Oholtzatik plazara

4182588638_5ef91bf256“Gogoratzen naiz lehengo amonen zapi gaineko gobaraz, gogoratzen naiz lehengo amonaz gaurko amaz ta alabaz”. Euskaldun orok gogoan dituen hitzak dira hauek, honela hasi baitzuen Maialen Lujanbiok 2009ko Bertso Txapelketa Nagusiko azken bertsoa, txapeldunarena. Garaipen indibiduala baino gehiago izan zen hala ere, lehen emakumea izan baitzen horren txapela preziatua janzten. Baina, bertsolaritza genero berdintasunaren erakusle bilakatu al da?

2009ko abenduaren 13an milaka lagunek izan zuten Euskal Herriko bertsolari onenari eskaintzen zaion txapela buruan zuela, Maialen Lujanbio ikusteko aukera. Hamabosgarren Txapelketa Nagusia zen hura, eta bertan lehen aldiz, emakume batek eskuratu zuen garaipena.

Garaipen horren atzean, hainbat generazioren lana, ausardia eta kemena dagoela gogorarazi nahi izan zuen Lujanbiok eta egungo zein iraganeko emakume euskaldunei eskaini zien azken agurra.

BEC-en ospatutako finalean zortzi bertsolari izan baziren ere, Txapelketa osoan 44 bertsolarik hartu zuten parte. Horien artean, 31 gizonak ziren eta emakumeak aldiz 13. Hasiera batean datu kaxkarra dirudien arren, 2001ean zazpi emakumezkok eta 2005ean aldiz hamarrek parte hartu zutela jakinik, aurrerapausotzat har genezake.

Gazteenek trabarik ez

Txapelketa hartan lehen aldiz parte hartu zuten Maddalen Arzallus lapurtarrak eta Jone Uria bizkaitarrak. Gazteak eta txikitandik bertsoaren munduan murgildutakoak dira biak eta bat datoz emakume izanagatik inongo trabarik izan ez dutela aipatzerakoan. Are gehiago, bertso-eskolan zein eskolarteko txapelketetan neskak mutilak baino gehiago izan ohi direla dio  Uriak.  Bestalde, Arzallusen ustetan, txapelketan parte hartzen duen emakume kopuruak gora egingo du “pixkanaka pixkanaka”.

“ Bertso-gaiak emakumeen presentziara egokitu dira”

Ane Labaka

“Ez dut inoiz emakume izateagatik bertso munduan inolako trabarik sentitu”

Maddalen Arzallus

Uriak dioenez ez du inoiz gizonezkoen mundu batera ohitu behar izan duenik sentitu. Bere ustetan,  bertsolaritza emakumeen presentziara moldatu denaren seinale izan liteke hori. Ane Labaka bertsolari lasartearra ere iritzi berekoa da, emakumeak bertso munduaren parte direnetik mundu hori nabarmen aldatu dela uste baitu. Aipatzen duenez gaiak “egokitu” egin dira eta amatasuna edo emakumeen ikuspegitik landutako berdintasuna bezalakoak jorratzen dira gaur egun.

Ahaleginak leundutako bidea

Bide bat erabilgarria izan dadin, norbaitek urratu behar du lehenengo. Hala izan da bertsolaritzan ere Arzallusek onartzen duenez: “Badakit aurreneko emakumeek ez zituztela gauzak horren erraz eduki, zaila izan zela gizon guztien artean bidea egitea”.

80. hamarkadan lehenengo bertso-eskolak sortu ziren eta ordutik hona emakume bertsolari kopuruak gora egin du (1986an emakume batek hartu zuen parte Txapelketa Nagusian eta 2009an berriz hamahiruk) .  Gainera, azken lehiaketan parte hartu zuten emakume guztiak bertso-eskolatan jardundakoak dira. Izan ere, erakunde hauek ez dute sexu diskriminaziorik egiten eta edonoren eskura jartzen dute bertso-munduan barneratzeko aukera.

Arantzazu Loidi, Estitxu Arotzena, Maialen Lujanbio eta Kristina Mardaras izan ziren gizonez osatutako bertso mundan lehen pausoak eman zituzten emakumezkoak. Azken honek esaterako, 1986ko Bertso Txapelketa Nagusian hartu zuen parte, gizonezkoen hegemoniarekin hautsiz.

Elizan bai, txapelketan ez

Historian zehar, datuek erakusten dutenez, emakumeen presentzia mugatua izan da bertsolaritzan.  1986 urteko bederatzigarren ediziora arte gizonezkoek soilik hartzen zuten parte Bertso Txapelketa Nagusian. Bestalde, bertsozaleen web-orrialdeko bertsolari bilatzailean, 191 gizonezko eta 25 emakumezko ageri dira.

Abeslari inprobisatzaileei erreferentzia egiten dieten dokumentu zaharrenek elizatan koplak osatzen zituzten emakumeak aipatzen dituzte

Haatik,  euskarazko abeslari inprobisatzaileei erreferentzia egiten dieten dokumentu zaharrenek, Bizkaiko Foru Zaharretan (1542) ageri direnek, elizan koplak osatzen zituzten emakumeak aipatzen dituzte. Azken datu honek erakusten duena aipatzen du Jone Miren Hernandez antropologoak Gara egunkariak argitaratutako elkarrizketan, ahozkotasunean emakume bertsolariak “beti” izan direla aldarrikatuz.  Bere hitzetan, elizan zein familiartean abesten zuten bertsolari horiek. Hala ere, Hernandezek aitortzen duenez, historikoki, “bertsolaritza publikoan” oso presentzia txikia izan dute emakumezkoek.

Berdintasuna, errealitatea?

Maddalen Arzallusek dioenez, bertsolaritzan gizartean baino “denbora gutxiago” falta da berdintasunera iristeko, baina hala ere, “pazientzia eta lana beharrezko dira”. Gainera, azken ehun urtetan gizarteak aurrerapauso handiak eman dituela uste du. Jone Uria ere bat dator horrekin eta bertsolaritzan berdintasuna errealitate bat izatetik nahiko gertu dagoela aipatzen du. Hala ere, berak dioenez: “berdintasuna ez da kopurutan neurtu beharreko zerbait”.

 “Berdintasuna ez da kopurutan neurtu beharreko zerbait”

Jone Uria

Bestalde, berdintasunaren inguruan nahiko ikuspegi “ezkorra” duela aitortzen du Labakak. Lasartearraren hitzetan: “Berdintasunari buruz ari garenean hitz potoloegiak erabiltzen ditugu, baina bada garaia behingoz hitzetatik ekintzatara igarotzeko”.

NIRE KONTRA ESANAK

5 pentsamendu “Oholtzatik plazara”-ri buruz

  • Berdintasuna egunerokotasunean ejerzitatu behar den balio bat da. Uste baldin bada bertsolaritzan emakumeek ez dutela aukera berdinik, ez dutela tratu berdinik, ez dutela eskubide eta betebehar berdinik, ba aipatu zehatz mehatz zein diren. Baina benetako desberdintasunak… Eta borrokatu. Baina gehiegitan erretorikan aritzen garela iruditzen zait.
    Nik uste dut berdintasuna lortzeko aurrerapauso bat izango dela emakumeak notiziatzat ez tratatzea, hala ez direnean. Hau da, Maialen Lujanbiok txapela irabazi zuenean, bazen notizia relebantea emakume batek txapel goren hori irabaztea.
    Orain, demagun Maddalen Arzallusek irabazten duela Euskal Herriko txapelketa. Notizia gisa aipatzen baduzu “txapela lortu duen bigarren emakumea” dela, ez goaz inora berdintasunaren bidetik. Gizonezkoak adina txapel irabazi arte izango al da notizia aipagarri?

  • Lander Arretxea 2012-03-08 14:30

    Ados nago diozunarekin. Benetan aurrerapausoa litzateke berdintasuna gizartean errotuta dagoen balioa izan eta hau edo antzekoak ez albistetzat hartu behar izatea. Hala ere, zoritxarrez oraindik ez gara horretara iritsi, eta ez dut uste bertsolaritzan edo beste edozein alorretan emakumeek edo berdintasunak bizi duen egoera aztertzeak horri kalte egiten dionik. Besterik ez bada ere, emandako aurrerapausoak kontuan hartu eta oraindik eman gabekoak azpimarratzeko balio dezakete. Hitz gutxitan, nere helburua ez zen berdintasunari soluzio aldaezina aurkitzea, bertsolaritzan izan duen garapena aztertzea baizik.

  • Ez nintzen zutaz ari, Lander. Gogoeta orokor bat zen.

  • Lander Arretxea 2012-03-08 15:04

    Zilborrari begira. Badakizu…
    Gogoetarekin ados hala ere.