Praktikaren Magia. Topaketaren laburpena

Praktikaren Magia. Topaketaren laburpena –

2017ko azaroaren 10ean, AEKren Praktikatu zerbitzuak Praktikaren Magia, esperientzien topaketa antolatu zuen, Bilboko Hika Ateneon. Bertan, 50 bat lagunek hartu zuten parte: batik bat, mintzapraktika egitasmoetako dinamizatzaileek. Argazkien galeria.

Hasteko, hainbat herritako esperientziak iritsi zitzaizkigun, tertulia laburren bidez:

  • Noelia Lataburu eta Josune Garcia de Bikuña dinamizatzaileek bi proiektu azaldu zituzten gurasolagun taldeak elikatzeko: Lautadako familien pasaportea eta Andoaingo bidaide.
  • Garbiñe Okerantza euskara-teknikariak eta Fernando Landaburu dinamizatzaileak Portugaleteko esperientzia arrakastatsua hurbildu ziguten: 7 urteko ibilbidearen ostean, lortu dute 200 lagun elkartzea astero-astero, beste hamaika ekintza antolatzeaz gain.
  • Juanmi Bravo Ermuko dinamizatzaileak azaldu zuen bere herriko dinamika elkarlana sustatzeko, baita mintzodromoa eta ekintzen menua osatzeko gakoak ere. Harekin batera, Edurne Ruiz Sakanako mintzakideko dinamizatzailea aritu zen, hango ELE festaz eta bertako liburutegiekiko elkarlanaz.
  • Pili Ibarra dinamizatzaileak deskribatu zuen nolako harremana duten Gernikako berbalagunek mendiarekin, ibilbideen gida argitaratu berrian islatzen dena. Aaron Garmendia Aiaraldeko dinamizatzaileak, aldiz, Berbabenturaren esperientzia eta kirola eta natura uztartzeko egitasmoa ekarri zizkigun.
  • Ainara Loiarte Mintzanet-eko koordinatzailea On-lineko mintzapraktikaren aukerez eta erronkez mintzatu zen. Azkue Fundaziotik Iurdana Acasuso etorri zitzaigun, Mintzatu aplikazioa mintzataldeetan erabiltzeko paradaz jardutera.
Ondoren, atsedenalditxoa egin eta lan-taldeak bildu ziren, gogoz ahalegintzeko asmoz praktikarako “makiltxo magikoak” topatzen. Parte-hartzaile orok eman zuten beretik, nork bere eskarmentutik, garrantzitsuena elkarrengandik ikastea baita.
.
Jardunaldiari hasiera zein amaiera emateko, Asier Kidam magoaren emanaldia izan genuen gozagarri; izan ere, euskara eta euskaraz praktikatzeak badu aski magia.
.

Oharra: Edizioarekin amaitzen dugunean interbentzioen bideoak eskegiko ditugu.

Praktikaren Magia. Topaketaren laburpena.
AEK, berbalagun, euskaltegia, euskara, mintzakide, mintzalagun, mintzapraktika, praktikatu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude