Philip Rothek bazekien nola bihurtu partikularra unibertsal

Philip Rothek bazekien nola bihurtu partikularra unibertsal –

Gorka Bereziartuak, Boligrafo Gorria blogean.

Philip Rothek bazekien nola bihurtu partikularra unibertsal
Ilustrazioa: Gregory Di Folco.

Asteazken honetan hil den Philip Rothek parekatzeko zaila izango den ibilbidea utzi du literaturan. Aukera segurua beti, haren nobelekin eztabaida ez da hau ona den eta beste hura kaxkarragoa, kuestioa gehiago da zein dagoen batez besteko maila onean eta zein den, sinpleki, bikaina.

American Pastoral izenburua artikulu askotan aipatuko da gaur, hori jotzen baita Rothen eleberri gorentzat, baina ezer irakurri gabe daukana beste edonondik ere has daiteke; adibidez, euskaraz dauzkagun Suminez (Meettok, 2009) edo Nemesis (Meettok, 2011) ez dira batere aukera txarra.

Oso gutxiren esku dagoen sakontasunarekin errekreatu zuen XX. mende estatubatuarra, momentu, giro eta pertsonaia ahaztezinen bidez; akaso estilo aldetik berrikuntza handirik ekarri gabe, baina lehen irakurrian eman dezakeena baino idazkera konplexuagoarekin.

Letrak juntatzera dedikatzen garen askok inbidiatzen dugun lorpena da, esaterako, Trilogia Amerikarrean bere alter ego-a den Nathan Zuckermann idazlearen bitartez jorratzen duen zehar-estiloa.

Bada Rothen liburuetan arreta deitzen duen beste alor bat ere: nola lantzen duen AEBetako judua izateak pertsona bati eransten dion zama, zenbat ertzetatik begiratzen dion identitate partikular horri, dauzkan kontraesanei, sortzen dituen lotura kultural eta moralei.

Eta nondik kontatzen duen: Newark, Weequahic auzoa, handik paseatzen ariko bazina bezala ikusten da Rothen nobeletan. Hil den arte AEBetako idazle handienetakoa izan denak ez du erdigunetik kontatu bere herrialdea, ertzetatik baizik. Eta lortu izan du beren lekuan eta testuinguruan hain konkretuki identifikatutako pertsonaiak era berean izatea guztiz unibertsalak.

Beste ertz batzuetatik ere irakur dezakegu Roth, izan ere, esaidazue, ez al dauka, adibidez, gurearekin nolabaiteko loturarik American Pastoral-eko Levov “suediarra”-k, zeinaren bizitza sufrimendu psikologiko jasanezin batean murgiltzen den, antolatu duen klase ertain-altuko bizitzak bere alabaren kontra jotzen duenean, honek bonba bat jarri eta ondoren desagertzen denean?

Ez ote du I Married a Communist nobelako Ira Ringold irrati-esatariak jasaten duen sorgin-ehizak oihartzunik egiten inguruan bizi-bizirik ditugun antzeko jazarpen politikoekin?

Ez al du edozein gutxiengotako kidea den norbaitek ederki ulertuko The Plot Against America-ko haurraren kezka, filonazi bat AEBetako presidente izatera iritsi delako?

The Human Stain-eko Coleman Silk ez al da autogorrotoan erortzen diren euskaldun askoren ispilu aparta?

Rothek ez du liburu gehiago idatziko. Behin eta berriz irakurtzeko moduko asko utzi ditu, zorionez.

Philip Rothek bazekien nola bihurtu partikularra unibertsal
Philip Roth
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude