Sautrela 383. saioaren aurrerapena (Pako Aristi)

Pako Aristi

Beste denboraldi batez hemen dugu Sautrela, letrei eta literaturari eskainitako ETB1eko saioa. Sasoi berriari Pako Aristiri egindako elkarrizketa batekin ekingo diogu. Idazle ezaguna da urrestillarra oso gazterik, 1985ean, Kcappo nobela argitaratu zuenetik. Ordutik hona makina bat liburu atera du, genero ugaritan, eta oraingoan poema liburu batekin datorkigu: Urari ostutako poemak. Hamarkada bat baino gehiago igaro da aurreko poema liburua, Libreta horiko poemak, plazaratu zuenetik, eta geroztik zer aldatu zen jakingo dugu elkarrizketan. Ahots heldu bat ageri den poema liburua dugu, iraganari begiratu eta joan den denbora aztertzen duena: ilusioak, zaputzak, amodioak… Urte mordoska baten ostean bere burua euskal literaturaren baitan nola ikusten duen galdegingo diogu halaber Aristiri, eta baita zer dela eta ibili den azken urteotan literatura baino politikari buruzkoak idazten.

Saioaren gainontzeko zatian Orixe idazle handia izango dugu ardatz. Sautrelaren historia luzeko hasierako erreportaje bat berreskuratuko dugu, Kirmen Uribek eta Miel Anjel Elustondok egina, hain zuzen ere Orixeri buruzkoa. Han ikusiko ditugu Orixeri buruz mintzatzen Joxe Mari Aranalde jada zendua, Joxe Azurmendi eta Paulo Iztueta. Dokumentu aparta orexarraren bizitza eta obraren gainean gehiago jakiteko.

Horren harira, BeƱat Sarasolak Orixe beraren lan ezagunenetako bat aztertuko digu: Euskaldunak. 36ko gerra aurretik idatzi bazuen ere, ez zen 1950. urtea arte argitaratu. Euskal poema nazionala izateko idatzia izan zen Aitzolen enkarguz, baina lortu al zuen bere helburua? Literarioki obra nabarmena al da? Nola irakurtzen da gaur egun? Horiei guztiei buruz ariko zaigu, bada, Sarasola.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

orixe, Pako Aristi, Sautrela

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude