Poza ere mingots?

images5.jpgimages-12.jpg

Elkar argitaletxeak, MUGETAN nire nobelaren 7.edizioa egin du: 500 ale. Horrek esan nahi du, milaka batzuk saldu direla dagoeneko (8.000?). Pozteko albistea beharko luke izan horrek egilearentzat, baina, poztu? Zertaz poztu? Liburuak 10 euro inguru balio duela uste dut, beraz, ale guztiak salduko balira, urte batzuren buruan 500 euro jasoko nituzke, hortik zergak kentzeko. Ez dago batere gaizki, pentsa lezake batek, salduko den liburu bakoitzeko euro bat irabaztea, baina irakurketa bakarraz bestekoak ere baditu gertaera honek, nik bai baitakit, “irakurle naturalak” ez direla izan liburu hori liburudendetan eskatu dutenak. Aitzitik, irakurle derrigortuak ditu erosleak, ikasle jendea, bereziki.

Jakin dakit MUGETAN ez dela klasiko izateko jaioa, maite dudan arren, abiatze eleberri bat baino ez zen izan niretzat. Handik hona, 1989tik, lau aldiz, gutxienez, gainditu dudana. Han jorratzen diren gaiak (amodiozko triangelua, euskal gatazka…), mila aldiz hobeto agertzen asmatu dute beste egile batzuek. Zer arraio dabiltza, orduan, hura irakurtzen gaurko 16-17-18 urteko gazteak? Zein irakasle alferrek edo irakaskuntza sistema baldarrek dauka gertaera honen erantzunkizuna?

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Poza ere mingots?”-ri buruz

  • Irakasleoi zer ez aholkatu esaten zaigu eta idazleek esaten digute normalean. Gogoan dut Pako Aristik (bera zela uste dut) irakasleok ikasleei liburu “zaharrak” aholkatzen dizkiegula-eta idatzi zuena, esanez labetik atera berri diren liburuak aholkatu behar genizkiekeela. Kontrara, ikasleei zer aholkatu argitaletxeek esaten digute. Eta hori noski, ez da izaten sarri parte onekoa. Noiz esango digute idazleek zer aholkatu behar zaien 14-18 urteko gazteei, zer ez esan beharrean? Gustora entzungo nuke aholkua, zinez. Ala nik aholkatzen (edo hobe esan behartzen) dizkiedan liburu zerrenda jakin nahi duzue jipoi nazazuen?

  • Gustatu zait posta, bai jauna. Amaiera, apoteosikoa. Zorionak.

  • Ikastola pijo batean ibiltzen nintzen ni 14-18 urte nituenean. Garai horretan “KAKA ZAHARRA” izaten zen Literatura klaseekin lotzen nuen kontzeptua. Euskal literaturaren historia bereziki gogaikarria egiten zitzaidan: 9 hilabete apaizak gora, seminaristak behera. Lizardi eta bere amonaren poemei tripak ateratzen egunak ematen genituen (!!). Nik uste dut, derrigor irakurri beharreko liburuen zerrendan Axularren “Gero” bezalako klasiko bat duen irakaslea (nireak bazuen) jipoitu egin beharko litzatekeela, susto txiki bat emateko bada ere. Liburuak ikasleak torturatzeko erabiltzen badira normala da gero ikasleek errepresalietan pentsatzen denbora galtzea irakurtzen baino. Ni horrela ibilitzen nintzen.

    Zer ez aholkatu eta zer aholkatu… Irakasle askok kobratzen dutenarekin nik ez nieke ezer esango. Pentsa eta asma dezatela. Eskolan kotxeko erruedak pintxatzen ibiltzen diren haurren %98ari ez zaizkio irakasleak klaserako hautatzen dituen liburuak gustatzen (Eustat).