OBABA FILES, 4: Bagdadeko morroia

Bagdadeko morroia-1Merkealdietan maiz gaztigatzen zaigu: kontuz ibili azokan. Bagdadeko morroia etorri zait burura. Eta ez bazen heriotza naturalaz hil –hil egin bazen-, benetan?

Zertan ari zen Heriotza goiz hartan Bagdadeko azokan? Kaioletan ahitzen ari ziren uso, eper eta kapoi gaixoei begira zebilen? Norbaiten bila? Lanean edo denbora pasan, denen oharkabean dabil, azoka jendetsuan. Ustekabean morroiarekin topatu arte.

Baina zergatik harritu da bera, Bagdadeko morroia Bagdaden bertan topatzeaz? Ez zitzaion harrigarria iruditu Ispahaneraino joan behar izatea, haren bila? Agian, merkatari baten morroia izaki, edozein hiritan egon zitekeen. Nolanahi dela, Heriotzak ezagutzen zuen egun horretan hartu behar zuen morroia.

Eta nola ezagutu du morroiak, Heriotza? Beste inork ez badu ezagutu –Ispahango jendeak lapur batekin nahastuko du-. Agian, Heriotzaren hurbiltasuna nabaritu du, bere heriotzaren eguna denez.

Komikia, Tim Sale, "Appointment in Samarra"
Komikia, Tim Sale, “Appointment in Samarra”

Halere, arratsaldean Bagdadeko azokan dabil oraindik, Heriotza. Merkatariarekin gurutzatu eta honek ezagutu du. Bere heriotzaren eguna ez izan arren. Bere morroiarena delako, ezagutu du?

Zer itxura ote du, Heriotzak? Mendebaldean traza deigarri, izugarriaz agertzen da. Eskeleto bat, biluzik, edo kapa edo kapela ilun eta zarpail batzuez erdi estalirik. Lepoan sega daramala. Edo itzal ikaragarri baten gisa, bestela. Nolanahi ere, nola antzeman dio keinua kaskezur edo itzal bati, morroiak? Mehatxuzko keinua zela –ez sorpresazkoa-.

Juan Benetek deskribatu egin zuen Heriotza, gainetik, istorio horretaz idatzi zuen bertsioan (Bederatzigarren fabula, 1981). Heriotzak aurpegia estalita darama, ahoa zapi zikin batez tapatuta. “Entonces no hay duda, es ella” dio merkatariak morroiari. Baina bertsio horretan Heriotzak ez du keinurik egin: “Me ha preguntado por tí” dio morroiak merkatariari. Hori bai, Heriotzari merkatariaren etxerako gonbitea eramatetik bueltan esango dio: “Por lo que he podido observar, ha recibido con suma complacencia”.

Bagdadeko morroia-3Heriotzaren keinua ez zen agertzen ipuinaren lehen bertsioetan ere. Zaharrena VI. mendekoa da: Hitzordua Argian. Inor hiltzen ez den Argia hirira bidali ditu Salomon erregeak Elicoreph eta Achiyah eskribak. Erregeak ikusi du Heriotza. Triste. Zergatik zaude triste? Zure bi eskribak hartzea agindu didatelako (non eta Argian).

 Nola ez zitzaion Salomoni bururatu, Heriotzaren misioa zaildu nahi bazuen, bere bi eskribak bi hiritara bidaltzea, elkarrengandik urrun?

IX. mendeko bertsioa sufian bakar bat da Heriotzak mehatxatutakoa, Bagdadeko maisu baten dizipulua. Honek bi izaki ikusi ditu ostatu batean hizketan. Baten esanetatik ulertzen du Heriotza dela, eta bisita batzuk egin behar dituela, hirian. Badaezpada ere Samarkandara ihes egiten du. Maisuari ezer esan gabe. Heriotza maisuarekin topatu eta dizipuluaz galdetu dio. Maisuak ez daki non dagoen –“taberna batean, ziur”-. Bitxia, dio Heriotzak, lau aste barru Samarkandan hartu behar dut.

Ez zuen ba Heriotza kezkatzen, maisuak dizipuluari lau aste horietan esateak, nora ez duen joan behar?

Bagdadeko morroia-4Heriotzaren keinua XIII. mendera arte ez da agertzen, bi bertsioetan, bat sufia eta bestea sunita. Bietan Salomon profetaren lagun bat da mehatxatutakoa, Canaanen, eta Indiara egiten du ihes, Heriotzaren keinua oker interpretatuta.

Horietan oinarritu zuen Cocteauk bere bertsioa, naski: “Un jeune jardinier persan dit à son prince: J´ai rencontré la mort ce matin. Elle m´a fait un geste de menace.”

Atxagaren bertsioan, berriz goiz berezia da merkatari aberats baten morroiarentzat, “Heriotza ikusi baitzuen azokan. Eta Heriotzak keinu bat egin baitzion morroiari”.

Kontalariak berak parte hartzen du keinuaren interpretazio okerrean!

Bagdadeko morroia-5Horrek piztu zidan susmoa, dena muntaia bat izan litekeela.

Baina noren muntaia? Merkatariarena, bere morroia hiltzeko? (Legeak debekatzen bazuen.) Edo morroiarena, nagusiaren menpetik ihes egiteko? (Nagusiak zaldi bat emana, gainera.)

*    *    *

Atxagaren bigarren bertsioan ezagutuko dugu morroiaren izena: Dayoub. Ispiluen jokoa erraztu nahian, naski. “Heriotza harritu egin zen behin ere ez bezala, zeren denda hartan ez baitzuen Dayoub bakar bat ikusi, baizik eta bost, zazpi, hamar Dayoub berdin ikusi baitzituen.”

Heriotzak egunean bertan bete behar du bere lana, bestela galdu egingo du aukera. Nola galdu du hainbeste denbora Bagdaden? Gau osoa behar izan du Ispahanera iristeko –morroiak zaldiz egun osoa bezala-. Bere zorionerako, izenaz gain Dayoubek badauka beste ezaugarri bat: usaia. Ispahango usai guztien artean morroiarena ezagutu du, iritsi ahala, Heriotzak. Non dago? Kalbum Dahabin ispilu saltzailearen dendan.

Ordea Heriotzak ez du bere aparteko usaimena baliatuko hor. Argia bezala usainak ere ispiluetan islatzen dira, Heriotzaren sudurrera?