Niko Etxarten kontzertua Pausuko Xaia ostatuan

Niko Etxarten kontzertua Pausuko Xaia ostatuan –

Urruña eta Irungo lurretan banaturik, Bidasoa ibaiaren bi ertzetan, Pausu edo Behobia izeneko auzoan, Lapurdiko aldean, bada Xaia izeneko ostatu zahar eta ospetsua, 2020an ehun urte, ostatu gisa, bete izan zituena. Hori dela eta, ostatua kudeatzen duen Bakalau Elkarteak kontzertuz, mintzaldiz eta era guztietako ekitaldiz osaturiko egitarau zabal eta aberatsa prestatu zuen. Hasieran aski ongi, inolako arazorik gabe eta arrakasta handiz burutu zituzten programatutako ekitaldiak, baina halako batean Txinako birus tristea iritsi zen gurera, eta akabo bizimodu normala!

Niko Etxarten kontzertua Pausuko Xaia ostatuan
Arg: Mixel Dhers

Gaitz berriaren zabalkundeak trabak, mugak eta era guztietako oztopoak ekarri zituen Euskal Herri osora, eta baita Xaia ostatura ere, prefosta! Hurrengo bi urtetan, halanola, tirriki-tarraka, modu erdi klandestinoan batzuetan, isilpeko legearen azpian besteetan, prestatutako egitaraua burutu zen. Haatik, bazen kultur ekitaldi bat, gauza batzuengatik eta besteengatik gibelatu behar izan zena, behin eta berriz: Niko Etxart kantari xiberotarraren kontzertua. Niko Etxartek zenbaitetan halako kontzertuak Xaian eman baditu ere, nehoiz iristen ez zen oraingo honen aiduru ginen Bidasoaren inguruetako herritarrok. Azkenean, aurtengo ekainaren 3an, ostiralarekin, gozatu ahal izan genuen Nikoren kantu alai eta goxoez, eta nola, gainera!

Ostatuko Beñat Elizondo arduradunak erran zigunez, astebete lehenago jadanik, ez zen tokirik afari-kontzertura etortzeko. Hala eta guztiz ere, jende ainitzek kafe hartzera hurbilduko zela aipatu zioten. Eta horrela izan zela baieztatu ahal izan genuen afaltiar guztiok, ostatua leporaino betea egon baitzen.

Aipatu ostiralean, arratseko 7etan Xaiara hurbildu nintzen gau ederra pasatzeko asmoz. Ate ondoko barnealdean bazen mahai bat eta bertan hainbat kultur ekoizkin saltzen zituzten: kantu-liburuxkak, Xutik taldearen azken diskoak eta Urruña aldizkariaren 3. zenbaki plazaratu berria, besteak beste. Jendea barra ondoan pilatzen zen, aperitifa edanez. Bazen jada giro ederra ostatuan, geroago piztu zenaren iragarle-edo. 7,30etarako ostatua eta kanpo aldeko mahai eta kadirak jendez gainezka zeuden. Han izan ziren solasaldi ederrak, eta umore oneko uneak.

Niko Etxarten kontzertua Pausuko Xaia ostatuan
Arg: Mixel Dhers

Zortzietan, Niko Etxart, Robert Larrandabürü eta Dominika Eiheraberrik osatu hirukotea ostatura sartu zen. Lehena altzürükütarra, larraintarra bigarrena eta hirugarrena barkoxtarra. A zer hirukote aparta! A zer ahotsak! Gerora ongi dastatu eta gozatu ahal izan genituenak. Berehala jarri ginen denok gure eserlekuetan. Arduradunak erran zigunez, 160 lagun ginen han, hirukote xiberotarraren kontzertua entzuteko prest. Zerbitzariak afari goxoa zerbitzatzen hasi zitzaizkigun: sagardotegiko menua, entsalada, txuleta eta gasna. Jadanik denok pozik baginen ere, afariarekin gure bihotzak oraindik gehiago poztu zitzaizkigun, eta kafearekin eta patxaranarekin, zer erranik ez.

Handik ordu erdi batera, Niko Etxartek harrena ona egin zigun denoi, Xaia ostatuaren ehun urteurrenari amaiera emateko prest zegoela azalduz. Horrela irri artean ginela, lehen kantua entzun ahal izan genuen: Argizagia.

Han ginenok, Nikok horrela eskaturik, beraiekin batera abestu genuen. Horratx lehen kobla:

 

                      – Argizagiak argitzen dizü gaüa zohardi denian,

                        ene maitia ikusi nizün dantzan plazaren erdian,

                        izar batek bezala argitzen zizün jente ororen artian.

 

Hura izan zen zirimola alegera baten hastapena. Afariak aitzina jarraitu zuen, eta tarteka kantariek bizpahiru kantu eder abesten zituzten, xiberotarrak eta baita bestelakoak ere. Ez ziren faltatu Txoriak txori eta Xalbador izeneko kantu ospetsuak edota So bat, Besta, Musde Urrutia eta Euskal Herrian rokanroli. Azken abesti horrek jadanik pil-pilean zegoen giroa bere gehien gradura igoarazi zuen, Beñat Etxepare berak erranen zuen bezala. Hura giroa, haiek kantak, hura gau errepika-ezina!

Eta bukatzeko nola ez: Partitzeko tenorea. Horratx lehen kobla:

 

                     – Orain düzü ene maitia partitzeko tenoria,

                       hasperena bihotzian eta nigarra begia,

                      tristüratan bizi behar dizüt ene denbora güzian.

 

Baina han Xaian, gau hartan bederen, ez zen neholako tristurarik, sekulako giro alaia baizik. Nikok eta bere lagunek kontzertu mundiala eman zuten, luzaz Pausun, eta Bidasoren bazterretan oroituko dena. Bai horixe! Beñat Elizondo ostalerrak erran zigunez, ehun urteurreneko programazioa jadanik bukatua zen, eta tenorea iritsia zen berrehun urteurrenerako egitaraua prestatzen hasteko. Hala bedi eta belaunaldi berriak ikus eta goza bezate! Milesker, Niko, Robert eta Dominika, ekainaren 3ko gauean, Xaian ginen guztion bihotzak modu horretan pozteagatik. Bihotzez preziatzen dizuegu. Biba zuek!

Niko Etxarten kontzertua Pausuko Xaia ostatuan

Niko Etxarten kontzertua Pausuko Xaia ostatuan
Niko Etxarten kontzertua Pausuko Xaia ostatuan  Niko Etxarten kontzertua Pausuko Xaia ostatuan 

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude