Neskatoak, uda eta rock&rolla!

Ainara Legardon, Napoka Iriako Miren edo Anari bezala, neskatoa bazara eta rock&rolla maite baduzu, aukera ezin aproposagoa duzu uda honetan Zarautzen, LouRock udalekuetan.

Neskatoak, uda eta rock&rolla!Zortzi eta hamasei urte bitarteko neskatoentzako rock udalekua uztailaren 27tik abuztuaren 1era izango da Zarauzko Imanol Urbieta musika eskolan eta, antolakuntzaren arabera, ez dago zertan kezkatu musika ezagutzarik ez izanda ere; “lasai! bost egun nahikoa izango dira rock izar berriak jaio daitezen”. Musika gustuko izatea eta gogo bizia izatea ei dira ezinbestekoak.

Udaleku irekia izango da, egunero goizeko 9.00etatik arrastiko 17.00ak ingurura, eta norberak bere bazkaria etxetik eraman beharko du; beste guztia, musika tresnak, soinu ekipoak eta beste, antolakuntzak jarriko ditu parte hartzaileen eskura. Udalekua MEFsst! kolektiboaren ekimena da eta 75 euro balio ditu.

2013 urtetik ekintza ezberdinak antolatu ditu MEFsst! kolektiboak, “rock eszenan emakumeen presentzia normalizatzeko eta era berean rock-aren bidez gure buruak indartu eta ondo pasatzeko”, beraien berbatan. Eta… zergatik udalekua soilik neskei eskainia? “Gaur egun rock eszenan oraindik ez delako lortu emakumeen presentzia normalizatzea eta hori lortzeko ekintza positiboak egitea beharrezkotzat jotzen dugulako”.

Udalekuak ez du helburu makala: “Jasotako nozio musikalekin, taldearen babesarekin eta norbere buruagan konfiantza irabaziaz udalekuko azken egunean publiko aurrean abesti propio bat jotzeko gai izatea da, nahiz eta udalekuko lehenbiziko egunean inolako musika ezagutzarik ez izan. Xedea, beraz, ez da musika instrumentu batean trebakuntza bikaina garatzea, desira dena egikaritzeko baliabideak sustatzea baizik”.

Hogeita hamabi neskentzako tokia dago udalekuan eta izen ematea zabalik dago jada, ekainaren 14ra arte, hemen (zalantzak argitzeko deitu 655 711 368 edo 600 098 582 telefonora edo jo lourockudalekua@gmail.com e-postara).

 

Programa:

8:45   – 9:00 Ongi etorria.
9:00   – 10:00 Goiz jolasak eta beroketa.
10:00 – 11:15 Tailer musikala (Abestien sorkuntza/Instrumentu klasea/ Musika lanketa).
11:15 – 11:30 Atsedena.
11:30 – 12:45 Tailer musikala (Abestien sorkuntza/Instrumentu klasea/ Musika lanketa).
12:45 – 13:30 Bazkaria.
13:30 – 14:00 Bazkalosteko jolasak/Talde gonbidatuaren kontzertua.
14:00 – 15:15 Talde entsegua.
15:15 – 16:30 Tailer ez musikala (Gorputz espresioa, irratigintza, serigrafia…).
16:30 – 17:00 Agurra.

Udalekuak, 80 eta 90eko hamarkadetan besteak beste O.K. Korral rockabilly taldearekin oholtza zapaldu zuen Lou Olangua zarauztarrari zor dio izena, “omenaldi xume” gisara. 2013an zendutako abeslaria “neska bakanetarikoa izan zen inguru hauetako eszenatokietan; gure oroimenetan, ordea, Louk bizi-bizirik dirau”.

MEFsst! kolektiboak azaltzen duenez, “2001eko udan, Oregon-eko Portland Unibertsitatean neskei zuzendutako lehendabiziko rock udalekua antolatu zen. Nesken rock udalekuen mugimendua handituz eta zabaldu doa ordundik; lehendabizi AEB-etako hiri ezberdinetara (gaur egun 50 hiri inguru), ondoren Europara (Suedia, Islandia, Alemania, Austria, Erresuma Batua eta Frantzia) eta azkenik Brasilera (Sorocaba, Sao Paulo estatuan) zabaldu da. Zenbait hirietan, neskentzat udalekuak antolatzeaz gain emakume helduentzat ere antolatzen dira, eta baita ikasturtean zehar ere, eskolaz kanpoko ekintza bezala”.

musika, neskak, rock&roll, udalekuak, Zarautz

9 pentsamendu “Neskatoak, uda eta rock&rolla!”-ri buruz

  • Ez dakit zuei, baina niri zorakeria galanta iruditzen zait adin horietako umeak bereiztea. (8 urterekin, mesedez!) Batzuei aukera bat ematea eta besteei ez bere sexua dela-eta.

    Adin horretakoak ez dira gauza hausnarketa politiko bat egin eta nesken rol ezarpenei aurre egiteko dela ohartzeko. Zergatik ez da egiten bi sexuetakoak batera jarduteko saiakera? Erdi eta erdi? (Donostiakulturako gitarra ikastaroan neska-mutilak ziren eta neskek bakarrik jo zuten urte-amaierako jaialdian. 8 bat. Harritzekoa, ezta?)

    Nire ustez, jasoko duten mezua zera da: normala dela jendea bere sexuaren arabera bereiztea. Neskak bereziak direla. Laguntzatxo estra bat behar dutela.
    Konturatzen ari al zarte, Opusekoak eta SEXU-BEREIZKETA EGITEN DUTEN ESKOLAK KRITIKATZEN DITUGULA GUPIDARIK GABE, gero guk, “aurrekoiok”, gauza bera egiteko???

    Futbolean bi sexuetako gaztetxoak elkarrekin aritzea aurrerapausutzat izaten dugu. Baita feministengatik ere. Komunak orain mistoak izan behar omen dira (eta ados nago). Nahiz eta ziur nagoen, mistoak balira bereiziak aldarrikatuko liratekeela.
    Kontua da sexismoari aurre egiteko badirudiela beti alderantzizkoa egitea dela iraultzailea. Mistoa bada, bereizketa egin! Diskriminatzailea bada, elkartu! “Mi no entender nada”.

    Ez dakit Zarautzen zer eragin izango duen horrek. Baina nik horrelako mutil umekoskor ilusioz betea izan eta haren arrebak parte har dezakeela ikusi eta berak ez… Sutan jarriko ninduke. Sutan jartzen naiz jada.

    Badakit justifikazioa aurkituko dutela. Feminismoa mainstream bihurtu da eta denak balio duela dirudi. Berdintasunerantz gindoazela uste nuen. Orain ez dakit nora goazen

  • Umeei sexismoa irakasten. Adoktrinamendua, misandria… Gero sexuen arabera bereizitako eskolak edo enpresetaz kexatuko dira. Feminismoaren azken hatsa.

  • Egia da etorkizunak ez lukeela horrelakoa izan behar (neskak alde batetik eta mutilak bestetik), baina, baliteke, etorkizunean berdintasuna lortzeko bide bat izatea.
    Kirolean bezala, musikan ere (batez ere Rock, Ska etab. bezalako generoetan) emakumeen presentzia ez da hain nabaria, nahiz eta emakumezkook gogoa izan. Eta niri ondo iruditzen zait horrelako ekintzak egitea, emakumeok ere tabla gainean bukatu dezagun, nahi izanez gero.
    Irakurri nuenean asko gustatu zitzaidan ideia. Hala ere, egia da, hobe dela ekintza mistoak egitea. Baina, proiektuaren hasiera izateko ondo iruditzen zait emakumeentzako soilik izatea. Agian, aurrerago misto bihurtzen da, nork daki.

  • Rosetta Tharpe 2015-06-02 18:26

    Zenbat emakume ikusten dituzue taula gainean rock kontzertuetan? Zein rol betetzen? Jarri al zarete pentsatzen zergatik den hori horrela? Aurreko iritzi emaileok zer erantzuten diozue galdera hauei?

    Bestalde, sutan jarri aurretik… udaleku mistoa nahi duenarentzat ere bada aukera uda honetan, Getarian (Zarauztik 3 km-ra), Gure Bazterrak-ek antolatua:
    https://heziplus.eus/plus/1090

    Ondo segi.

    • Zuk galderetan botatzen dituzunak egiak dira. Eta argi dago rol-banaketa errealitatea dela. Baina hau da horren aurka borrokatzeko modua?

      Zuk adin horretako ume-moko mutil bat bazenu (pentsatzen dut ez duzula) imaginatzen duzu zure burua horren zergatiak azaltzen? Ulertuko lukeela uste duzu? Hark sentituko duen minak eta kulpa-sentimenduak merezi du? Alaba bazenu ere, ulertuko luke?

      Zeinena da proiektua, haurrena ala antolatzaileena?

      Gaur egun, unibertsitatera zoaz eta neskak mutilak baino gehiago dira. Edozein ikastaro, proba, azterketa… hizkuntzakoak… eta neskak barra-barra daude. Eta hori ez da lortu segregazioarekin edo diskriminazio “positiboarekin”. Zergatik hemen bai?

      Segregatze kontu honetan uste dut oso gustora daudela feministak. Askoz “askatasun” gehiagorekin lantzen omen dituzte gaiak. Boterea lortzen ari dira (ahalduntzea edo jabetzea baino gehiago). Baina, horrela zen hain zuzen, elkarte gastronomikoetan. Gizonek lasai-lasai hitz egin zezaketen lagun artean emakumeen begiradarik, epaiketarik edo xantaiarik gabe. Ados al gaude horrekin?

      Eta nire galderak dira: Diskriminazio “positiboaren” kontu hau mementuko neurria bada, nork eta noiz erabakiko du berdintasunera iritsi garela? Zuek? Zuen alabek? Hilobek? Nork dio ez direla oso gustora egongo dauden bezala eta pikutara parekidetasuna eta berdintasuna? Pikutara mutilak? Ez al da gertagarri berdintasun-egoerari etengabe uko egitea izango dituzten “pribilegioei” eusteko? Ez al da patriarkatua betiko komodina bihurtuko…

      Diskriminazio positiboaren alde zaudeten guztioi proposamena luzatzen dizuet:

      UMEEN ZAINTZA EMAKUMEEN ESKU DAGOENEZ, HILEAN ASTE BAT AITAREKIN EDO OSABA, AITONA… GIZONEN ZAINTZAPEAN BAKARRIK EGOTEA, AMA IKUSI GABE. Ziur haiekiko lotura estuagoa garatuko luketela umeek.
      BERDINTASUNA LORTU ARTE.

      PD: Eta ez esan Getarian badagoela beste udaleku bat, mesedez! Ez du zerikusirik. Diskriminazioaz ari gara. Zuk erabaki behar duzu nora joan behar duten besteen umeek ala?

  • Usteak Erdiak Egi 2015-06-02 20:27

    Emakumeek ez dute parte hartzen, beraz goazen mutikoak marginatzera!

    Mutikook beti ordaindu behar izan dugu emakume helduen alperkeri eta utzikeria.

    Feminismoak gizonen aurka ezin duenez mutikoen aurka egiten du. Ahulen morala.

    • Zureak bezalako iritziek lotsarazten naute mutil naizen aldetik. Eraikitzailea izan beharrean pozoia zabaltzen. Nazka

  • Usteak Erdiak Egi 2015-06-02 20:29

    Ba al daki inork honelako ekintzak legalki debekatu daitezkeen? Hala bada mesedez esan zer legedi urratzen duen. Umeen eskubideen kontra doa zuzenean eta debekatu behar da. Eta ume transexualek? Parte har dezakete? Zakil gorrotatzaile hauek espetxera bidali behar ditugu.

  • enekolizundia 2015-06-08 16:31

    Beraz, Feminsten aburuz Opus Dei-ren eredua (“educación diferenciada”) da Euskal Herriko aurrentzako egokiena hezkuntzarako.

    http://www.asociacioncooperadoresopusdei.org/index.php/familia-y-educacion/120-educacion-diferenciada-disminuye-el-fracaso

    Hamaika ikusteko jaioak gara!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude