[Kafe Aleak] Odei Arregik Rachel’s

[Kafe Aleak] Odei Arregik Rachel’s –

[Kafe Aleak] Odei Arregik Rachel's.

Rachel’s

Handwriting” (Quarterstick, 1995)

.

No Válido Para Viajar (Nire pausuen soinu banda)

[Kafe Aleak] Odei Arregik Rachel'sRachel´s-en Handwriting belarri zuloan barrena, trenaren zain nago.

Trenbidea daukat pare-parean eta nire gorputza erraietara erortzen irudikatzen dut.

Ez naiz suizida, ez daukat beharrik, ezta gogorik ere, baina irudi horixe ikusten dut hemen geldi nagoelarik.

Zutitu eta trenbidearen aurrean paratu naiz, ertz-ertzean nago, oinaren erdia airean trenbide zulora erortzeko prest, hala gelditu naiz bidearen beste aldera so trenari itxoiten. Beste aldea jendez beteta dago, imajinatzen dut jende andana eskutik heldu eta trenaren aurrera salto egiten, irribarrea ezpainetan, trenaren freno hotsa eta gorria.

Iritsi da trena halako batean, baina inork ez du bere enkontrura salto egin eta ni barrura noa isilik jende pila beste aldean utzita. Nire trena abian da.

Bagoiko pasilloan barrena otu zait badela aukera bat txikia izan arren trenak beste tren bat aurki dezan parez-parez bere bidean. Eta hotzikara xamur batez sentitzen dut talka itzela nire azala zeharkatzen.

Leiho ondoko eserleku batean abandonatu dut nire gorputza eta begiak itxi ditut trenaren joanak dardara eragiten didan artean. Zain gelditu naiz.

Barren-barrenean badakit ez dela deus jazoko, treneko bidaiak monotonoak direla, trenbideak jartzen duela erritmoa eta billeteak helmuga.

Hala ere beti dago aukera bat xumea bada ere nire aurreko gizasemeak bihotz apurtua, erdibitua, umiliatua eta mutilatua izateko. Eta agian gizon horri hirugarren tuneleko iluntasunean bere mina jasangaitza irudituko zaio, eta bat-batean, abisurik eman gabe negarrez orroka jaiki eta hurrengo tunelean barneratu baino istant bat lehenago gabardina irekiko du eta erakutsiko dit bere bular dinamitaz jantzia. Eta gero iluna.

Baina gaur ez, gaur ez da halakorik gertatuko, aurrean dudan gizasemea zurrungan doa burua zintzilik erraien erritmoan bili-balan. Lepoko minez esnatuko da ziur aski.

Leihora itzuli dut begirada, ez dago dudarik bidaia zinez arrunt honetan ez da deus gertatuko, trenzaina etorriko da, emango diot txartela eta bitartean paisaia joanez joango da azken geltokiraino.

Baina badago aukera bat ñimiñoa bada ere trenzaina etortzen denean poltsa, poltsiko eta inguru guztiak miatuta eta bidai txartela ez aurkitzekoa. Imajinatzen dut trenzainaren bibotea harrotzen eta nerbiosoki klikatzen bere tramankulua. Momentu horretan hiltegira daramaten arkumearen begiak izango dira nireak, trenzaina pausu seguruz hurbilduko da emergentziazko geldialdiko palankara eta amorruz tiratuko dio, trena tupustean gelditu eta trenetik at jaurtiko du ene gorputza eta han geldituko naiz ezerezez inguraturik.

Ez da halakorik gertatu ordea, trenzaina etorri da eta nik nire txartela prest daukat. “Eskerrik asko eta agur”.

Trenak aurrera jarraitu du eta heldu da azkenean nire geltokira, aurreko gizasemeak lo darrai oraindik. Patxadan jaiki eta aterantz noa, bere albotik pasatzean zeharka begiratu diot kuriositatez eta nahi gabe ikusi dut gabardina azpitik zintzilik daukan metxa zatia.

Kanpoan trenbideari begira gelditu naiz, trena aldentzen sumatu dut eta tunelean sartu baino lehen itzali dut mp3a badaezpada.

Isildu da Rachel´s-en Handwriting.

.

.

Odei Arregi (Azkoitia, 1984)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Odei Arregik Rachel’s [Kafe Aleak] Odei Arregik Rachel’s [Kafe Aleak] Odei Arregik Rachel’s