Berri Txarrak, «eta orain zer?»

Berri Txarrak… eta orain zer? –

Ondoan David Gonzalez eta Galder Izagirre kideak zituela, Berri Txarrak taldeko gidari Gorka Urbizuk agurraren zergatiak ezagutarazi ditu gaur Lekunberriko Kantinan, aurrera begirako iragarpenen bat edo besterekin batera.

Berri Txarrak... eta orain zer?BEC aretotzarrean hamar mila entzule bildu zituen Berri Txarrak taldeak iaz. Zuzenekoa bukatu berritan, “… eta orain zer?” galdera etortzen zitzaion behin eta berriro Gorka Urbizuri burura, “neoizko argitan”.

Hirukotea Zelanda Berrian 1.000garren kontzertua jotzetik zetorren, orain urte bete adierazi zuten moduan, taldearen sorlekutik punturik urrunenean, antipodetan. “Eta mezu bat iruditu zitzaidan: ez dago urrunago joaterik!”.

Gorka Urbizuk gaur egin ditu adierazpenok Lekunberriko Kantinan, alboan kideak eta atzean taldearen ikurra zuela, beltzez eta mikroa eskuan hartuta, oholtza gainean balego legez. Kazetari andana zuen aurrean, agerraldia zuzenean emitituz edo titularrak jaso ahala txiokatuz, sekulakoa baita taldearen agurrak piztu duen grina.

Orain bi hilabete iragarri zuen Berri Txarrakek “etenaldi mugagabea”, Urbizuk lehen pertsonan sinatutako komunikatu baten bitartez, eta gaurkoan ere berak eman ditu azalpenak, harrezkero bizitakoak emozionalki kudeatzen zailak izan direla onartuta.

Sortzaile legez aurrera egiteko, senak Berri Txarrak uzteko agindu dio Gorka Urbizuri, egitasmo berrietan abiatzeko

Artistak galdera berriak behar ditu beti, eta senari jarraituz, “sortzeko bulkadari erantzuteko, aurrera jarraitzeko, Berri Txarrak utzi beharra” sentitu zuela aitortu du musikari nafarrak. Hortaz, etorkizunean egitasmo berri batean aurkituko dugu Urbizu, zein moldetan izango den argitzeko goizegi dela badio ere. Ogibideak eragindako higadura eta nekea sentitu arren, ez dela bere betiko taldeaz nekatu ere esan digu; “gehien gustatzen zaidana zuzenean jotzea da, eta Berri Txarrakekin jotzea, are gehiago”.

Zuzenekoak aipatzen hasita, hogei urte luzeko ibilbidean taldeak ezagutu dituen aretoak gogoan hartu eta hiru bloketan banatu duten “Ikusi arte” tourraren berri ere eman du BTXek gaurko agerpenean, sarreren salmentarekin jazotakoarekin harrituta, apalarro.

Agurraren lehen txanpa Gernikako Astran abiatuko dute bihar bertan, “Beude”, hurbileko hamabi hitzordurekin; oholtza gainera agertzeko irrikitan da taldea. Bigarrena, jaialditzarretan izango duten partaidetzak osatzen du, eta hirugarrena, besteak beste Asia eta Amerikara eramango dituen nazioarteko birak. Gonzalezek eta Izagirrek eman dute guzti honen berri. “Berri Txarrak taldeak badu jai bakoitzerako jantzi apropos bat”, iritzi dio bateria joleak.

«Ikusi arte» birarako 80 kantako errepertorioa atondu du taldeak, eta kontzertu erraldoi bat antolatu nahian dabil

Azaro partean, Nafarroa Arenako azken kontzertuak helduko dira, hirukoteak “bereziak” nahiko lituzkeenak. Horrela izan daitezen, eta taldearen diskografia osoa kontutan hartuko ote duten galderari erantzunez, birari ekiteko eta kontzertu bakoitza ezberdina izan dadin, 80 kanta atontzen dabiltzala jakinarazi digu David Gonzalezek… “bai, laurogei kantako errepertorioa ikasten gabiltza!”.

Iragarritako zuzenekoez gain, birara data berriak gehituko dituztela-eta, kontzertu erraldoi bat antolatu nahian dabiltzala ere aurreratu digu taldeak -Donostia inguruan joko ez dutela-eta, “areto handi batean jo nahi genuen… baina ezinezkoa da, obretan baitago” esan du Urbizuk, buruan Anoetako zelaia zutela iradokiz-. Asmoak asmo, zale guztiak batera elkartu, eta sarrerak derrepente ez agortzeko besteko espazio handi baten bila jarraitzen dute lanean. “Ez dugu aurten Berri Txarrak ikusteko gogoz dagoen inor aukerarik gabe utzi nahi; baina zaila dago”.

Norbere lana estimatua sentitzea baino ezer hoberik ez bada, gaur protagonista dugun hirukotea zorionekoa da; zalegoaren bultzadarekin indartsu agurtuko baita. Alta, Berri Txarrakek eragindako sukarrak eszenaren irudia desitxuratu dezake, eta ez gaitezen tronpatu. Gaur bertan, ehundaka lagunek elkarretaratzea egin du Gasteizen, tabernatan jotzeko aukerak gero eta murritzagoak direla-eta, kexu. Kale gorrian dira euskal musikariak.

Berri Txarrak... eta orain zer?

Berri Txarrak, «eta orain zer?» Berri Txarrak, «eta orain zer?» Berri Txarrak, «eta orain zer?»

ZUZEUko erredakzio kide