Oteiza Museoak David Bestueren Azaleratu erakusketa-proiektua aurkezten du

Oteiza Museoak David Bestueren Azaleratu erakusketa-proiektua aurkezten du –

Zentroko zenbait espaziotan esku hartzen duen proiektu espezifiko bat da.

Uharte Arte Garaikide Zentroarekiko lankidetzan garatzen ari den Hazitegia programaren parte da, eta laguntzaile du Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren Innova Cultural programa.

Oteiza Museoak David Bestueren Azaleratu erakusketa-proiektua aurkezten du
David Bestue

Oteiza Museoak Azaleratu erakusketa-proiektua hartuko du, zentro honetarako berariaz egin baitu David Bestue artistak. Eskulturazko esku hartze honek obra multzo bat aurkezten du; horretan, erabilitako materialak eraldatzeko prozesuak ageri zaizkigu formaren eta materiaren arteko tentsioaren bitartekari. Bestueren obrak izaera organiko eta galkorrezko elementuetatik abiatzen dira, eta horiek atalasean jartzen dute eskultura, formaz eta bolumenez finkatua denaren eta, bizia izateagatik, euste borondate orori ihes egiten dionaren artean.

Harria, zura edo burdina erabiltzearen aurrean, erabilera horrek itxuratu baitu XX. mendeko eskultura-proiektuaren parte handi bat, baita Oteiza beraren kasuan ere, besteak beste gatz, lore, ereinotz, harea, azukre edo kez egindako eskultura kontrajartzen digu Bestuek. Material horietako asko, ereinotza edo arrosa kasu, galkor eta iheskorrari daude lotuta maila kulturalean, denboraren joanak zimeltzen duenari.

Piezak egiteko prozesuan, Bestuek iragazi eta xehatu egiten ditu elementuak, materia likidoa lortu arte; horri, hurrena, forma ematen dio, moldeak erabiliz, horien barnean isuria atzemanez eta ibilgetuz. Piezek itxura batean oinarrizkoak diren formak hartzen dituzte, hala nola lingote, esfera, pilare edo adreilu eran, nahiz baitan daramaten materialen organikotasun eta bizi- erregistroaren, hots, aurrez ezarritako forma gainditzen duten horien oroitzapena. Material aukeraketak, piezak egiteko erabilitako teknikak bezalaxe, anplifikatu egiten du eskultura batek, hau da, iraunkortasun izaeratik askaturik bere materialen izaera galkorrak determinatutako denborazkotasuna duen eskultura batek, okupatzen duen posizioa.

Proiektua, beraz, jarrera kritikoan kokatzen da modernitateko eskulturaren eta hark noble jotako materialen erabilerari eman garrantziaren aurrean, zeren eta itxura batean hondar diren elementuen hauskortasuna baliatzen duelarik, zikliko eta bizizkoak markatutako testuinguruetara baikaramatza, horiexek dira-eta eskultura-proiektu hau determinatzen duten funtsezko baldintzak.

Horrela, poetika berezi batez hornitutako obrak sortzen dira, Oteizaren eskulturarekiko konfrontazio bat ezartzen duten obrak, topalekuak ere partekatzen dituzten arren. Kasu honetan, estela kontzeptuaren presentzia da; Oteizak erabili zuen kontzeptu hori, berak esan bezala “bizia transmititzen eta luzatzen den” obretan, eta Bestuek ere erabiltzen du, esaterako 2021ean Corun?an hil zuten Samuel Luiz gazteari buruzko Riazorreko hondartzako hareazko mutiloia (Samuel) piezan.

Bestuek proposatzen duen esku hartzea Oteiza Museoko aldi baterako erakusketetarako aretoan garatzen da nagusiki, nahiz pieza batzuek kokapen hori gainditu eta Museoko beste espazio batzuetan ikusten ditugun, Museoko barne patioan dagoen Pilar pieza (240 cm garai) kasu.

Hazitegia programaren bosgarren proiektua da. Programa hori Jorge Oteiza Fundazio Museoa eta Uharte Arte Garaikide Zentroa ari dira garatzen elkarrekin, gaur egungo sorkuntzatik Jorge Oteizaren obraren inguruko gogoeta gune berriak sortzeko xedearekin. Proiektuaren emaitza gisa, David Bestuek ikerkuntza eta produkzio egonaldi bat egin zuen urtarrilean Uharte Zentroan, oraingo proiektu honen prestakuntza-prozesuaren parte gisa, eta hartan Zentroko artista eta erabiltzaile talde batekiko elkarlanean aritu zen. Proiektuak Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta la Caixa Fundazioaren arteko Innova Cultural programaren laguntza du.

Erakusketaz gauzatuko den esku hartzea izen bereko argitalpenarekin osatuko da. Horrek, proiektua osatzen duen obran zeharreko ibilbidea aurkezteaz gain, Bestueren beraren Molde y fruto saiakera eta Alexandra Baures komisarioaren Intensidad e Intemperie testua jasotzen ditu.

Bitartekaritza planaz gain, Bestue Jardun Artistikoen Institutuan (JAI) arituko da, artista gonbidatu gisa. JAI udako eskola bat da, artistei zuzendua eta Tabakalera, Artium Museo eta Oteiza Museoak sustatua. Udan zabalduko ditu ateak, eta jardun artistikoa izango du muin, jardun praktikoaren inguruko ikerkuntza, produkzioa, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko dituen programa baten bitartez. Oteiza Museoak, abuztuko aste batean zehar, JAIren ikasleak hartuko ditu, Oteizaren eta Bestueren jardun praktikoen inguruan Bestuerekin berarekin eta Institutuko tutore Itziar Okariz, Asier Mendizabal eta Ibon Aranberri artistekin lan egiteko.

Bitartekaritza jarduerak

Topaketa-bisita David Bestuerekin

David Bestue artistarekin topaketa eta haren Azaleratzea erakusketarako bisita. Maiatzak 14, larunbata. 12:00 h.

Aurrez aurre. Oteiza-Bestue. Bisita-lantegia

Bisitak David Bestueren obraren inguruko irakurketa gogoetatsua proposatzen du; izan ere, obra hori eta Oteizaren eskultura aurrez aurre edukiko ditugu. Horregatik, jarduera amaitzeko, lantegi txiki bat izango da, jatorri askotako materialen arteko eraldaketa-prozesuen inguruan esperimentatzeko.

Ekainak 19, igandea. 11:00etatik 13:00ak arte.

Sukaldaritza-eskultura. Sukaldetiko mutazio prozesuak

Burlatako LH Zentro Integratuarekiko gizarte-hezkuntzako proiektua. 6 saio maiatzean eta ekainean.

Objektutik eskulturara, eskulturatik idatzira. Haurrentzako udalekua

Abuztuak 1-5. 6 eta 12 urte bitarteko haurrak.

Oteiza Museoak David Bestueren Azaleratu erakusketa-proiektua aurkezten du