OBABA FILES (2): Beste ipuin bat bost minututan

Eskuak-Habibi-1

Bat-bateko bertsogintzan bezala, bat-bateko ipuingintzan 5 minutu gehiegi izan litezke. Hitzak di-da batean aukeratu beharrak dira, zirt-zart, aukera bat baino gehiagotan luzatu gabe.

Hiztegia ausaz ireki eta hitz bat –Sarea– esnatu, besteak beren lozorroan utziz. Ez hitz oso bat. Ez edozein Sare. Hitzaren adiera jakin bat soilik: sare mota, eredu, egitura, erabilera, tamaina… batto, posible guztien artean.

Gero bigarren bat: Eskua. Ongi definituta berriz: emakume baten eskuak. Emakume horri ahotsa eman. Lehen bi hitzei –Sarea eta Eskua– hitz bana lotuta –Aurpegia eta Erre-.

Emakumeak aurpegia estali du sarearekin. Eskuak erreta dauzka. Agerian. Jendeak uste du aurpegi estalia ere erreta daukala. Oso ederra izandako aurpegia.

Hori da emakumearen sekretua, sare azpian gordea: aurpegia ez daukala erreta.

Baina bigarren sekretu bat sartu da Bost minututan izkribatzeko den ipuinean. Hitz berri bati lotuta. Adjektiboa, gainera: Faltsua.

Hitz hori irakurri eta batek susma dezake ziria sartu nahi diotela.

Zein da ba, emakumearen bigarren sekretua? Jendearen gupida faltsua dela. Harro sentitzen da gupida faltsu horren gainetik. Lehen egunero lore sortak bidaltzen zizkioten hamaika gizonen maitasun faltsuaren gainetik ere harro.

Gizon haietarik bakar bat saiatu da bere maitasuna benetakoa dela frogatzen: bere aurpegia erre du. “Baina benetan, ez itxuraz” dio emakumeak. “Biok egoera berdinean” daudela esan dio gizonak, gutun batean.

Ordea biak ez daude egoera berdinean. Batetik, emakumeak ez du aurpegia erreta, benetan. Baina hori guk dakigu, gizonak ez. Ez dakien bezala emakumeak noraino duen aurpegia erreta. Noraino erre behar duen bere aurpegia. Osorik, alde bat bakarrik, parte bat orbandu… Lehen, bigarren, hirugarren… graduko erredurak.

Guk ere ez dakigu hori. Baina pentsatu dezakegu gizonak nahikoa erre duela bere aurpegia. Zer neurritan, nahikoa? Gizonak –guk ordea ez- emakumearen erredurez duen erreferentzia bakarra eskuak dira. Eta gizonak ez ditu bere eskuak erre.

Nola dakigu bere aurpegia benetan erre duen ere?

Emakumeak ez du ikusi. Gutun batean esan dio gizonak, egin duela. Eta emakumeak sinistu egin dio.

Nola sinistu dio hain errez emakumeak? Jendeak berari sinistutako tranpa bera izan litekeena. Hainbeste sinistu, bere burua benetan erretzekotan egoteraino.

Azkenean ez du egin, erreduren beldurrez. Bai momentuko erredura fisikoei. Bai gerokoari, beldurrez: maitasuna erreko ote zen, hasiera ederregi hori pasa eta eguneroko bikote bizitza arruntean murgilduta.

Gizonaren etxean elkartu direnean gizonari ere sare batek estaltzen dion aurpegia. “Bi disfrazatu bezala” maitasuna egin eta gero, emakumeak labana sartu dio bihotzean. Eta negarrez hasi da, bere buruari galdezka –“zergatik bihurtu ote zen latz nire tranpa ttikia, zein bide ilunetatik”-. Baina gizonari sarea kendu eta aurpegia ikustera iritsi gabe.

Edota ikusitakoa besteoi erakustera iritsi gabe.