Oteiza eta Basterretxearen lanaz

Egun samin bezain ederrak izan dira Nestor Basterreatxearen heriotzaren inguruko hauek. Lagunaren desagerpenarekin batera, hark utzitako oroimenaren gozoa bizi izan dugu ezagutu genuen guztiok, nik uste. Haren bizipoza, sortzeko grina eta onberatasuna ez dira, gero, erraz aurkitzen diren horietakoak.

Mintzabide ugari izan ditugu gertaeren berpiztea ekarri digutenak, batez ere Zorroagan egin zen agur-ekitaldi bikainera bildu ondorenean… Baina baita elkarrizketa pribatuagoetan ere, kasu, kanpotik etorritako lagunen batekin, preseskiago Drew Hammond lagunarekin.

Azken 20 urteotan, zenbatetan mintzatu ote gara Oteiza eta Basterretxearen lanez, ekultura eta euskal arteaz, oro har? Baina oraingoan ere, lagunari zor diot ikuspegi berri bat, Oteiza eta Basterretxearen lanen arteko desberdintasuna teorizatzeko baliagarri zaidana.

Niretzat bezala, lagunarentzat ere Oteizaren Kutxa metafisikoa da oriotarraren obran gailurrik esanguratsuena.

Oteizaren kutxa metafisikoa

Basterretxearen lanean ere, bat gatoz Serie kosmogonikoa aipatzean garrantzizkoen bezala.

Basterretxearen Argizaiola horizontala - Oteiza eta Basterretxearen lanaz

Jakina gauza asko aipa daitezkeela bataren eta bestearen lanak desberdintzeko, bistan da, esaterako, Basterretxea hobea zela marrazkigintzan eta Oteiza bolumengintzan, (niretzako), baina artistaren portaera aldetik zein izan dute aldea? Zertan izan dira desberdinen?

Bistan da Oteizaren astindu kulturalak ez duela parerik izan gurean XX. mendearen bigarren erdian. Baina hori egia den bezalaxe, beste baieztapen bat ere egin daiteke: Oteizaren eskulturak ez du Euskal Herririk behar esplikatua izateko. Oriotarraren lana eskulturaren beraren historiarekin dago txertatuago beste ezerekin baino. Ironikoki esateko, harreman handiagoa dauka Malevitx eta konstruktibista errusiarrekin, Gernikako Arbolarekin baino. Beste modu batera esanda, Oteiza izan balitz alemaniarra, espainiarra edo beste edonongoa, berdin egingo zukeen bere obra eta kutxa metafisikoa.

Basterretxearen obran, ostera, Euskal Herria (kontzeptu antropologiko eta politiko moduan) beti egon da txertatua, edo, hobeto esan, osagai eta mami izan da arte-esperimentazio etengabearekin batera. Zentzu horretan bakarra izan da Basterretxea bere belaunaldian. Ez Chillidak, ez beste inork ez du egin halako konfluentziarik. Mendiburuk, agian, egingo zuen ezpal bereko zerbait, baina beste ikuspegi naturazaleago batetik, esango nuke.

Gauza da, Basterretxeak ez duela behar izan diskurtsorik bere obra testuinguruan jartzeko, testuingurua bera izan baitu osagai nagusi: serie kosmogonikoa, hilarriak, Ama-Lur…

Oteizak, ostera, euskal  ikuspegi batetik, euskal testuingururik gabeko lanak egin ditu: kutxa metafisikoa, poliedro hutsa, batasun hirukoitz arina… Agian horregatik izan zuen derrigorrezkoa obraz kanpoko diskurtso teorikoa argitaratzea: Quosque tandem, etc. Agian horregatik  behar izan zuen hainbeste agerpen eta deklarazio, hainbeste zarata eta purrustada bikain…

Bi artista handi, bi lan itzel, mila aldetatik bereiz daitezkeenak, baina baita aipatu dudan honetatik ere bai, erratuta ez banago, behintzat.

Oteiza eta Basterretxearen lanaz

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)