Planetaren mugak gainditzen

Planetaren mugak gainditzen –

Izaro Basurko Pérez de Arenazak, EHUko Ekopol ikertaldeko ikertzaileak, Zientzia Kaieran.

Donella Meadows ingurumen-zientzialariak eta bere taldeak “Hazkundearen mugak” txosten famatua idatzi zuten 1972an, hazkundeak zituen muga garrantzitsuenak aipatuz (Meadows et al., 1972). Hogeita hamar urte geroago txostena berrikusi eta liburu berri bat argitaratu zuten, non argi uzten zuten berriro ere mugak gaindituz goazela eta kolapsoaren bidea hartu dugula: baliabide gero eta gutxiago dugu eskura, eta aldiz populazio, kontsumo eta kutsadura geroz eta gehiago (Meadows et al., 2006).

Planetaren mugak lanean -edo ingelesez Planetary boundaries deitutakoan- Lur sistemaren egonkortasunerako funtsezko 9 prozesuen egoera ebaluatzen dute. Planetaren bizigarritasuna arriskuan jar dezaketen prozesu hauentzako atalase batzuk iradokitzen dituen marko kontzeptual bat da.

.

Mugak ez dira inflexio-puntuak

Kontzeptu hau 2009an proposatu zuen Johan Rockström (Stockholm Resilience Centre) eta Will Steffen (Australian National University) buru zituen nazioarteko 28 zientzialarik osatutako talde batek (Rockström et al., 2009). Planetaren mugak erreferentziazko esparru kontzeptual bihurtu da gaur egun; hainbat artikulu zientifikoren gai da eta Nazio Batuek bai Davoseko Munduko Ekonomia Foroa bezalako organismoek erabili dute haien txostenetan.

Muga hauek, kasu askotan, gainditzeko egoeran daude, gizakiek eratuta dugun gizarte-, ekonomia- eta politika-sistemaren eraginez. Jatorrian definitu ziren bezala, muga hauek ez dira atalase global edo inflexio-puntu baten baliokideak. Muga hauek atalase, edo inflexio-puntu horiek baino lehenago gainditzen dira, eta aukera emango liokete gizarteari alerta goiztiarraren seinaleei erantzuteko. Atalasea gaindituz gero, aldaketa malkartsu edo arriskutsu batean sartu gaitezke eta.

Esan beharra dago hasieran 9 muga definitu bazituzten ere 2015ean egindako lana berrikusi zutela eta beste hiru muga edo atalase gehitu zizkiotela sistemari (Steffen et al., 2015).

Planetaren mugetako kontroleko aldagaien egoera. Berdegunea segurua da, horia ziurgabetasun-eremua da (gero eta arrisku handiagoa) eta gorria arrisku handiko eremua da. Planetaren muga berdegune eta horien elkargunean dago. Arrisku handiko eremuan daude: aniztasun genetikoa, nitrogenoa zein fosforoaren zikloak. Klima-aldaketa zein lur-sistemen aldaketa, berriz, eremu horian. Irudiak erakusten duenez, ez da egoera oso lasaigarria. (Argazkia: Steffen, W. et al. (2015)-egokitua-)

Hauez gain, badira sistema guztia desegonkortu nahi ez badugu zeharkatu behar ez ditugun atalaseak, ingelesez Tipping Points ere deitutakoak. Exeter Unibertsitateko Tim Lenton ekologoak zuzendutako ikertzaile-talde batek 2008an jada ohartarazi zuen lehen aldiz inflexio-puntu klimatikoen arriskuaz. Garai hartan, uste zuten berotze globalak 5 gradu zentigradu gainditzen zituenean soilik sortuko zirela arriskuak (Lenton et al., 2008). Baina 2019ean, Lenton berak eta sei egilekidek adierazi zuten arriskuak askoz ere probableagoak eta hurbilagokoak direla orain.

Inflexio-puntu batzuk, haien arabera, gaur egun bizi dugun berotze-mailarekin gainditu ahal izan dira (Lenton et al., 2019). Ikertzaileek uste zuten inflexio-puntu horiek elkarrengandik independenteak zirela neurri handi batean.

Orain ohartarazten dute munduak aldaketa bortitzen “ur-jauzi” bati egin behar diola aurre planetako sistema klimatikoan, berotze globala sendotzen den heinean. “Baliteke elkarri lotutako inflexio-puntuen ur-jauzi baten atalasea gurutzatu izana”, idatzi dute artikuluan.

Ur-jauzien mapa orokorra. (Argazkia: Steffen, W. et al. (2018) -egokitua-)

Gaur egun oraindik orekan dauden hamabost azpisistema edo elementu ditugu arriskutsu bezala sailkaturik, baina hauetako baten atalasea gaindituz gero beste denak ezegonkortzeko aukera zabaltzen digun fase-aldaketa bat eragin dezakete. Honek sor dezakeen larrialdirik handiena berotegi efektua handitzea litzateke, eta horrek lurraren bizi-baldintzak asko zailduko lituzke (Steffen et al., 2018).

.

Ur-jauzia efektua

Lenton eta bere lankideen ustetan, ur-jauzia efektuak gero eta ohikoagoak izan daitezke eta adibideak ikusten hasiak gara. Adibide moduan, Artikoko itsas izotzaren galera har genezake. Izotzaren urtzeak eskualdeko berotzea areagotzen du, eta Artikoaren berotzeak eta Groenlandiako izotzaren urtzeak Ipar Atlantikoan ur geza sartzea bultzatzen dute. Horrek, XX. mendearen erdialdetik, %15eko moteltzea eragin du Atlantikoko hegoaldeko oszilazio-zirkulazioan (AMOC, ingelesezko sigletan), izan ere, ozeanoan zeharreko bero- eta gatz-garraio globalaren funtsezko zatian. Groenlandiako izotz-geruzaren urtze azkarrak eta AMOCen moteltze handiagoak Saharako montzoia desegonkortu dezake, baita Mendebaldeko Afrikan ere, eta, ondorioz bertan lehortea eragin lezake. Gainera, AMOCen moteltzeak Amazonia lehortu dezake, Asia ekialdeko montzoiak nahasi edo eten eta Ozeano Australean beroaren metaketa eragin lezake, eta hortaz Antartikako izotzaren galera ere azkartu (Pörtner et al., 2019).

Hurrengo hamarkadan edo bi hamarkadetan gertatzen diren joera eta erabaki sozial eta teknologikoek eragin nabarmena izan lezakete Lur sistemaren ibilbide eta etorkizunean. (Argazkia: Dominic Wunderlich – Pixabay lizentziapean)

Ikusten dugunez, ur-jauzi efektu honek eragin oso desberdinak izan ditzake eta munduko hainbat lekutan barreiatuta. Esandako guztia, gainera, ur-jauzi efektu hauek beren artean izan ditzaketen harremanak kontuan izan gabe!

Planetaren mugak gaindituz goaz, bihurgunera gero eta azkarrago iritsiz, ziurgabetasun eta arriskuen eremuan gero eta gehiago barneratuz. Noiz jabetuko gara planetak mugak dituela? Noiz ekingo diogu gure planeta benetan zaintzeari?

.

Erreferentzia bibliografikoak:

Planetaren mugak gainditzen Planetaren mugak gainditzen

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Planetaren mugak gainditzen”-ri buruz

  • josu naberan 2022-01-02 10:04

    ikerketa-lan bikaina, Lur Planetako Txinurrieria informatzeko.

    Egiaz harrituta niagon ikusirik nola 100 urtebaino epe laburragoan aldatu den txinurri-jendartea eta Txinurretegia bera, “Planeta” deritzotena.

    Nihaur, 80 urte bete berri hau, KARBUROaren garaian jaio ninduan,
    Gaztainondo, sagarrondp eta -ondo guztiak hondatzen ikusi dizkiat…
    Enarak, !purtargiak, Erleak… eta orain gizaki afrikarrak izu-larrian ihes egiten norabaitera…
    Poloak eta mendi gailurrak artifizialki desizozten…

    Eta ez dakit “narzisista” izango naizen, seguruenik bai, ingurukoa ia guztiak bezalaxe, baina uste diat beste mundura atean gaudela txinurriok eta Txinurretegia bera akaso.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude