Pasaporteak eta ilusio faltsuak

Pasaporteak eta ilusio faltsuak –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Stefan Zweig idazlearen «Atzoko mundua» liburutik bi pasadizo. 

Pasaportea

Pasaporteak eta ilusio faltsuak1938ko martxoan Hitler-ek Austria bereganatu zuenean (Anschluss) herrigabe edo apatrida egoeran geratu zen Stefan Zweig idazlea.

«Atzoko mundua» («El mundo de ayer» gaztelaniaz) autobiografian dio zein ondo ulertu zituen orduan hamar urte lehenago Dmitri Merezhkovski idazle errusiarraren hitzak, honek bere liburuak Errusian debekatuta zeudela aitortu zionean. Garai hartan austriarrak, kontsolamendu gisa, lasai hartzeko gomendatu omen zion, mundu mailako hedapena baitzuten haren lanek.

Aberri gabe geratzeak ekarri zuen koska bat behera egitea herritar gisa eta aberrigabe agiriak eskatu behar izatea Londresen.

Bide batez, Zweigek dio pasaportearena Lehen Mundu Gerraren zehar-kaltea izan zela. Lehendik berak hainbat bidaia egin baitzituen munduan barrena (Europa, India, Amerika…) inolako paperik gabe. Poliziak ez zizun ezer galdetzen eta zuk ere ez zenuen ezer eskatzen.

Haren hitzetan, Lehen Mundu Gerrak ekarri zuen bidaiaria kriminal gisa tratatzea: argazkiak, belarriak ikusteko moduan moztu behar ilea, hatz-markak, klase guztietako ziurtagiriak…

.

Ilusio faltsua

1938ko irailean ustez negoziatzera joan ziren Munichera Chamberlain britainiarra eta Daladier frantsesa. Municheko ituna izan zen emaitza.

Bitxia izan da irakurtzea Hitlerrek eta Mussolinik bilkura egitea onartu zutenean, Londresko parlamentuko diputatuak saltoka eta txaloka ospatu zutela, euforia kontrolaezinean.

Zweigek dio erabat ulergarria izan zela erreakzioa alderdi humanotik, baina izugarrizko akatsa ikuspuntu politikotik. Argi eta garbi geratu baitzitzaion Hitlerri britainiarrek ez zutela gerra nahi eta Chamberlain bake bila baino, bakea erregutzera eseriko zela mahaian.

Halere, Peace for our time akordioa prentsak zein iritzi publikoak garaipentzat hartu zuten Londresen.

Baina Hitlerrek akordioa hankartetik pasa zuen 48 ordutan.

Itxaropenaren argiak berehala itzali ziren, baina bi eguneko sentsazio hori ahaztezina izan zela dio Zweigek.

Badator txertoa, txertoa badator irakurtzen edo entzuten dugunean gogoan hartzeko gertaera. Badaezpada.

Edo agian ez dago ilusio faltsurik?

Pasaporteak eta ilusio faltsuak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.