“Pikadero” euskarazko filmak (ere) egin du bere tokia

Uztailaren 23ko “Asier Altunaren “Amama” filma, Zinemaldiko lehia nagusian” sarreran pozik agertu ginen bigarren urtez jarraian euskarazko film bat Donostiako Sail Ofizialean izango genuelako, iragan urtean bidea zabaldu zuen Garaño eta Goenagaren “Loreak” filmari segida emanez.

Eta gaur, irailaren 18tik 26ra bitarte ospatuko den 63. Zinemaldian proiektatuko den beste film euskaldun bat aurkeztera gatoz, Zuzendari Berriak sailean izango den “Pikadero”:

Irune Gurtubai bizkaitarrak ekoiztu eta Ben Sharrock eskoziarrak zuzendu duen lana da “Pikadero”, bikote gazte baten harremanean sortu den krisia panntailaratzen duena. Gidoia zuzendari eskoziarrak idatzi zuen ingelesez, eta Euskal Herrian girotua dagoenez, euskarara ekarri zuten gero. “Dirurik ez duen bikote batek arazo larriak izango ditu gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Zailtasun horiek kolokan jarriko dute amiltzen ari den ekonomiatik askatzen saiatzen ari den amodio-historia bat”. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista euskarazko filmak.

“Pikadero” Zuzendari Berriak sailean proiektatuko da Zinemaldian, beste hamabi filmekin batera. Oso jatorri ezberdinetakoak diren arren -latinoak eta Europa ekialdekoak daude- tartean, baita Israel edo Hego Koreakoak ere-, gai nagusi bat gailentzen da saileko filmetan, “beren tokia egin nahian dabiltzan gazte gatazkatsuena; aurrera egitea oso nekeza baitute“. Asko, “Pikadero” tartean, herrialde ezberdinen arteko elkarlanean burutu dira, zinemagintzan gero eta ohikoagoa  dena, Zinemaldiko zuzendari Rebordinosek, Zuzendari Berriak sailaren aurkezpenean, adierazi zuenez.

Luzea bihurtu baino lehen “Patata tortilla” izeneko film labur bat izan zen “Pikadero” -edo hobeto esanda, azken honen bertsio labur bat egin zuten-, britainiar Bafta sari entzutetsuetatik bi eskuratu zituena, talentu berrien atalean, Gidoi Onenari eta Drama Oneari sariak.

Zuzendari Berriak sailak zinemagile hasiberrien lanak erakusten ditu, zinemagileen lehen edo bigarren filmak direnak. Zinemagintzan tokitxo bat egin nahi duten sortzaileei bidea ematea baitu helburu; hauxe da Gurtubai eta Sharrock-en nahia, hain zuzen ere.

"Pikadero" euskarazko filmak (ere) egin du bere tokia

Zuzendari Berriak Saila (Donostiako Zinemaldia):

  • “After Eden” Hans Christian Berger (Kanada)
  • “Barash” Michal Vinik (Israel)
  • “Einer Von Uns” (One of us) Stephan Richter (Austria)
  • “Granny´s Dancing On the Table” Hanna Sköld (Suedia-Danimarka)
  • “Iona” Scott Graham (Britainia Handia-Alemania)
  • “Jajda” (Thirst) Tsotsorkova Svetla (Bulgaria)
  • “Le Nouveau” (The New Kid) Rudi Rosenberg (Frantzia)
  • “Parasol” Valéry Rosier (Belgika)
  • “Paula” Eugenio Canevari (Argentina-Espainia)
  • “Pikadero” Ben Sharrock (Euskal Herria-Britainia Handia)
  • “Rodinny Film” (Family Film) Olmo Omerzu (Txekia-Alemania-Eslovenia-Frantzia -Eslovakia)
  • “Stay With Me” Jinwoo Rhee (Hego Korea)
  • “Vida sexual de las plantas” Sebastián Brahm (Txile)

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.