Nola esan agur, geratzekoa denari

Xabier Lete

Xabier Leteren heriotza kontu iragarria zen aspalditik. Egia esatera, zenbat aldiz ez ote gara harekin kezkatu azken urte hauetan: erietxera eraman dutela, behealdia daukala, ezin duela etxetik irten, makal dabilela… Eta hala genbiltzala, Lourdes joan zen.

Xabier, egia esanda, loratu egiten zen noizean behin eta berarekin zerbait egiteko eskatzen genionean (elkarrizketaren bat edo), uzkur agertzen zen ia beti, baina osasunagatik baino, berak zer kontatuko zigun ez omen zeukalako argi.

Gero, ordea, hasten zen eta ez zekien bukatzen. Nola, gainera. Inor gutxiri ezagutu diogu haren etorria bezainbesteko ibai ederrik, sentiberatasuna ere bereizikoa, eta guztia gutxi bailtzan, errealitatea aztertzeko begi zorrotz bezain egiatia.Beti iruditu zaigu harrigarri, begirada berean nola zekien nahasten ezkortasun eszeptikoa, baikortasun bitaminatuarekin.

Horregatik eman zigun min iaz, Euskadi Sarien karietara egin zioten lotsamangarrikeriak, Bilbon, EITBko egoitzan. Berak egundoko hitzaldia eman zuen Lopez Lehendakariaren aurrean, bi komunitaeen arteko zubigintza hartu zuelarik gai. Erdaraz egin zuen, gainera, hitzaldiaren zatirik handiena kortesia berebizikoa erakutsiz… Alferrik, ordea, poemak gaizki eta lotsagarri irakurri zizkioten eta hori ahuntzaren eztula bailitzan, hitza moztu behar ziotela idatzi zuen gero blog batean, orain Asociación de Escritores Vascos delakoaren gobernuan dabilen batek. Ez escritore eta ez vasco, jakina: putza, horixe baizik ez. Bihotza Leteren lur honetan baino, beste atzerri batean daukana, baldin eta bihotzik badauka.

Ekitaldiaren arduradun haiek ez zekiten —eta ez dute jakingo oraindik— Xabier Lete nor den ere. Edo ezagutuko dute egunkarietan ikusitako argazkiren batetik. Gehienez ere. Eta geratuko dira “un gran poeta y mejor hombre” bezalako topikoetan, hor zehar entzun dituztenak errepikatuz, Lete ahotan hartuta, eurak prestigiatzen direlakoan. Beude.

Guk ez dugu adiorik nahi. Lete ez baita inora joan edo joango. Haren poemetan hezitu garenok, haren kantuetan eztitu garenok, haren hitzetan ezagutu garenok, ez dugu nahi adiorik. Geratzeko ditugu Xabierren hitzak, inora baino, geure baitan tinkoturiko harkaitzak bailiran, Aiako harriaren granitoz egindakoak eta, aldi beran, Bianditzeko muino emeetako gozamena ekartzen dakiten horietakoak.

Ur garbia bilatuko dugu geuk ere, erreka zikin hauetan, amets haundirik gabeko bat-bateko librakuntzetan sinetsi ez arren, bai baitakigu urrea eta gorotza bereizten. Poeta tristeak ederki erakutsi zigun hori, haren irakurle eta entzule izateko zoria izan dugunoi. Utikan ziraunok! Utz gaitzazue geure samin eder hau gozatzen, haren kantuak milagarrenez entzuten, haren poemak geure begietan ostera urtzen. Leteren lana ez baita inora joango den horietakoa, geure baitako arragoan geratzekoa da, zorionez.

Artista handiari zor zaion esker ona baizik ez, Xabier.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)