Poeta on eta gaztearen malurak

images2.jpg
Joan zen zapatuan, poeta on gazte batek esan zidan ez duela gehiago idatziko. Luzea izan zen eskaini zidan esplikazioa eta ulertu ulertzen nion esan nahi zidana, baina ez nintzen bat etorri berarekin. Ezin bat etorri, inola ere. Poeta on gaztearen hitzak ezin dira hemen laburbildu, baina, zabarki bada ere, esan dezagun bere belaunaldiari egokitu zaion literatura sistemak antzutu egiten duela. Izutu egiten da, esaterako, Kirmen Uribek liburu bakarrarekin lortu duen loria mediatikoa ikusitakoan. Pentsatzen du, idazle gisa arrakasta eskuratzeko kontua ez dela soilik literaturaren eremuetan fin ibilita lortzen. Eta ez du nahi. Neke da. Ez du beste lan hori egin nahi, edo ez du bere burua horretarakoa ikusten. Eta ez du idatziko. Ez eta ez eta ez, idatz dezala mila bider eskatu arren. Eta oroitzen naiz gu hasi ginenean nola ziren gauzak, kamarada, eta jarraitu dugunean ere nola izan diren gauzak, eta hemen gauden honetan gauzak nola diren ere bai… Inozoak gu, Tropelekoak deitutako gu, azkenean, geu ohartzeke, fortuna handikoak baikara, arazo larririk ez bagenu bezala idatzi dugulako apetak agindu diguna, senak erakutsi digun bezala. Zorionekoak gu, Tropeleko idazleok, Aresti, Lizardi, Mirande eta Orixeren pelmadaz gain, Atxaga, Saizarbitoria, Sarrionandia eta beste dozena erdi garaikideren loriari begira geratu gabe, geure idazle-bidetxoa ibili dugulako; euskara eraikitzen lagundu dugulako; gure literaturari gorputza edo, bederen, bolumena eman diogulako; poeta on gaztearen belaunaldiari zer irakurria ekarri diogulako; hizkuntza ahalik eta haruntzen bultzatu dugulako; geuk idatzitako apurra —on eta txar—, hutsetik sortu dugulako… arazorik batere gabeko literatura sistema zaharrean. No te jode!

Eta txarrena da poeta on gazte alu horrek ez duela gainera gehiago idatziko, bete egingo duela emandako hitza, kontutan eduki gabe, gu baino hobeto jaso duela hizkuntza, gu baino gehiago ikasi duela berak, gu baino mila bider gehiago irakurri duela berak… eta, finean, gu baino idazle askoz hobea dela bera. Hau izorratzia!

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

10 pentsamendu “Poeta on eta gaztearen malurak”-ri buruz

  • Nik ulertzen dut poeta gazte on hori. Hainbeste dira poeta txarrak, hainbestekoa da poesiaren moda… ezen ez poeta izatea den poemarik handiena.
    Poesia ala posea?
    Ez nuen zuen elkarrizketa aditu. Poeta zein den ere ez dakit… baina poeta onari idazteko gogoak kentzea ulertzen du.
    Irakurtzeko ere, gogoa behar da gero.

  • Ez dakit, baina iruditzen zait generazio guztietan egon direla jainkotutako idazleak… Hala ere, Patxi, gustura jakingo nuke poeta txarren eta modakoen definizioa nolakoa duzun.

    Poeta on gazteari ilusioa joan zaion bezala joan daiteke poeta txar gazte baten, hobetzeko duen denbora guztia jakinda ere, ilusioa.

  • Hizkuntza ongi jasotzea ez dela kontua esango nuke, ez da besteek baino gehiago ikastea, ez da inork baino gehiago irakurtzea, ez da, inolaz ere, ilusioa. Errazegia litzateke horrela. Ikasten eta harrapatzen zailagoa den beste gauza bat behar da, musika, karramarroak edo haizearen higaduraren antzeko zerbait, baina horrela ere errazegia litzateke. Zein da arazoa? Literatura sistema? Ze garrantzia du arkatza eta papera edo eramangarria erabiltzeak?

    Sikologia gehiago Factotum filmeko gidoian:
    “I sometimes worry I might not be a very good writer, but then I read other writers and realise I have nothing to worry about.”

    eta gehiago hemen:
    http://gbklub.blogspot.com/2007/03/dont-try.html

  • Anonymous Said 2007-06-13 16:17

    Idazten duen orok behar du irakurlea: dela IDAZLE, idazle, idaztezale-blogari-globero edo kazetari, guztiek behar dute irakurlea irabazi, irakurleak irabazi, metatu. Horretarako, paper formatuan argitaratzen dutenek badirudi derrigorra dutela promozioa deitzen den garai edo jarduera. Paperean argitaratzen duenak (liburuan) beste paper batzuetan (egunkarietan) agertzea du beharrezko, baita beste formatu batzuetan ere: tb, irratia, internet…
    Idaztezale-blogari-globerook, aldiz, bide bakarra dugu promoziorako: blogari ezagunenetan erantzunak utzi. Honengatixe, ulertzen dudalako poeta gaztearen asperdura, izango naiz gaur -gaurkoagatik- Anonymous Said.

  • idazten duten batzuek irakurle gehiegi behar dituzte.Kafka dixit.

  • Lehen aldia da bertara sartzen naizela eta interesgarria iruditu zait gaia. Bat nator “balaklaba”rekin, ez dela nork jakin gehien, nork eman gehiago. Nere ustez dohainak dira, besterik ez. Batzuetan ordea, zuhaitzak ez dute nahikoa eguzki eta euri jasotzen eta euren hostoak ustelduz doaz, fruitu guziak eurekin batera erortzen direlarik. Daukaguna eduki beharko litzakeen haina baloratzen ez dugulako, garrantzia galtzen joaten da, eta grinak gogoari jadanik eutsi ezin dionean etsipenaren zulora jausten gara, beste bide batzuk hartuz, ondorioz zenbait bideetara renuntziatu behar izaten delarik. Ez dakit, idazten denean amestu eta ume egiten bagara, amesteari utzi (utzi-behar agian batzuetan) egiten diogunean heldu bilakatzen garen moduan.
    Hiru gurpilezko bizikletatik bi erruedakora pasatzea bezala.

  • Anonymous Said 2007-06-14 00:14

    Ez dut lehen esan, baina esan gabe doa euskal star microsystemak eman dion loria mediatikoak ez diola edertasun izpirik kentzen (ez gehitzen) demagun Kirmen Uriberen poesiari.

  • Ulertzen dut, ulertu ere, poeta gazte eta onaren malura. Arrazoietan huts egiten duela iruditzen zait, ordea. Hasierrek dio “bere belaunaldiari egokitu zaion literatura sistemak antzutu egiten duela”. Izutu egiten da, esaterako, Kirmen Uribek liburu bakarrarekin lortu duen loria mediatikoa ikusitakoan. Pentsatzen du, idazle gisa arrakasta eskuratzeko kontua ez dela soilik literaturaren eremuetan fin ibilita lortzen.” Uiuiui…. ez al du esaten esaten duena baino gehiago?
    Hasteko, “literatura sistemak antzutu egin duela”. Antzutu norbera egiten da, eta arrazoi edo aitzakiatzat sistema edo eguraldia jarri. Sistemak egin nau zorigaitzeko, errazegia da esaten. Mamu kontrolagaitz balitz bezala, ohartu gabe guk ematen diogula Mamuari magnitudea.
    Uribek liburu bakarrarekin “loria mediatikoa” lortu duela? Bejondeiola! Baina oker ez banago 30 urte ingururekin atera zuen liburua, eta aurretik milaka liburu irakurria zen, milaka gauza bizi eta milaka testu idatzia. Ez da izan liburua idatzi eta zast!
    Etsitzeko mila arrazoi ditugu, noski. Denak ez daude gure esku, baina arrazoi hauek, niri behintzat, ez didate balio. Poeta horren kontuari “alferkeria existentziala” deituko nioke. Ezagutzen dut, ezagutu ere. Nik ere bizi dut.

  • Jarri, mesedez, blogean poeta on horren poemaren bat burmuinak antzutu baino lehen. Agian horrela hobeto ulertuko dugu erabakiaren (tragediaren?) zergatia eta garrantzia.

    Konatxe jauna! Gogoratu Max Brodek literatura salbatu zuela behin!

    😉

  • Beti bezala, literaturaz aritu beharrean, ingurumariko ‘txikikeriez’ ari gara. Ez hartu esandakoa txarrera, baina, gaure arazoetako bat, horixe da: kanpora begira bizi garela. Seguruenik, literaturak hedabideen zalapartaz haratago duen inpaktu txikiegiagatik kezkatuta –gaisotuta–. Ez, ez dira literaturarako garai onenak, edo, bestela esateko, ez dira irakurle leialak –eta ugariak– izateko garai onenak.
    X poetaren nahigabea, bestetik, ez zait horren epikoa iruditzen. Sistemaren ustelkeriagatik ez du inork literatura uzten. Heroiak beste lubakietan dabiltza. Baina ustelkeria horrek gure idazteko gogo faltarekin bat egiten duenean, orduan aitzaki ezin hobea suertatzen zaigu, horrela, ezustean, Uriberen arrakasta bezala, bat batean, –poesia– idazteari uzteko.
    Pena da, baina ez bere erabakia, bere apatia baino. Itzuliko da.

    (Konatxeren oharra: iruzkin honetan poeta gaztearen inizialak jarri ditu Lizardik. Orain arte ez denez inoren izenik aipatu, eta poeta gaztearen kasua belaunaldi baten egoera islatzeko erabili nahi zenez, X bat jarri dut benetako inizialen lekuan, iruzkinari kalterik egiten ez diolakoan. Erabaki hau ulertzen ahal du Lizardik!)