Nerea Olaziregik “Wish You Were Here” (Kafe Aleak)

Nerea Olaziregik “Wish You Were Here” (Kafe Aleak)

7884581148e30ccb73a24dfa45b62e09_XL

.

Pink Floyd

“Wish You Were Here” (Harvest/EMI, 1975)

.

Kola Kao eta galletak

Astelehena da, goizeko 8:00ak. Soinu Sistemak eta Baliabide Teknikoak. Izen luzeegia ikasgai baterako, SBT esaten diogu. Bozgorailuen ezaugarriekin hasi gara gaur. Hogei minutuko kontua izan behar zuena luzatu egin da. Inpedantziaren errua. Termoa eta galletak zain ditugu mahaiaren gainean. Gaur palmera txikiak eta txokolatezko pasteltxoak ekarri ditu Asierrek. Eta kola kaoa. Kafearekin hasi ginen baina kola kaoak arrakasta handiagoa omen du gazte hauen artean. Hogeita piku dira, neska bakarra. Aurten inoiz baino neska gutxiago Soinuan.

Astelehen batean izan zen gure lehenengo saioa eta ordutik ez du inork kale egin. Aurreko larunbatean Gernikara joateko proposamena egin zidaten Olatzek eta Patxik. Kafea eta Galletak genituen gaztetxean. Anarik jo behar zuen. Han agertu ginen. Berandu baina Nick Caven kantuak Anariren ahots eder horretatik entzuteko garaiz. Itzela benetan. Ezagutzen nuen ekimena, kristoren ideia zela pentsatzen nuen, baina zuzenean ikusitakoan, edo hobeto esanda, entzuterakoan…txundituta geratu nintzen. Zer entzuten du Anarik? Zer gustuko du? Eta Fermin Muguruzak? Ruperrek? Aiora Renteriak? Eta zer entzungo du Jonasek? Andreak? Aitorrek? Mikelek?…Burua berehala institutura joan zitzaidan, klasera. Ikasle gehienak musikazaleak dira, talderen batean jotzen edo abesten dute, asko eta asko horregatik ari dira Soinua ikasten. Ordu asko pasatzen ditugu uhin mekanikoei buruz hitz egiten, ekualizadoreak, mikrofonoak, nahas mahaiak, akustika, konpresoreak, efektuak… eta musika? Gure bizitzen soinu bandak norenak diren jakiteko aukera paregabea izan zitekeela pentsatu nuen, interesgarria iruditzen zaigun hori, gainontzekoekin partekatzeko aukera eskaintzen zigun Gernikako gazte hauen ekimena, soinu teknikari batek behar duen formazio musikala, ikaskideen bitartez jasotzeko aukera ezin hobea.

Neu izan nintzen lehenengoa, Anarirekin. Gernikatik ekarritako beroaldia aprobetxatu nuen ikasleen aurrean apur bat biluzteko. Ordutik astez aste nahi duenak bere saioa prestatzen du: Johnny Cash, No Konply, Cock Sparrer eta Komaren doinuz busti ditugu astelehenero klaseak. Eta gaur, Asierren txanda da.

Plastikozko poltsa batetik bideoak eta CDak atera ditu. Pink Floyd talde britainiarrarenak dira. Hasieran gustuko ez zuela aitortu digu, baina orain bere musikak liluratuta dauka. Eta igartzen zaio. Beraien estilo psikodelikoari buruz ari da, rock abangoardista, taldearen bilakaeraz mintzatu zaigu. Syd Barret taldeko gitarristaren istorioak interes berezia piztu du. Taldearen liderra izan zen Barret hasierako urteetan, “jenioa”, Asierren esanetan. Baina LSDak “bandaren arima” harrapatu zuen eta taldea utzi behar izan zuen, bere lekua David Gilmouri utziz. Orduan Roger Waters baxu-jotzaileak hartu zuen taldearen lidergoa.

Nerea Olaziregik "Wish You Were Here" (Kafe Aleak)Wish You Where Here diskoaren “Shine on You Crazy Diamond” entzun dugu, Barreten begiei dedikatutako kanta dela esan digu Asierrek. Isiltasuna da nagusi klasean. The Wall albumaren zuzeneko kontzertuak ere Barretenganaino eraman gaitu. Harresiak eraikitzen ditugu pertsonok besteengandik babesteko. Barreten bizipen latzak harresiaren berunezko adreiluak omen ziren. Geuk ere geureak ditugu. Publikoarengandik babestu nahi omen zuen Watersek. Ikasleengandik irakasleak. Edo alderantziz. Baina astelehenetan gure artekoan zirrikitu batzuk irekitzen direla uste dut. Kola kao eta galleta batzuk hartzen ditugun bitartean baino ez bada.

Pink Floyden musikan barrenean jarraitu dugu, Asierren gidaritzapean. Kanta gehiago, komentarioak, galderak, zuzenezko kontzertuak, espektakulu ikaragarriak. Liskarrak taldean eta azkenean banaketa. Taldearen izena bereganatzeko borroka legalari ekin zioten Waters eta Gilmourrek. 2005eko uztailaren 2an ikusi ahal izan zen talde osoa azkenengo aldiz pobreziaren aurkako Live 8 ekitaldien barnean. Londresko Hyde Parkeraino eraman gaitu Asierrek, egun horretako kontzertua erakutsiz.

Amaiera itzela… Txirrinak jo du. Erandioko Tartanga institutuko txirrin desatsegina. Orduro entzun behar duguna. Baina astelehenetan ikasleek ez dute atsedenaldira berehala alde egiten, txalo zaparrada batekin bukatu da gure klasea.

.

Nerea Olaziregi (Deustu,1972) musikazalea

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Nerea Olaziregik / Nerea Olaziregik / Nerea Olaziregik