Pete Seeger gurekin dago

Pete Seeger gurekin dago

Martxoaren 7tik apirilaren 8ra bitartean den Loraldia jaialdiak euskal kultura garaikidea erakustea du xede, zubilanak egin eta beste kulturekin egindako elkarlanak sustatuz, sarri. Gaur “Eutsiko diogu, Pete! (The Seeger Basque Sessions)” aurkeztu du, martxoaren 26an Lou Topet taldeak joko duen kontzertua. Arriaga antzokikoa hitzordu berezia izango da, Loraldiaren ekoizpen propioa izanik, bakarra izango da-eta.

Pete Seeger gurekin dago“Musikari hilezkorrik baldin bada, horixe da Pete Seeger, Amerikako Estatu Batuetako folk kantari garrantzitsuenetarikoa”, dio Loraldiak berak egiten duen aurkezpenak, eta urrunago doa Oier Aranzabal, Lou Topet taldeko gidaria. “Pete Seegerren kantutegia oso konprometitua da, politikoki konprometitua. Eta horregatik gustatzen zait”.

Imanol Urbietarekin parekatzen du zarauztarrak Pete Seeger; “pasta bereko musikariak dira, herriarentzat eta herriarekin kantatzen dutenak. Ez zuten pertsonalismo edo egorik, ez ziren ohiko kantautoreak. Kantua modu pedagokiko batean ulertzen zuten, moodu politiko batean, eta abestearen indarra aldarrikatzen zuten. Beraien abestiak jada ez dira beraienak, herriarenak egin dira, eta hau oso indartsua iruditzen zait”.

 Aranzabalek txikitatik ezagutzen du Seeger, osabaren autoan entzuten baitzuen, “hasieran kasu handirik egiten ez banion ere. Banekien nor zen Pete Seeger eta ezagutzen nuen bere kantutegia”. Horregatik, Loraldiaren eskaintza jaso zutenean, kontzertu omenaldi bat egitekoa, hasieran zalantzan izan baziren ere, “ikusi genuen zentzua zuela eta erabaki genuen egin behar genuela, oso bero baikenuen `Abesti bat gutxiago´ proiektua”.

Aipatutako egitasmoan “Loreak non dira?” kantatu zuen Lou Topetek, Seegerren “Where Have All The Flowers Gone” abestiaren moldaketa. Aurretik ere, Seeger bizi zela, Aranzabalek omenaldi bat antolatlu zion Zarautzen, “azkenean gauzatu ez zena. Eta arantzatxoa nuen”.

Lou Topeten aurretik ere Pete Seegerren kantutegiak eragin handia izan zuen gure musikagintzan  -70eko hamarkadan Euskal Herrian izan genuen-, batez ere Ez dok Amairuko kideengan. Eta gerora, Benito Lertxundik “Zergatik utzi kantatzeari” abestu zuen (2002, Elkar); New Yorkeko musikaria hil berritan, 2014an, Josu Landak 14 kantu euskaratu eta Armiarman eskegi zituen; eta oraintsu, Garik “Eutsiko diogu” kantua moldatu du -hemen Zarauzko Garoan, zuzenean-.

Aranzabalengana bueltatuta, “Pete Seeger, gainera, izebergaren punta baino ez da, AEBetako ezkerrarena”, diosku. “Zarata mediatiko kapitalistaren azpian, badago eta gizarte progresista eta aurrerakoi bat AEBetan, oso ezkertiarra, ikusten ez dena. Pete Seegerrek sinbolizatzen du gizarte hori, eta aparte, ezin da ulertu gaur eguneko musikari asko berak egindako lana aintzat hartu gabe”.

Rockaren historiako pasarterik gogoangarrienetako bateko protagonista ere izan genuen Pete Seeger, Bob Dylan elektrikora pasa zela-eta aizkora batekin argindarra moztu nahi izan ei zionekoa. Baina hau beste kontu bat da.

.

Abesti bat gutxiago (epilogoa)

Loraldia jaialdiko eskaintza “Abesti bat gutxiago” egitasmoaren epilogo bihurtu da, aitortzen du Oier lagunak, “jada hurrengo diskoan pentsatzen baikeunden”. Kontzertuaren harira, abesti zerrenda bat atondu zuen Aranzabalek, “eta hauek entzuten zein gitarrarekin frogak egiten hasi, Rafa Ruedarekin batera”; horrela, 14 abesti inguru moldatu dituzte.

“Egia esan, ez dugu formularik kantuen moldaketa egiteko”, onartzen digu Lou Topeteko gidariak. “Kantuaren itzulpena hartu eta abesten hasten gara, eta momentu batean zure egiten duzu, berez datorren kontu bat da. `Abesti bat gutxiago´ lanean horretaz hitz egiten genuen. Bertsio bat egitea abesti bat zeureganatzea da, ez kopia bat egitea. Pete Seegerren antza izatea baino, Pete Seegerri gure antza ematea.  Abestiak jo eta jo, ikasi eta gure estiloan jo, aldaketak proposatu eta sortzen da beste abesti bat, geure abesti bat, Pete Seegerrena ere badena eta jendearena ere izango dena”.

Seegerrek abesten dituen abesti gehienak ez dira bereak, herrikoiak dira asko, eta anonimoak. “Tartean ereserkiak ere badira, asko, eta hauek moldatzea ez da erraza. Saiatu gara gurera ekarri baina ezagutzeko modukoak izaten jarraitzea bermatzen”.

Ikus daitekeenez, Lou Topet taldeak lan eskerga hartu du bere gain Pete Seeger euskarara ekartzeko (beste behin, Harkaitz Canok egin ditu itzulpenak). “Eta horren testigantza utzi beharko genuela pentsatu genuen. Beraz, Loraldiaren aitzakian baina jada gure kabuz, lau kantuko Ep bat grabatzea erabaki genuen”.

.

Lau kantuko testigantza bat

Astelehen eta astearte euritsu batean, oraindik inauteriak bukatzear zirela, Lou Topet Andoaingo Garate estudioetan gotortu zen, bi egunetan lau kantuko lantxo bat grabatzeko asmotan. Bai lortu ere, guztira 30 lan ordu eginez Martxel Arkarazo teknikariaren gidaritzapean guztira 30 ordu lan egin eta zituzten kafe hornidura guztiak agortu ostean.

Lou Topet Martxel Arkarazoren lanari adi, jada taldekide legez har ditzazkegun Joserra Senperena eta Rafa Rueda, eta kolaboratzaile berezi bat, Joseba Irazoki, banjoa eskutan.

.

Lehen egunean grabaketak egin zituzten, denak batera joz eta oinarria bobinan grabatuz; “egun luzea, eta gogorra”, Aranzabalen iritziz. Bigarrenean nahasketak burutu zituzten, “Norekin hago” singlearekin hasita. Ep-a “Lur hau zurea”, “Su hau” eta “Gabon Ailin” kantuek osatzen dute, lehen adierazi bezala aurretiaz grabatua zuten “Loreak non dira?” abestiarekin batera.

“Zergatik hauek? Entseguetan aurreratuenak genituelako. Tartean bada enblematikoren bat, edo hain ezaguna ez den beste bat… lau hautatu genituen, oso politak”.

Emaitza, benetan ederra, mezu elektroniko bidez etxean jaso dute crowdfunding bidez burututako aurreko lana babestu zutenek. Eta Arriaga antzokiko hitzorduan salgai jarriko da, errepikatuko ez den hitzordu bat gogoan gordetzeko opari berezi gisa, eta estudioko lana ordaintzeko. “300 aleko tirada limitatu bat eta kito, eskuz egina eta numeratua”. Kantuak Badok atarian dituzue entzungai.

Arriaga antzokian jotzear diren honetan, jada disko berrian pentsatzen dabiltza kantuen hezurdurak egiten dituen Oier Aranzabal eta lagunak. “Lou Topet egitasmo likido bat bezala ulertzen dut, aldatzen doana –azaltzen du-; ez dut ulertzen talde itxi bat bezala”. Egun, berarekin batera Oihan Larrañagak (baxua), Ander Zulaikak (bateria), Rafa Ruedak (gitarrak) eta Joserra Senperenak (teklatuak) osatzen dute boskotea, azken honek zuzeneko guztietara joaterik ez duen arren. Azken egitasmora, gainera, Harkaitz Cano ere batu da, lehenengora Jon Benito bezala.

Grabatu berri duten Ep-rako, izendatu ditugun lagun guztiez gain lap steel eta banjoak jo ditu Joseba Irazoki, eta Golvan Marin Valdiviaren laguntza izan dute ahotsetan. Eta Arriagako zuzenekoan, Aiora Rementeria, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta eta Izaro gonbidatuko dituzte oholtza gainera.

Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dagoPete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago Pete Seeger gurekin dago
Loraldia, lou topet, musika, pete-seeger

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude