Durangoko Azokan ez ezik, nobedadeak zinema aretoetan!

Estreinaldiak: Abenduak 8

Egilea: Maialen Goñi

.

The Journey

Veneziako zinema jaialdian, lehiaketaz kanpo, aurkezu zuten iragan irailean Nick Hamm zinegilearen The Journey proiektua. Ipar Irlandako bake prozesuan, 2006an, jazotako gertaera erreal bat du oinarrian filmak. Izan ere, Sinn Feineko buru Martin McGuinnessek eta Ian Paisley unionistak bidaia bat egin behar izan zuten elkarrekin. Gertaera hark historiaren bilakaeran eragin handia izan zuen ondorengo hilabeteetan. Colm Meaney eta Timothy Spall aktoreek gorpuztu dituzte bi politikariak.

.

Bamui Haebyunaeseo Honja (En la playa sola de noche)

Hong Sang-soo zinegile hegokorearrak zuzendutako Bamui Haebyunaeseo Honja drama erromantikoa, ostera, Berlingo zinema jaialdian estreinatu zuten urte hasieran, eta Kim Min-hee protagonistak emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen bertan egindako lanagatik. Filmean, halaber, Younghee izeneko aktorea gorpuztuko du. Ezkondutako gizon batekin abentura bat izan ostean, atseden hartzea erabakiko du, eta Hamburgora joango da. Baina ez du atzean utzitakoa ahaztea lortuko. Kritika bikainak jaso ditu nazioarteko jaialdietan ohikoa den Sang-soo zinegilearen filmik berrienak.

.

Sagu eta Pagu

Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez, Saguren, Paguren eta lagunen abenturez euskaraz gozatzeko aukera izango dugu gaurtik aurrera. Izan ere, film turkiarrak lehorte bati aurre egin beharko dioten animalien istorioa kontatuko du. Dortoka batek gidatuta, altxorraren bila abiatuko dira ura eta jatekoa eskuratu ahal izateko. Durangoko Azokako Irudienea gunean estreinatuko dute lehenik proiektua.

.

Suburbicon

George Clooney kameraren atzean jarri da beste behin ere 50eko hamarkadan girotutako komedia beltza osatzeko. Kameraren aurrean, aldiz, Matt Damon, Julianne Moore, Óscar Isaac eta Glenn Fleshler, besteak beste, jarri ditu. Suburbicon izeneko herri lasaia gizateriaren onenaren eta txarrenaren isla da. Etxe batera indarrez sartuko dira, eta une horretatik aurrera, ustez perfektua den familia bat, xantaiaren, mendekuaren eta traizioaren kiribil arriskutsuan murgilduko da. Zenbait adituren hitzetan, filma noraezean ibiliko da.

.

Fe de etarras

Borja Cobeagak Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen komedia beltza, Netflixen ez ezik, zinema aretoetan ere izango da ikusgai bihartik aurrera. Javier Cámarak, Julián Lópezek, Miren Ibargurenek eta Gorka Otxoak osatutako ETAko komandoak Madrilgo pisu-franko batean igaro beharko du 2010eko uda, atentatu bat burutzeko aginduaren zain. Garai berean Hego Afrikako Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ariko da, eta Espainia finalera helduko da.

.

Estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!

Estreinaldiak, zinea, zinea.eus, zinema
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude