertsala zela kontatu zigun, edozein publikoetara heltzeko gai; “momentu honetan izar bat gaztetxoen artean [Goazen! dela-eta]”. Bere aldetik, “berarekin lan egiterakoan asko eskatzen du, eta horrek gauzak zailtzen ditu”, bukatu zuen Garañok, “baina gehiago da ematen duena; pertsonaien bertute eta arazoak agertzen ditu, zuzendariei asko gustatzen zaiena; paperean dagoen pertsonaia haragizkoa egiten du, egiazkoa”.

Ramon Agirrek “munduko aktorerik handiena” sentitzen zela azaldu zuen gero, saria eskuetan -azpian duzue ikusgai bere hitzartze osoa-. Aretoa bete eta txalo zaparrada batez hartu zuen hurbileko publikoaren aurrean, hastapenak akorduan hartu, antzerkian, eta film ugaritan parte hartzeko aukera izan duela eta, zorte handiko sentitzen zela bota zuen… “eta segi dezala festak, ez dut etxean gelditzeko gogorik-eta”.

Donostiarraren aburuz, badugu zer kontatua, baina guk kontatu behar dugu, eta guk guek erabaki zerk egiten digun grazia eta zerk batere ez. “Ez gabiltza talentuz eskas, guk geuk sinestea falta!”.

 

[Zinemaldia] Ramon Agirre Lehendakaria [Zinemaldia] Ramon Agirre Lehendakaria
Ramon Agirre, Zinemaldia, Zinemira Saria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude