Paula Rego

images-15.jpg images-31.jpg images3.jpg

Hamar urte dira oraintxe Paula Rego artista portugaldagarraren erakusketa antologiko bat ikusi genuela Lisboan. Ez genuen bere izenik sekula entzun, ez genekien ezer bere pinturaz. Kasualitatez ikusten den erakusketa horietako bat zen guretzat, parean egokitu zitzaigulako. Haren koadro handiak ikustean, ordea, harri eta lur geratu ginen. Nola zitekeen halako artista bikain baten albisterik ez edukitzea? Koadro haietan guztietan ikusten zena ez zen edonolakoa eta ez zen edozer. Formaren aldetik asko eta asko harritu gintuen era klasikoak erabiltzen zituen artista garaikide bat aurkitzeak. Haren egiteko era, arragoa iruditu zitzaigun, batez ere. Eta arrago hartan nahasirik, edo hobeto, bildurik edo bat eginik, aurkitu genituen Velazquez, Goya, Balthus, Freud eta Bacon-en erak. Ikaragarria iruditu zitzaigun begien aurreko hura, Gutierrez Solana, Vázquez Díaz eta expresionista alemaniarren zantzuak ere aurkitu baigenizkion, era guztiz pertsonal batean jokaturik. Ematen zuen artearen historian aurki daitezkeen forma narratibo behinenak ehizatu eta gero margotzen zuela emakume hark. Baina zer zen koadroetan ageri zena? Batez ere ikuspegi feminista zorrotz bat: emakume itsusituak, puztuak eta, aldi berean, errealistak eta ederrak, euren egoera lazkarria agertzen. Gizonezkoa, boterea eta gizartearen biktima nolabaitekoak ziren guztiak, baita balleteko dantzari zirenean ere. Ejerzitoa, diktadura, gerra eta esplotazioaren irudiak ere ageri ziren, ez era zabarrean, baizik eta ikusleak berak mezua osatzeko moduan eskainiak, fintasun eta doroteziaz. Aurki Reina Sofiara ekarriko ei dute haren lana. Aukera aparta izango da arteak funtzio garrantzizko bat betetzen duela egiaztatzeko.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)