Oporren aurreko zinema estreinaldiak!

zinema estreinaldiak –

Estreinaldiak: Apirilak 12

Egilea: Maialen Goñi

.

Yourself and Yours

Iazko Donostia Zinemaldian zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eman zion Yourself and Yours filmak Hego Koreago Hong Sang-soo zinegile ezagunari. Filmak komedia, maitasuna eta drama ditu osagai nagusi. Filmeko protagonistak Youngsoo eta Minjugn dira. Youngsoo margolaria da, eta bere neskalagunak gizon batekin kopa batzuk hartu zituela, eta ondoren liskartu egin zirela, jakingo du. Gau horretan, bikotea haserretu egingo da, eta Minjung etxetik joango da, denbora batean bakarrik egon nahi duela-eta. Hurrengo egunean, Youngsoon neskaren bila irtengo da, baina ez du topatuko eta hirian zehar ibiliko da noraezean, munduaren aurka borrokan, Minjung (edo antza handia duen emakume bat) hainbat gizonekin kopak hartzeko geratuko den bitartean.

.

Denial

Rachel Weisz eta Tom Wilkinson aktore ezagunek Mick Jacksonek gidatutako 90eko hamarkadan girotutako draman hartu dute parte. Weisz Deborah E. Lipstadt izango da,Holokaustoaren Ukapena (Denying the Holocaust, 1993) lanaren egilea. 1996an, David Irving (Wilkinson) kazetari eta historialari negazionista britainiarrak Lipstadt salatu zuen, difamazioa egotzita. Horren aurrean, alor akademikoko adituen bidez soilik, holokaustoko biktimen testigantzarik gabe, Irving epaitegietan garaitzea izan zuen helburu Lipstadtek. Filmak prozesu osoa kontatuko digu, Lipstadten lanean oinarrituta.

.

Rosalie Blum

Frantziatik, ostera, hainbat istorio gurutzatuko dituen komedia helduko zaigu, Julien Rappeneauren lehen film luzea, iazko Cesar sari frantziarretan Opera Prima onenaren kategorian hautagaia izan zena. Vicente Machot (Kyan Khojandi) 30 urte inguruko gizona da. Ile-apaindegi batean egiten du lan, eta lehengusua, katua eta ama dira bere bizitzako pertsona garrantzitsuenak. Egun batean, Rosalie Blum emakume misteriotsu eta bakartiarekin gurutzatuko da kalean. Aurrez ezagutu duela sentituko du Vicentek, eta emakumearen atzetik abiatuko da. Hala, espero gabeko sorpresak eta pertsonaiak azalduko dira bidean.

.

The Boss Baby

Zazpi urteko Tim mutikoari anaia bat ekarriko diote gurasoek. Baina haurtxoak hainbat berezitasun izango ditu, nagusiena, gorbata eta trajea jantzita ibiltzen dela. Gainera, haurrak krisialdian daudela defendatuko du, txakurkumeek eta katakumeek kentzen dieten arretagatik, eta haien salmetaz arduratzen den Puppy Corporation enpresako burua gelditzeko plan bat prestatuko du. Tom McGrathek zuzendu du AEBtatik helduko zaigun animaziozko komedia, Marla Frazeeren eleberrian oinarritutakoa. Aldizkari espezializatuetan denetariko balorazioak jaso ditu, eta helduentzat baino, haurrentzat gomendagarriagoa dela ondorioztatu dute.

.

The Fate of the Furious

Charlize Theron Fast and Furious saga arrakastatsura batuko da Dom, Letty, Brian, Mia eta gainerako pertsonaien lagun taldea hankaz-gora jartzeko. Kuba, New York, baita Ozeano Artikoa ere, zeharkatuko dituzte mundua kaosak hartu ez dezan. Vin Diesel, Dwayne Johnson, Jason Statham, Michelle Rodriguez, Tyrese Gibson, Ludacris eta gainerako aktoreak F. Gary Grayren eginduetara jarri dira oraingoan.

.

Irakurtzen jarraitzeko, sartu Zinea atariko Estreinaldiak atalean!

zinema estreinaldiak

zinema estreinaldiak

Euskal pantailaren gunea