Pentsalariaren zaindariak

Auguste Rodinen Pentsalaria eskultura ezaguna Gasteizen da. Arte lanaz denok ahal bezain beste goza dezagun aditu bat jarri dute denon zerbitzura. Kolpeetan aditua, esku bat patrikan eta bestea borran daraman gizonkotea.

Bazter nahasleak ere badira Gasteizen. Batek daki, Rodinen eskulturak mintzeko adinako zakilburuak; baliteke. Balentrian tematzen badira, iluntasunaren babesaz eta alkoholaren adoreaz, zernahi egingo diote brontzezko handikoteari. Edo, akaso, 650 kilo bizkarrean hartu eta lapurtu.

Horregatik, gau eta egun, zaindaria dute Auguste Rodinen eskulturek. Batera eta bestera ibiltzen den mutil uniformatua, errutinak aspertuta duen gizona. Hantxe dabil, Pentsalariaren eta Calaiseko  burgesen zaintzapean, goizargi zein ilun, jauregiko morroia bailitzan.
Pentsalaria Gasteiz

Hainbeste arte eta hainbeste kultura dituzte hitzetan… ez al lukete hobe gizajoaren ordez arte aditua jarrita plazan? Eredu etsigarri baten erakusle iruditu zait, arte ikasle, irakasle edo jakitun baten ordez Prosegur fidela jartzea han. Gozamenari segurtasun faltsua gailentzen zaio halakotan. Ederra da denon etxea den kalean gogoetarako irudiak jartzea, jakina. Baina, harik eta txundigarriagoa litzateke inor izango bagenu Auguste Rodinez hizketan: inspirazioaz, sinbologiaz, garaiaz eta nik zer dakit zer bestez. Hori izango litzateke Pentsalariari berriz estalkia kentzea bezalakoa.

Baina, ez. Zer behar den eta zer ez diotenek erabakia hartua dute, 24 orduz egon behar da gizon bat biolentziaren mehatxuarekin gaizkileak uxatzen. Denok baitakigu, arratsaldeko hiruretako katramila jendetsuan, arte adituak ezingo lukeela eskulturari haur batek egin diezaiokeen laztan zaurigarria eragotzi. Badaezpada ere Segurtasun Jauna han izan behar da.

Eta, egia esan, inork botako al du faltan Auguste Rodini buruzko azalpenik? Zertarako egin hori, bizitzan behin besterik izango ez dugun kale erakusketaren prezioa garestitzeko ez bada. Gainera, behin aditu bat ordainduta, agian hurrengo baten izango da norbait aurpegiratu egingo diguna berriz azalpen emailerik ez jartzea.

Kukutza hustutzeko bataila prestatu zutenen sentiberatasuna dute eskulturei bidailagun armatua besterik jartzen ez dietenek. Eta Kukutza eraitsi zuten horiek, Pentsalaria hormigoi azpian lurperatuko lukete. Irudimen gutxi dute artea babesteko txorimaloak jarri behar badituzte.


eskultura, Gasteiz, Kultura, pentsalaria, rodin
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Pentsalariaren zaindariak”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria

    Miguel Sánchez-Ostiz handiaren liburu batean —Errumaniako ibilerak kontatzen dituen horretan— honelako zerbait zegoen idatzita: “A la entrada del cementerio había un guarda de seguridad con pinta de delincuente, valga la redundancia”. Aparta iruditu zitzaidan.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-10-27 21:53

    Nahikoa barre egin dut. Oso ona artikuloa, argazkiak eta Miguel Sánchez-Ostizen esaldia.

  • Iñaki Larrañaga
    Iñaki Larrañaga 2011-10-28 12:53

    Mil esker Aitor 🙂

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude