“Zutik!”, natura zaintzearen garrantziaz

“Zutik!”, natura zaintzearen garrantziaz –

‘Zutik!’ euskarazko animaziozko filma, gaurtik aurrera zinemetan ikusgai.

Iker Alvarez eta Haizea Pastorrek zuzendutako filmak, batik bat, natura zaintzearen garrantzia eta teknologiarekiko menpekotasuna lantzen ditu, eta gidoia Yurre Ugartek, Segundo Altolagirrek, Fernando Salemek eta Matias Goldbergek idatzi dute. Baleuko SL ekoiztetxeak Mexikoko Polar Estudio eta Brasilgo Tortuga Estudios ekoiztetxeekin elkarlanean ondutako luzemetraia bihar egongo da ikusgai Euskal Herriko zinemetan.

"Zutik!", natura zaintzearen garrantziazFamilia osoarentzako filma da Zutik!, eta, besteak beste, eskuzabaltasuna, adiskidetasuna eta naturaren defentsa sustatzea du helburu. Fantasiazko eta abenturazko mundu baten murgiltzeko leihoa da Zutik!, egungo gizarte modernoak teknologiarekiko duen gehiegizko lotura, eta ondorioz, naturarekiko duen deskonexioaren inguruan hausnartzeko gonbita. Pelikula jatorrizko bertsioan, euskaraz, estreinatuko da hilaren 22an Euskal Herriko zinematan.

Bi mundu antagonikoren inguruko istorioa da Zutik!. Batetik, iratxoek osatzen eta zaintzen duten mundu koloretsua ageri da: parkea. Zuhaitzez eta landarez jositako ingurua da parkea; bertan, dena da algara, dena aniztasun, dena bizitza. Parkean bizi dira Mithy, Liz, Hur eta gainerako iratxoak. Zuhaitz beste iratxo daude. Bestetik, gizakien hiria dago. Porlanak, kutsadurak, keak eta teknologiak hartutako eremua da hiria. Eraikin altuek eta batetik bestera gailu elektronikoekin itsututa dabiltzan gizakiek osatzen dute hiria. Bertan bizi da Helene, filmaren protagonista. Heleneren aita da hiriko alkatea, eta parke naturala 5G antenaz hornitutako parke teknologiko bihurtu nahi du.

Proiektua duela lau urte sortu zen eta, tamalez, pandemiaren ondorioei aurre egin behar izan die. Osasun larrialdi betean, hiru herrialde ekoizleen arteko elkarlana korapilatu egin zen. Proiektuaren bideragarritasuna kinka larrian egon zen; izan ere, ziurgabetasunak sektore zinematografikoari, aretoei eta ekoizpen-kateari eragin zien. Proiektua osatzen zuten adarren arteko harremana birtuala izatera pasa zen. Hala azaldu du Egoitz Rodriguez filmaren ekoizleak: “Bi urtetan ez dugu aurrez aurreko bilerarik izan ekoizpen taldeen artean. Ez da erraza izan filma ixtea, une askotan sentsazioak, tonuak, keinuak… ezin partekatzearen falta somatu dugu. Komunikatzeko tresna birtualek ahalbidetu dute hartu emana; bestela, ekoizpena ezinezkoa izango zen”.

Azkenean, 3D animazioaren esparru korapilatsuan aurrera egitea lortu zen proiektuak. Era berean, filma babesten duten ekoiztetxeek (Baleuko SL, Polar Estudio eta Tortuga Estudios) Filmax banatzailearen laguntza izan dute proiektua aurrera ateratzeko. Era beran, Filmax arduratuko da filmaren nazioarteko banaketaz.

"Zutik!", natura zaintzearen garrantziaz

“Zutik!”, natura zaintzearen garrantziaz

Seriefiloa naiz.