Online dendako lehenengo eskaerak bidaltzen hasi dira Landako Gunetik kulturzaleen etxeetaraino

Online dendako lehenengo eskaerak bidaltzen –

Durangoko Azokako 55. edizioa Euskal Herrira zabalduko da, "Zu non, han DA!" egitasmoaren bidez

  • Durangoko Azokako online dendara lehenengo eskaerak heldu dira eta Euskal Herri osora bidaltzen hasi dira diskoak, liburuak eta bestelako produktuak.
  • Gaurko Ikasle Goiza eta gero, bihar hasiko dira Durangoko lehenengo jarduerak, eta baita “Zu non, han DA!” egitasmoko kontzertuak.

Online dendako lehenengo eskaerak bidaltzenHasi da Durangoko Azokako 55. edizioa! Goizeko 10:00etan hasi da martxan Azokako online denda, eta kulturzaleak euren eskariak egiten hasi dira: diskoak, liburuak, ikus-entzunezkoak, komikiak… Landako Guneko biltegira heldu dira lehenengo eskariak, eta lehenengo kutxa Balmasedara bidali da. Goizean zehar hainbat arazo tekniko izan ditu webguneak, eskaera kopurua dela eta, eta ordu batzuetan online denda ez da eskuragarri egon. 15:00etan berriro abiatu da online denda, eta eskariak heldu dira Euskal Herri osotik, baita Euskal Herritik kanpora ere. Landako Guneko biltegian lehenengo kutxak prestatu diren bitartean, Landako Gunean bertan ere Ikasle Goizeko aurrez aurreko jarduerak antolatu dira. Urtero bezala, beraz, ikasleei begirako eskaintzarekin hasi da Durangoko Azoka. 11:00etan Oihan Vegak eta Oizeder Mayok elkarrizketa-saioa gidatu dute, Durangoko hainbat ikastetxetako ikasleen aurrean. Gonbidatuak Aitor Arana, Erika Elizari, Kai Nakai eta Liher musika-taldea izan dira. Horrez gain, www.durangokoazoka.eus webgunean ere hainbat tailer eskaini dira: blender, bikoizketa, yogipuinak, ilustrazioa…

Gaur 18:00etan izango da inaugurazio-ekitaldia, eta 19:30ean Kai Nakaik bere lehenengo kontzertua eskainiko du Plateruenan. Ekitaldi biak streaming bidez jarraitu ahalko dira Azokako webgunean.

Bihar, abenduak 5, hasiko da Durangoko Azokako “ohiko” egitaraua, kontzertu, solasaldi, proiekzio eta bestelako kultur jarduerekin. Landakon, egunero bezala, lehenengo ikuskizunak familientzat izango dira: ipuin kontaketak, itzalekin egindako “Itsas hariak” antzerkia… 12:00etako mahainguruaren gaia “Emakumearen presentzia musikaren industrian, covid-19 garaian” izango da, Olatz Salvador, Saioa Torre eta Iratxe Reparazekin. Literatur solasaldien kasuan, hainbat sortzaile izango ditugu: Asisko Urmeneta, Leire Bilbao, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Ane Pikaza, Antxine Mendizabal… 19:00etan beste mahainguru interesgarri bat egongo da: “Zergatik da zuzeneko kultura ordezkaezina?”. Kasu honetan, partehartzaileak Amancay Gaztañaga, Shakti Olaizola eta Miriam Romatet izango dira.

Plateruenaren kasuan, goizeko 11:00etatik 20:50ak arte disko aurkezpen ugari izango ditugu: Bulego, Mihise, Moxal, Xskara, Amorante, Izatefaltsua… Bai Plateruena bai Landakoko ekitaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira durangokoazoka.eus webgunean, eta agortuta ez dauden ikuskizun anitzetarako sarrerak ere eskuratu ahal izango dira.

Durangon ekitaldiak antolatzeaz gain, Euskal Herriko hainbat herritan ere kontzertuak antolatuko dira bihar, “Zu non, han DA!” ekimenaren baitan. Atarrabiako Totem aretoan Liher eta Sorkarik joko du, eta Donostiako Dabadaban, ostera, Silicies Grizzlies eta Kyxo egongo dira. Kontzertu horietarako sarrerak agortu dira. Azpeitiako Soreasu aretoan ere Gatibu ikusteko sarrerak agortu dira, 19:00etan. Baina bigarren pase bat antolatu dute 16:30erako eta oraindik sarrerak eskuratu daitezke www.durangokoazoka.eus webgunean.

Durangoko Azokako 55. edizioa Euskal Herrira zabalduko da, "Zu non, han DA!" egitasmoaren bidezdurangokoazoka.eusDurangoko azoka

Online dendako lehenengo eskaerak bidaltzen hasi dira Landako Gunetik kulturzaleen etxeetaraino

Durangaldea lan esparru duen elkartea gara, baina Euskal Herri osora zabaldu eta hedatzen diren ekimenak ere tarteka burutzen ditugu. Adibiderik, garbiena, Durangoko Azoka bera da. 1965. urtean sortu zen elkartea, eskualdetasuna aldarrikatzeko beharrizana ikusi zutelako eta gertuko ondare historikoa zein kulturala - galduta zegoena - berreskuratu eta zaindu beharra zegoela sinistuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude