A Perfect Day

A Perfect Day

Izan al zara inoiz zinean, astean zehar, gaueko hamarretako saioan? Oso esperientzia interesgarria da. Niri aste honetan tokatu zait eta Donostiako fauna bitxia juntatu ginen Fernando León de Aranoaren A Perfect Day ikustera. Lehenengo ilaretan eserita zegoen emakume batek, adibidez, bere eserlekuan dantza egiten eta algara bizian pasa zituen filmak irauten dituen 106 minutuak. Lovely.

A Perfect Day Baina ez joan A Perfect Day ikustera komedia bat ikustera zoazela pentsatuta. Filmak baditu barrea eragiten duten elkarrizketa zorrotz eta egoera xelebreak, baina Aranoaren azken lanak beti gogorarazten digu irribarre  (edo lehen aipaturiko atsoaren kasuan, algara) bakoitzaren ondoren, gerra batean kokatutako filma ikusten ari garela. Eta gerran, txantxa gutxi.

A Perfect Day1995ko Bosniako gatazkaren amaieran gaude. Su-etena sinatu da, baina honen berri ez dakite oraindik zehaztu gabeko Balkanetako paraje idor bateko biztanleek. Bertan borondatezko lanean ari diren Mabrú (del Toro) eta B (Robbins) lankideak, eskualdea urez hornitzen duen putzu batera bota duten gizon lodikote bat ateratzen saiatzen dira. Hildako lodikotearen pisua dela eta puskatu egin zaie eginkizun deserosorako erabilitako soka eta berria lortzen ia ezinezkoa suertatzen da militartuta dirauen Balkanetan. Eta ura kutsatu aurretik potolotxoa lehenbailehen atera behar dute dagoen toki aldrebesetik.

Soka lortzeko aitzakiarekin B eta Mabrú zenbait egoera bitxi eta gogorretatik pasatuko dira, Damir interpretea, Sophie borondatezko lankide gaztea, Nikola haurra eta Katya, “gatazka analista” glamourosoaren laguntzarekin. “Motley Crew” bitxi honen helburua lortzeko dituzten oztopoak (bertakoen mesfidantza, Nazio Batuetako funtzionarioen burokrazia, bidean topatzen dituzten pertsonen kontrako minak), bake prozesu batean gerta daitezkeen oztopoen sinbolo gertatzen zaizkigu.

A Perfect DayLos Lunes Al Sol -en zuzendariaren lehenengo ingelesezko proiektua da A Perfect Day eta erabat borobila ez den arren -barkatu, esan beharra nuen-, aipagarriak dira Aranoak berak idatzitako gidoia (Paula Farias-en “Dejarse Llover” eleberritik egokituta), Alex Catalán-en argazki zuzendaritza bikaina, paisaia pertsonai bihurtzen duen horietakoa, soinu-banda kañeroa eta noski, del Toro eta Robbins-en aktore lan zoragarriak -nahiz eta azken honen “Colgate”-hortz-ultra-zuriak distrakzio bat izan behin baino gehiagotan.

A Perfect Day-ri zerbait falta zaio. Eta ez dakit zer den. Datozen egunotan burura etortzen bazait hurrengo asteko iruzkinean kontatuko dizut.

Deigarria: Benicio del Toro Puerto Ricoko boricueraz hitzegiten entzutea. Deliziosoa.

Izarrak:  3 /5

3-izar

A Perfect Day trailerra (ING)

A Perfect Day, kritika, zinema
Izaskun Arandia

Zinegilea izarfilms.com hemen.me tinkoeuskara.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude