Obaba files (3): Nork hil zuen Hans Menscher?

Hans Menscher-1

Eguberriak zerbaiti egiten badio ohore eta goratzarre, sinesberatasunari. Zertan sinistera iristeko gai garen eta –batez ere- diren. Besteak. Beste adin, garai, mundu… batekoak.

Konparaziora, zer sinistu zuten Hanburgoko hiritarrek Hans Menscher margolaria hilik agertu zenean, 1923ko uztaileko goiz batean, bere etxeko lorategian, laban arabiar bat bihotzean sartuta.

Hasteko, kontuz ibili behar: geu ez gara lekuko zuzenak. Beste batek kontatu digu. Idazle batek.

Hanburgoko hirikideek ere ez zuten, beren begiez, Jaddig hiria ikusi. Hans Menscherek berak kontatuta zekiten honen etxea Arabiako hiri harekin komunikatuta zegoela. Han ezagutu zuela Nabilah neska arabiarra. Maitemindu zirela. Arabiako lege zaharren kontra. Horregatik eman nahi ziotela Nabilahren familiakoek heriotza…

Gainera, denek ez zuten kontakizuna Hansen ahotik zuzenean jaso. Ahoz aho ibili zen, guri kontatu digunaren belarrietara iritsi baino lehen. Norbait anonimo. Hanburgora iritsi berria, Hans Menscher hil eta handik urteetara.

Kontuak kontu, sinestezina zirudiena, zoro baten eldarnioa, sinesgarri bihurtu zen. Hans betiko isildu zutenean, bere etxeko lorategian, bihotzean labar arabiar bat sartuta.

Bistan da, Hanburgoko poliziak ezin zuen hain froga ahulekin Hans Menscherren hilketa Arabiako poliziaren esku utzi. Hiritarrak sinetsita zeuden arren, hiltzailea ez zela Hanburgokoa, eta ez zegoela Hanburgon, Arabian egongo zela, harrezkero. Eta ez zela itzuliko, Menscheren etxea bazter eta bakean uzten zuten bitartean. 

Ez dakigu nola bideratu zuen ikerketa, Hanburgoko poliziak. Baina nik ez dut uste baztertu zuenik, printzipioz, hiltzailea, edo hilketaren bultzatzailea, bertakoa litekeelako hipotesia. Jakinaren gainean zegoena, Menscherek zer zioen, bere eldarnioetan. Edo zer zioten Menscheren inguruko zurrumurruek.

Aukera aproposa izango zen, Hanburgon norbaitek interesen bat bazuen Menscher hiltzeko. Nik zer dakit, haren margo lanak birbaloratuak izateko –lortuko ez zuena-. Edo haren etxea, haren etxeko kokapena, Binnen lakuaren inguruetan. Hilketaren oihartzuna isil zedin zuhurtasunezko epe bat pasatzen utzi besterik ez zukeen.

Edo, interesik ezean, Hanburgon norbait balego norbait akabatzeko zirrara probatu nahi zuena, edo berriz dastatu. Probokazio eta are gonbidapen gisa hartu lezake.

Urteak pasa direnez, hilketaz geroztik, gure informatzaileak garaiko kazeta batera jotzen du, bere informatzaile ezezagunak gomendatu bezala. Eta hilketaren albistea bete zuen kazetariari utziko dio informatzailearen lekua. Hau ere izena ez aipatzeko eskatu zion lagun batek informatuta.

Kazetariak galdetu ote zion bere lagunari, norbaitek galdetu zion Hans Menscheri, Nabilah eta biak zer hizkuntzatan solasten ziren? Amodioaren hizkuntzan ote?

Nabilahren familiakoek erail bazuten Hans Menscher, noiz egin zuten? Uztailaren 27ko egunsentian agertu zen hilik, Hanburgoko etxekoan. Baina Jaddigeko poliziaren ofizioak dio uztailaren 27ko gauean erail zutela, Nabilahk berak salatu zuenez.

Gainera, kontutan hartu Alemanian baino hiru ordu lehenago argitzen duela Arabian.

Ordea misterio handiena da nola geratu zen hilketa hura argitu gabe? Hanburgoko poliziak labana zuen. Hiltzaileak gorpuan sartuta utzi zuen. Seguru hatz markak ere utzi zituela, hilketak Arabiako lege zaharrei obeditzen bazien, sakrilegio bat zigortu nahian. Hiltzaileak ez zuen bere misio sakratua ezkutatuko.

Nire susmoa da Hanburgoko poliziak ez zuela hatz markarik aurkitu, labanan. Edo  aurkitzekotan, Nabilahrenak izango zirela. Izan ere, nago Arabiako lege zaharrek gizon sakrilegoa baino lehenago emakumea zigortuko zutela. Haren aurpegia edo eskuak errez –sinistu genezake-, bizirik utzi bazuten. Nabilahk aurpegia estali zuen, sare batez. Baita Hans Menscherek ere, elkartu zirenean, Hans Menscheren etxean, azken aldiz.