Peaky Blinders

Peaky blinders

Telesailen urrezko aroan omen gaude, baina aurreko batean Urtzi Urkizuk beste perspektiba bat eman zidan twitter bidez gaiaren inguruan.

Urrezko aroa da, ezbairik gabe, baina bereziki industriaren erraldoienentzat. Gu, beti bezala, larre motzean. HBO bezalako ekoiztetxeek ekarri dituzte azken urteetako telesail esanguratsuenak: Los Soprano, Game of Thrones, Lost, Breaking Bad, Prison Break… eta aber luze bat.

Britainia Handia ez da herri txiki bat, ez da ahula zinema eta telesail ekoizpenari dagokionez, eta baditu aski kanal munduan nahi dituen edukiak zabaltzeko; baina kontu honetan badirudi Estatu Batuek alde guztietatik jaten diotela esparrua. Irla britainiarrean ekoiztutako telesailak ez dira hainbeste iristen guregana, ez behintzat gaur aipagai dudana.

Peaky Blinders. Miniseriea da, hau da, denboraldi batek hamahiru atal inguru izan ohi dituen bitartean, honek sei dauzka. Nik ikusi dut jada, eta ikaragarri gustatu zait. Narratibaz gaindi, giroa bera. Lehen Mundu Gerra amaitu ondorengo urteetan garatzen da istorioa, Birmingham hiri ingelesean, eta lau taldeen arteko talkak ikus ditzakegu.

Peaky blinders1.- Peaky Blinders: jokoaren bueltan egiten diren legez kanpoko apustuak kontrolatzen dituen familia dira, eta telesailaren protagonista nagusiak. Beren helburua negozioa zabaldu, egonkortu eta legalak bihurtzea da. Familiaren izenak arrazoi bat du: beren txapel ingeles horien pareko zatian bizar-xaflak jartzen dituzte, eta borrokan hasten direnean txapelak arma bezala erabiltzeko joera daukate.

2.- Komunistak: Birmingham hiri industriala da, proletarioz betea, eta pentsa daitekeen moduan, lan baldintza oso eskasekin. Sindikatuek indar handia daukate, eta tartean badira iraultzari ekin nahi dioten militante komunistak.

3.- IRA: urte hauetan Irlanda eta Britainia Handia gerran daude, eta Eirek 1921ean lortuko du bere zati baten independentzia. Birmingham langile irlandarrez beteta dago, eta IRA ez dabil urruti, arma eta diru iturri bila.

4.- Gobernua: Belfasteko komisario nazkarriega bidaltzen dute Birminghamera IRAkoen atzetik, eta azkenean, beste talde guztiekin egiten du talka. Garai horretan Churchil zen barne ministroa.

Bi denboraldi atera dituzte jada. Telesail oso ona, benetan, animatu ikustera; gainera, miniseriea izanda ez dizue damutzeko astirik ere emango.

Peaky blinders