Norvegiako jertsea (edo, euria ari du nire klitori gainean)

Norvegiako jertsea (edo, euria ari du nire klitori gainean)

   Etorkizuna jertse bat bezalakoa da; hasmentan, erosi berritan, ederki ematen digu; urteak iragan ahala, gero eta meharrago izaten dugu; eta, hondarrean, ez gara haren barnean kabitzen”.

Santi Leoné

Diotenez, idazkera gure nortasunaren isla da: letrak nola idazten ditugun –ttikiak edo handiak; gibelat edo aitzinat etzanak; denak elkarren ondoan, ia-ia tarterik utzi gabe, edo elkarrengandik franko bereiz; luzeak edo borobil samarrak–, horrelakoa izanen da gure izaera –atsegina, eskuzabala, xuhurra, mendekatia, depresiboa, lotsatia…–. Kontua kezkagarri samarra iduritu zait betidanik, nik ez baitut inoiz idazkera propiorik izan: nire ikaskideen kaligrafiatik gustuko nituen hizkiak kopiatzen nituen –globo formako l-ak; buztan luzeko g-ak; inprenta estiloko r-ak, eta ez kaligrafia koadernoetan ageri zirenak; i-en gaineko puntu borobil potolo-potoloak–, eta horrela osatzen nuen nire estiloa. Estilo hori, gainera, aldakor samarra izaten zen, eta bertze ikaskide baten apunteetan gogokoagoko hizkiren bat aurkituz gero, berehala txertatzen nuen nire alfabeto partikularrean, ordura artioko alearen kaltetan. Kanpoko iruzkinek ere eragina izaten zuten, sentibera eta nortasun hauskorrekoa izanik, betidanik kasu egin izan baitiet ingurukoek erraten zidatenari. Behin, lagun batek esplikatu zidan nire l haiek psikopata baten izaera adierazten zutela, eta z egiteko nuen forma adimen gutiko garun baten isla zela: egun hartan, artean maite nituen bi hizki haiek iraganeko formen trastelekura joan ziren.

Kontua da, nire idazkeraren bilakaera ikusita, nire nortasuna han-hemenka ebatsitako piezekin osaturiko puzzle aldakorra dela, benetako fundamentu handirik gabea. Horregatik poztu naiz jakin dudalarik, berriki Hanif Kureishi idazleak erran duela hamar urtetik hamar urtera bertze gu bat bihurtzen garela. Ez bat-batean, jakina: etengabe jasotzen ditugun eragin eta aldaketen ondorioz, gaur garen horrek ez du antz handirik duela hamar urte ginen bertze harekin. Halere, beti saiatzen gara aldatu ez den letra bat bilatzen, gure bizitzaren kaligrafiari batasuna-edo emateko; hau da, beti saiatzen gara gure historia pertsonala koherentziaz hornitzen, eta horretarako narrazioak asmatzen ditugu, aspaldiko ni hura eta gaurko ni hau uztartuko dituzten istorioak. Adibidez, batek kontatuko dizu berak itzaltzen zuela pospoloa, aitak edo amak zigarroa piztutakoan (eta horregatik, heldutan, suhiltzaile egin zen); bertze batek bere memorietan azalduko du, artean hiru urte zituelarik hotzikara sorrarazten ziola euskal aditz trinkoen edertasunak –“garai hartan, amak erraten zidan: ‘Etorri nirekin mandatuak egitera’; eta nik arrapostu hau ematen nion: ‘Ama, gustura ninderraizuke zure zereginetan, baina presaka zabiltza, eta ni zurekin joanez gero, motel-motel genbilzke denda batetik bertzera”– (eta hura, bistan, euskaltzain bihurtu zen); eta hirugarren batek onartuko du behin ere hutsik egin gabe gezurretan aritzen zela jendearengandik nahi zuena erdiesteko (eta hura politikan sartu zen azkenean). Etengabe aldatzen ari bagara ere, gure biografia euskarri gotor baten gainean eraikitzen saiatzen gara; eginahalak egiten ditugu iragana eta oraina lotuko dituen hari bat bilatzeko.

Kaligrafia bezala –dela egiazko kaligrafia, dela kaligrafia metaforikoa–, arropa ere berritu egiten dugu noizbehinka: hamar urtetik hamar urtera, batzuek; urtero, bertze zenbaitek; eta ba omen da hilero ere armairua berritzen duenik. Nire lagun batek, ordea, duela hogei urte erosi zuen jertse bat Norvegian, polit-polita, eta oraindik janzten du: duela guti, Donostian izan genuen bazkari batean ikusi genion, eta aitortu behar zaio xarmantki ematen diola hogei urteren buruan ere. Donostiako bazkarian, zahartzaroa izan genuen mintzagai (tira, ez zahartzaroa bakarrik, baita gaia alaiago batzuk ere). Mahaiaren alde batean, hogeita hamar urteko gazteak ziren, eta bertzean, berrogeita hamar urteko jende heldua (ni, nire berrogeita bat urterekin, erdian gelditu nintzen, inorena ez zen lurralde batean, baina zin dagizuet ez nuela nahita egin, kasualitate hutsa izan zela, goiz hartan ez nintzela etxetik adin horrekin abiatu bazkarian nabarmen gelditzeko asmoz).

Norvegiako jertse ederra jantzita, nire lagunak zahartzaroari buruzko bere teorizazioa bota zuen, bere estilo aukeran hanpatuxean eta bere erre guziak sentsualki ahoskatuz. Ongi ulertu banion, gure nahiak lekuz kanpo daudelarik ailegatzen da zahartzaroa, dena inoiz baino gehiago desiratzen dugun arren. Gure desirak zilegi edo onargarri izateari utzi eta ingurukoek desira hori lizunkeria gaitzesgarriarekin nahasten dutelarik (eta, bat-batean, oroitu nintzen aspaldi honetan, Iruñeko ostatu batera irakurtzera joaten naizelarik, kafea eskatzean saiatzen naizela irribarre zabalegia ez egiten zerbitzari eder baina gazte-gazteari, badaezpada ere). Eta, aldi berean, zahartzaroa ailegatzen da gure gustuak inposatzeko ez gaitasuna edo boterea baina bai legitimitatea galtzen dugularik: nire laguna –gizon kultua baita, poesia irakurtzen dutenetarik– zera erran zuen, hogei urteko poeta batek “euria ari du nire klitori gainean” idatziko balu, nor naiz ni hori ausartegia dela erratera? Eta, tupustean, klimatologiari egindako erreferentzia hark pentsakor utzi ninduen, eta, Norvegiako haren jertse zoragarriari begira, burura etorri zitzaidan behin Santi Leonék erran zuen esaldi bat (tristexko omen dabil gure Santi, atzo egun gogorra izan baitzuen, eta horregatik ekarri dut haren aipu bat hona): etorkizuna jertse bat bezalakoa da; hasmentan, erosi berritan, ederki ematen digu; urteak iragan ahala, gero eta meharrago izaten dugu; eta, hondarrean, ez gara haren barnean kabitzen. Nire laguna, ordea, bere teorizazioak gorabehera, guapo-guapo dago bere jertsearekin, atzo erosi izan balu bezalaxe. Akaso, letrekin bezala, kontua baita arropa ongi hautatzea.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

2 pentsamendu “Norvegiako jertsea (edo, euria ari du nire klitori gainean)”-ri buruz

  • Poema-ataltxo hori (“Euria ari du nire klitori gainean”) 20 urte baino gehiago zituen emakumezko euskal poeta batek idatzi zuen, ez?

    • Santi Leoné 2014-01-27 02:29

      Bai. Ez da, halere, testuko lizentzia bakarra: argazkikoa ez da nire lagunaren jertsea, eta, lagunaren figuran, egiazko bi lagun bildu ditut.